Eskultoreak

Pérez Marín, Jesús

1951n Cintruenigon jaiotako eskultore nafarra.

17 urterekin harzuria eta zura lantzeko artisautza-tailer ugaritan hasi zen lanean ikastun eta zizelkatzaile gisa bere herrian, eta oraindik ere harzuriaren artisautzan tradizio handia dago bertan. Aldi berean pintura-, marrazketa- eta modelatze-ikastaroak jaso zituen. 1979an bere tailerra ireki zuen, galeria iraunkor modura ere baliatzen duena bere lanak erakusteko. Handik gutxira Corellako Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen eta ikasketa horiek amaitu ondoren Tidejen izeneko espazioa ireki zuen, Fiteroko Bainuetxearen alboan dagoen tailerra.

Artista polifazetikoa da, batez ere harria eta harzuria landu dituena, zura eta brontzearekin batera. Bere lanean espazio publikoetan kokatzeko piezak nabarmentzen dira, esate baterako, Monumento a la madre Eladia Fiteron (1994), Monumento a la Paz Corellan (1990), Monumento Fiesta y Cultura Cintruenigon (1998), Monumento a Ortega y Gasset La Cabreran (Madril), Homenaje al Hermanamiento Monteagudon (2004), Pisando la uva Haron (2006), Homenaje a los vendimiadores Haron (2007), Monumento al deportista Tuteran edo Vendimiadores Corellan (2010).

1982. urtetik hogei erakusketa baino gehiagotan (bakarkakoak nahiz kolektiboak) parte hartu du. Haatik, batez ere, erakusketa kolektiboetan ikus daiteke, izan ere, bere lana modu iraunkorrean ikus daiteke arestian aipatu dugun Tudejen tailerrean.

Eskulturari dagokionez, bere maisutasuna eta landutako materialetan erakutsitako trebetasuna dira azpimarragarri. Figurazioa du abiapuntutzat eta, bilakaeraren bilakaeraz, zenbait kasutan abstrakziora ere iristen da ia. Lerro kurbatuak, hutsunearen tratamendua (konposizioaren beste atal bat bailitzan), bolumenen estilizazioa edo erabiltzen dituen tonu ezberdineko patinak dira bere lanaren ezaugarrietako zenbait.