Konposatzaileak

Preciado Ruiz de Alegría, Dionisio

Pio de Salvatierra.

Musikologo, pedagogo, konpositore eta organista. Agurain (Araba), 1919-01-19; Iruña (Nafarroa) 2007-09-14.

Bere lehen ikasgaiak bere herriko organista zen Ramon Sagastiren eskutik jaso zituen. Altsasuko (Nafarroa) frantziskotarren seminarioan sartu zen eta bere prestakuntza Zangozako (Nafarroa) nobiziatuan jarraitu zuen. 1936. urtean aldiz, bere erlijio-prestakuntza igorri zuenean, Lizarrako (Nafarroa) seminario nagusira pasa zen. Gerra Zibilean soldadu gisa aritu zen eta ondoren Iruñeko Seminarioara joan zen Teologia ikastera. 1943an apaiz ordenatu zen eta Iruñeko San Antonio komentura bidali zuten. Bertan organista eta haur kantarien zuzendari gisa jardun zuen Jose Maria Beobiderekin bere musika ikasketetak sakontzen zituen bitartean. 1949an Txilera bidali zuten eta eta Santiagoko Unibertsitatearen menpeko Musikako Kontserbatorio Nazionalean, Musika-Zientzietako lizentziatura eskuratu zuen.

Behin Espainian, Donostia, Jaka eta Zaragozako organista izan zen. 1964-65. urteetan Oxford Unibertsitateko Gray Friars Hall-en egon zen. Ondoren, Erromara bidaiatu zuen eta Higinio Anglesek zuzenduriko Musika Sakratuko Pontifize-Institutuan, Gregoriano-Kantuan lizentziatu eta Musikologian doktoratu zen. Berriz Espainian, Harmonia, Kontrapuntoa, Konposizioa eta Instrumentazioko goi-irakasle titulua eskuratu zuen. Musikologia irakatsi zuen Valentziako Kontserbatorioan eta ondoren, Madrileko Erret Kontserbatorioan, Folklore eta Transkripzio Polifonikoko irakasle numerarioa izan zen bere erretirorarte. 1980an Musika Ikerketa Sari Nazionala lortu zuen Doce compositores aragoneses de tecla del siglo XVIII lanarekin. Revista de Musicología aldizkariaren zuzendari eta Musikologiako Espainiako Elkartearen lehendakari izan zen.

  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Egile eta Editorreen Elkartea, Madril, 2000.