Kontzeptua

Plazak. Arkitektura

Plazek herri eta hirietan gizakiaren historiaren hasieratik oso eginkizun garrantzitsua jokatu dute. Bertan hainbat funtzio garatzeaz gain -bilerak, ospakizunak-, boterearen erakustokia izango dira. Horrela, bertan kokatuko dira ere herri eta hirietako eraikin esanguratsuenak. Plazak diseinatzeko orduan arkitekturaren historian zehar eredu eta forma asko eta desberdinak aurki ditzakegu. Bete beharreko funtzioak ere ez dira beti berdinak izan, aldatzen joan baitira, tipologiaren bilakaeran garapena gertatu delarik. Hala ere, plazak ez ditugu lehen herrietako arrastoen artean aurkituko, orduan joera nagusia etxeak harresi baten inguruan elkartzea baitzen. Horren ondorioz, bilerak edo ospakizunak gauzatzerakoan horretarako eremua harresitik kanpo eratu eta antolatzen zen, gehienetan herria inguratzen zuen esparruan bertan, zuhaitz baten azpian, adibidez. Egituratutako lehenengo plazak aurkitzeko garai klasikora jo behar dugu, Agora izenekoa Grezian eta Foroa Erroman. Horiek bai, guk plaza esaten diogun moduko espazioak izango dira, eta ez bakarrik bilerak eta ospakizunak burutzeko esparruak -politika eta erlijioarekin lotutakoak gehienbat-. Bertan ere beste funtzio militarrak eta ekonomikoak beteko dira. Berez, Erromatarrek inperioa zabaltzen eta herriak eta hiriak sortzen dituzten heinean, plazak ezinbesteko elementuak izango dira hiri-espazioa egituratzeko orduan, eta gizartea bera antolatzerakoan. Esan dugun bezala, hiriguneko eraikin esanguratsuenak bertan jasotzeaz gain, espazio horietan hiritarrentzako garrantzitsuenak ziren bilerak eta ospakizunak burutzen ziren.

Herri eta hirien orubearen formak erromatarrek diseinatuko plazak baldintzatzen zuen. Normalean orube horiek lauak izaten ziren eta bertan plazari horrelako gunea eskaintzen zitzaion. Hantxe kale nagusiak gurutzatzen ziren eta bere gehienetan lauki baten itxura izaten zuen. Plaza horiek, aipatu ditugun helburu militarrak, politikoak eta erlijiosoak betetzeaz gain, xede ekonomiko garrantzitsua ere betetzen zuten, bertan merkatua antolatzen baitzen. Horrela gauzak, Erdi Aroan zehar plazen diseinua eta funtzioa ez da asko aldatuko. Izatekotan, Erdi Aroan hiritartasuna krisian sartzen den heinean, eta horren ondorioz herri eta hirien kopuruak behera egiten duenean, plaza horien tamaina txikitu egingo da. Harresien barnealdean eraikin gehiago gauzatuko dira eta plaza horien diseinua gero eta irregularragoa izango da, hainbat eraikinek espazioa partekatuz.

Aro Modernoan plazen diseinua asko aldatuko da. Boterea bera ere gero eta absolutistagoa den heinean, espazio horiek berriro ere zabaldu eta handitu egingo dira, eraikin isolatuak jasoz eta elementu berriei aukerak emanez, besteak beste, eskulturak, iturriak edota lorategiak nabarmenduz. Bilakaera hori batez ere garai barrokoan nabarmena izango da, plaza orekatuak eta perspektiba landuak jorratuko baitira. Joera hori ilustrazioa eta liberalismoaren eskutik areagotu besterik ez da egingo, eta XVIII. mendean egun oraindik garrantzitsuak diren plaza gehienak eraikiko dira.

Aro Garaikidean, XIX. mendea bide horri helduz hasiko bada ere, aldaketa politikoei aldaketa ekonomikoak gehitzen zaizkienean, eta herri eta hirien tamaina handitzen den heinean, plazek aldaketa sakona jasan zuten. Horrela, plazak betetzen zituen hainbat funtzio beste eraikin berrietan sartzen dira -merkatuak merkataritza guneetan, bilerak areto berezietan, aisialdiko ikuskizunak beste eraikinetan, adibidez zezen-plazak-. Kaleak zabaldu eta luzatu egingo dira, hirigintza garaikidearen eraginez, eta plazak garrantzia galduko du. Asko eta asko lorategi bihurtuko dira, aisialdirako espazioak izanik.

Egoera horrek tamalez XX. mendean zehar okerrera egingo du. Kotxea herri eta hirietan agertzen denean, plazak ibilgailuek joan-etorrirako espazioak bihurtuko dira, beste funtzio guztiak baztertuz eta hamarkada batzuk lehenago lorategiei eskainitako espazioa ere murriztuz. Berez, egoera berri hori aldatzen ikusteko XX. mendearen amaiera arte itxaron beharko da, orduan herri eta hiri nagusien plazetan kotxeek atzera egingo baitute eta berriro oinezkoentzako espazioa eskainiko da. Aurreko garaietako zenbait funtzio -ospakizunetarako, merkaturako, kiroletarako- berreskuratuko dira.

Azken aldaketa horretan, plazak diseinatzeko orduan hainbat teoria, proposamen eta apustu bateratu dira, esanguratsuena "plaza gogorra" edo minimalista bezala ezagutzen den diseinua izanik. Estilo horren arabera, plazak elementu gutxi izan behar ditu eta printzipioz naturaren partaidetza mugatuta egon behar du. Plaza mota horrek bereziki XX. mendearen amaieran izan zuen arrakasta, baina orain, azken hamarkadetan, berriro gizakia eta gizartearen beharrak kontutan hartzen dituzten diseinuak nagusitu dira. Gainera funtzio gehiago bertan biltzeko asmoa agerikoa da.