Literaturakoak

Peru Abarka

Peru baserritarrak eta Maisu Juan zirujau eta bizargileak elkar ezagutzen dute benta edo ostatu batean; Maisu Juanek janaria eta ostatua ordaindu nahi ez eta bentako andrea erorarazten du eta gero osatzen; handik alde eginda, Peruk bere baserrian gordetzen du Maisu Juan, eta baserriko eta olako lanak (txerri-hiltzea, lino behargintzak), tresnak eta haien izenak erakusten dizkio. Iparraldeko iheslari, giputz eta apaiz batekin hizketan aritzen dira euskarari buruzko hainbat kontuz eta Maisu Juanek ikasten ditu euskarazko kopla eta kantak, esaera zahar eta alegiak, iparraldekoen eta giputzen euskara, otoitzak etab. Jendarmea etortzen da Peruren etxera Maisu Juan atxilotzeko asmoz, etxea arakatzen du baina ez du Maisu Juan ezagutzen Peruren arropekin jantzita dagoelako, eta joan egiten da.

Peru eta Maisu Juanen arteko sei elkarrizketek, eta ondoren bi elizgizonen artekoek osatzen dute gehienbat Peru Abarka. Peru baserritarra euskaldun ona da, hau da, euskaraz ongi mintzatzen dena, baita kristau ona ere; Maisu Juan kaletarra, ordea, euskaldun txarra, hau da, euskara traketsa darabilena, eta hala-holako kristaua. Egileak bere ideiak Peruren ahotan ipintzen ditu Maisu Juan unibertsitatean ikasitakoarekin autuan edo eztabaidan arituz. Fr. Pedro eta D. Juanen arteko elkarrizketa berezia da: gaiek (euskal liburuak argitaratzea, latinezko klasikoen itzulpenak), pertsonaiak (Añibarro eta Mogel bera irudikatzen dute) eta tonu gorako mintzamoldeak adierazten dute elizgizonei zuzendua dela.

Beraz, bilbe bakun batez josiak dira elkarrizketak eta gertaldi edo gertirudiak, eta istorio bat kontatzen da. Baina Peru Abarka ez da, adiera hertsian, ez nobela bat, ez antzerki bat eta ez saiakera bat, zerbait bitartekoa baizik. Baditu beste atal osagarri batzuk ere: gaztelaniazko hitzaurrean egileak bere ideiak azaltzen ditu, eta azken atalean, egilearen ustez irakurleentzat ulerkaitz samarrak izango ziren 300 bat hitzen esanahia ("Nomenclatura de diferentes voces bascongadas, comunes a los rústicos e ignoradas por no pocos de los bizcainos").

Mogelek elkarrizketa edo solas (dialogoa) generoa aukeratu zuen, irakasteko eta pertsuaditzeko egokia zelako. Genero horrek arrakasta izan zuen antzinate klasikoan eta berpizkundean. Hain zuzen, J. L. Vives-en elkarrizketak eredutzat hartuz idatzi zuela aitortu zuen Mogelek (Exercitatio Linguae Latinae, 1538-1539). Generoak harrera ona izan zuen XVIII. mendean ere, neoklasizismoarekin, modu atseginez irakastea bilatzen zuelako eta, izan ere, Peru Abarka atsegina da, kritikariek aho batez aitortzen dutenez.