Arkitektoak

Peña Ganchegui, Luis (2010ko bertsioa)

Arkitekto gipuzkoarra, garaikidea. Oñati, 1926; Donostia, 2009ko apirilaren 2a.

Madrilgo Arkitekturako Teknika Eskola Gorenean 1959an titulua eskuratu ondoren, irakaskuntza jarduera garrantzitsua garatu zuen. 1976tik 1977ra bitartean, Bartzelonako Arkitekturako Teknika Eskola Goreneko irakasle laguntzailea izan zen. 1977tik 1982ra bitartean Donostiako eta Bartzelonako ETSAn irakasle laguntzaile bezala lan egin zuen, eta urte bete geroago Eskolako Zuzendariorde bilakatu zen.

Beste hainbat lanen artean, honako hauek ditugu: Gasteizko Frantzisko Deunaren eliza (1970), Diez etxea Riañon (1997), Andoaingo Bastero Kultur Etxea (1998) eta Donostiako Cementos Rezola Museoa (2000) eta bestelako eraikuntza partikularrak Gipuzkoan eta Bizkaian zehar. Halaber, lan garrantzitsuak eta hirigintza mailako birmoldaketa esanguratsuak buru zituen, hala nola: Donostiako Hirutasuna eta, Eduardo Chillidarekin batera, Gasteizko Foruen Enparantza (1982) eta Gipuzkoako hiriburuko Haizearen Orrazia.

Bartzelonako Parc de la Espanya Industrial izeneko esparruaren birmoldaketaren arduraduna izan zen (1992), baita Errenteriako (Gipuzkoa) Zumardiaren birmoldatze-egitasmoarena ere.

Bartzelonako1992ko Joko Olinpikoetan lanak bideratzeko eratu zen Batzorde Tekniko Kalifikatzaileko kide ere izan zen. Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Emeritua izendatu zuten 1992ko urtarrilaren 7an, berez balioa 1991ko urriaren 1etik aurrera izanik.

1964an Aizpurua arkitektura Saria jaso zuen eta geroztik, 2004an Espainiako Arkitektoen Kontseilu Gorenaren Urrezko Domina.

Bere azken urteetan Rocio Peña alabaren eta Mario Sangalliren laguntza izan zuen eta horiekin batera, beste lan askoren artean, Andoaingo Bastero gunea edo Pasai Donibaneko plazaren birmoldaketa egin zituen.