Arkitektoak

Ponte Picavea, Jose Antonio

Arkitektoa. Irun, 1905; Irun, 1969.

Jose Antonio Ponte Picavea arkitekto gipuzkoarrak probintzia berean lan egin zuen, batez ere Gerra Zibila ondorengo urteetan, modernotasuna eta arrazionalismoaren alde apustua eginez.

Jose Antonio Ponte Picavearen inguruko datu gutxi bildu izan dituzte oraingoz ikerlariek, baina Gipuzkoako arkitekturaren historia lantzen dituzten liburuetan, batez ere XX. mendearen bigarren herena, beti agertzen dira bere lanaren inguruko aipamenak, batez ere bereziki etxebizitzak, Gerra Zibila ondorengo urteetan alor horretan lan handia egin baitzuen. Tamalez, Ponteren lana beste arkitekto batzuekin gertatu den bezala -Joaquin Dominguez, Domingo Unanue, Jose Iribarren, Jose Luis Recarte, Raimundo Alberdi edo German Aguirre, beste askoren artean, eta soilik Gipuzkoako eremuan-, urte askotan isilpean egon da, liburu eta gida askotan tartea izanik egin zituzten eraikinengatik, baina beraien inguruko ikerketa sakonik egin gabe. Arkitekto gipuzkoar horien lana Gerra Zibila ondorengo hamarkadetan ezinbestekoa izan zen garaian hartan gizarteak hain beharrezkoak zituen etxebizitzen inguruko beharrak asetzeko. Horrez gain, beraien estiloarekin, eklektizismoari muzin eginez eta modernotasuna berreskuratuz, egun ezagutzen dugun probintziaren paisaia arkitektonikoa definitu zuten.

Jose Antonio Ponte Picavearen inguruko datu gutxi biltzea lortu dugu eta bere lanen inguruko informazioak argi erakusten digu bere ibilbidea eraikinen kopuruaren aldetik ez zela oparoa izan. Dena den, hainbat lan interesgarri egitea lortu zuen, batez ere kontutan hartuta garai hartako testuinguruak zeuzkan zailtasunak. 1929an Madrilgo Arkitektura Eskolako titulua lortu ondoren, lehen lanak jaioterrian bertan egingo ditu, Irunen eta Luis Vallet arkitekto irundarrarekin batera. Lehenengo lan horien artean Irungo Kasino Elkartearen egoitza aipatu behar da, Valleterekin batera egina. Ziurrenik urte horietan Valleten beste hainbat lanetan Pontek berak parte hartze zuzena izan zuen. Irunen ere La Palmera lantegia (1938) nabarmentzekoa da; tamalez gaur egun eraitsita dago, baina oso eraikin interesgarria zen. Azken eredu horretan, Ponte ez bazen ere guztiz arrazionalista izan, elementu gehienetan modernotasunaren aldeko joera argi utzi zuen.

Urte horietan, Ponteren lehen fasean alegia, esku hartu zuen lanetan argi ikusten da bere bilakaera; horrela Kasino Elkartean erabiltzen duen hizkuntza eklektikoa izanik, La Palmeran nahiz eta apainketei eta adierazkortasunari tarte bat eskaintzen diete, orokorrean nabarmena da garapena arrazionalismoarekiko izan dela. Berez, urte hauetan Ponte AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) aldizkariaren harpideduna izateaz gain, 1933an GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteko kidea egin zen eta elkarte honen amaiera arte 1936an Gerra Zibilaren hasierarekin, elkarte honen iparraldeko sekzioko kidea izan zen beste arkitekto gipuzkoarrekin batera -Jose Manuel Aizpurua, Joaquin Labayen, Vallet bera ere, Eduardo Lagarde edo Raimundo Alberdi- benetako arkitektura garaikidearen alde eginez, modernotasunez eginikoa arrazionalismoaren esanetara.

Baina Euskal Herriko beste arkitekto guztiei gertatu zitzaien bezala, Gerra Zibilak hogeita hamargarren hamarkadako amets guztiak zapuztu zituen. Gerra amaitu zenean berreraikuntzak, bereziki etxebizitzena lehentasuna izan zuen. Horrela, Pontek hurrengo urtetan aurrena Direccion General de Regiones Devastadas y Reparaciones (1938) eta gero Obra Sindical del Hogar (1941) erakundetan parte hartu zuen Gipuzkoako probintzian herri nagusietan etxebizitza blokeak eraikitzeko asmotan. Lehenengo erakunde horretan Joaquin Dominguezen esanetara aritu zen, eta bigarrengoan Raimundo Martiarenarekin batera. Hainbat proiektu diseinatzeaz gain, Pontek berak beste asko zuzendu, gainbegiratu eta kontrolatu behar izan zituen.

Estiloa dela eta, ia lehen eraikin guztiak Eibarren eraiki zituen, berak eta Joaquin Dominguezek herri horretako lan arkitektonikoen ardura nagusia izan baitzuten. 1941 eta 1947 artean bien artean eraikinak proiektatu eta gauzatu egin zituzten. Deskarga kaleko etxadia, Errebal kaleko etxebizitza blokea, Aranceta eta Basterrra eraikinak, besteak beste-. Ponte eta Dominguezek erabilitako hizkuntza arkitektonikoa benetan harrigarria gertatzen da. Eraikin berrietan frankismo garaiko estilo historizistak eta eklektikoak erabili beharrean, beraien eraikinak gerra aurreko modernotasuna eta arrazionalismoarekin lotzen dituzte. Zenbait elementu apaingarri txertatzen badituzte ere, nabarmenagoak dira formaren hutsaren bitartez adierazkortasuna eskaintzen duten ereduak, batez ere garaiko itsasontzia estetikaren bitartez -bereziki nabarmenena fatxadetan kurbaren erabilpenean- bat egiten dutenean. Baina bigarren fase horretan ere bere jaioterrian, Irunen, beste eraikin bat egingo du guztiz desberdina, ez bakarrik tipologiari dagokionez, baita estiloari so eginez gero ere, Iparraldeko Mugen Erakundearen eraikinean Frankismoak arkitekturari eskatzen zion monumentaltasuna eta Inperioko estiloarekiko atxikimendua -El Escorialek Espainian ordezkatzen zuen errenazimenduari- erakusten dituelako.

Bigarren fase horren ostean, Pontek ez du etxebizitzaren inguruko tipologia baztertuko, baina berrogeita hamargarren hamarkadan eraiki zituen beste ereduetan ez ditugu aurreko etxeetako elementu interesgarriak topatuko. Horrela, aurrena Zegaman 1950ean San Bartolome auzoan, eta ondoren Zumarragan Lorategi Hiria izeneko proiektuan 1956an, Ponteren etxebizitza diseinuak -lehenengoak ilara etxeak eta bigarrengoak familia bakarrekoak- ez dira hain ausartak, ez dira modernoak, baizik eta eklektikoak, neoeuskalduna izeneko estiloari jarraituz. Euskal baserriko hainbat elementu hartzen ditu eraikuntzarako, baina soilik apaindura gisa, kanpo formetan txertatzeko eta bereziki eraikinaren fatxadan.

Jose Antonio Ponte Picavea Irunen hil zen 1969ko azaroaren 22an, 64 urte zituela.