Literaturakoak

Peru Abarka

Mogelen arabera, euskara antzinakoa da (Babelen nahasmenduaren ondoren Tubalek Espainiara ekarria), bere jatorrian bezain garbi gordea mendeen mendeetan, eta beraz perfektua. Haren ustez, baina, antzinatasun hori ez da bakarrik eskubide historikoak defendatzeko baliagarri, euskara hori baino gehiago da: sorterriaren hizkuntza da. Horregatik gaitzesten ditu foruzaleak bai baina euskalzaleak ez direnak (1881, 186. or.); euskalzaletasuna foruzaletasunaren gainetik ezartzen du. Hona Peru Abarkako azken hitzak, ironia lazgarriz adieraziaz: "Urkatuko litukee askok euren buruak, poruko legerik txikarrena galdu ez dedin. Barriz antxinagoti jatorkun euskerea, galdu dedila ordu onean. Asko da honenbestegaz." (1881, 219, gaurko ortografian).

Peru Abarkan pentsakera tradizionalista ageri da. Alde batetik, onetsiak dira foru sistema, nekazaritza, baserritarren ohiturak eta ustezko bertuteak (lautasuna eta moduzkotasuna bizimoduan, jantzietan, jatekoetan), hezkuntza tradizionala, kanpotarrei harrera ona egitea, etab.; bestetik, hiriko bizimodua gaitzetsia da. Gizarte-maila apalekoenen ardura ere ageri da, justizia sistemaren gaitzespenarekin batera. Hizkuntza, foru-sistema, euskal gizarte tradizionaleko balioak, morala eta erlijioa elkarri lotuta ageri dira, beraz.

Peru Abarkaren asmo nagusia euskaldun kultoak euskararen balioaz jabetuaraztea izan arren, hiritarrei ere erakutsi nahi die baserri mundua eta baserritarren jakituria. Hortaz, euskal gizartea eta bizimoduaren ispilu ederra da. Bestalde, liburu enblematikoa izan da bere hizkuntza- eta ideologia- edukiagatik, bai eta polemika-iturri, ia berrehun urte beranduago ere, hizkuntza-moldeari nahiz ideologiari dagozkion kontuetan.