Literaturakoak

Peru Abarka

Peru Abarka neoklasizismo eta erromantizismoaurrearen artean dago. Neoklasikoa da hiru unitateei, irakasteko asmoari eta generoari dagokienez. Halaber ideia eta idealei dagokienez, adibidez bizimodua zaharrek bezala antolatzea, hots, lautasun, naturazaletasun eta antzinazaletasunez: "euskaldunak bagara benetan, bizi biar dogu geure asabak erakatsi deuskubezan ekandubakaz", dio Peruk (1881, 55).

Baina, bestalde, erromantizismoaurrearen eragina nabari da: Peru Abarkan aintzat hartuak dira herri-jakintza eta bertsogintza, euskararen balioa euskaldunen berezko hizkuntza gisa, haren antzinatasuna jatorri historikoen froga gisa, etab., eta hori guztia euskaldunen originaltasunaren edo berezitasunaren erakusburutzat. Erromantizismoaurreko osagai batzuk ere agertzen dira, adibidez hiriko bizitzaren kritika, natura garbia hirietako luxuari kontrajartzea edo euskaldunen jatorri historikoen aldarrikatzea.