Arkitektoak

Peña Ganchegui, Luis

Gipuzkoar arkitektoa, 1926ko martxoaren 29an Oñatin jaioa. Euskal Herriko arkitekturaren erreferente gorenetakoa izan da 50eko hamarkadan bere karrera hasi zuenetik 2009an hil zen arte.

Arkitekturan Doktorea, Madrilgo Arkitektura Eskolan titulatu zen 1959an. Belaunaldi esanguratsua izan zen berea, Fernando Higueras, José Antonio Ridruejo, Miguel Oriol, Eduardo Mangada, Carlos Ferrán, Javier Feduchi, Emilio Chinarro eta abarrekin. 61eko promozioa ere gertu zuten, Rafael Moneo, Juan Daniel Fullaondo eta Dionisio Hernández Gil-ekin. Momentu haietan arrazionalismo erradikala alde batera utzi eta organizismoari heltzeko puntuan zegoen Sáenz de Oízarekin erlazio estua zuten askok, eta denak ere estilo internazionalarekin erlazionatzen zen arkitektura modernoaren zorroztasunetik kanpo hasten dira lanean. Gainera, garai horretan eman zen arrazionalismoaren instituzionalizazioaren ondorioz, bigarren mundu gerraren ondoren mugimendu honen inguruan birplanteaketa bat gertatu zen, Aaltoren kasuan argi ikus zitekeen bezala. Aalto eta Wright izan ziren hain zuzen Peña Gancheguiren belaunaldiko arkitekto gazteen artean eredu izango ziren organizista esanguratsuenak, eta Madrilen ikasi zutenentzat bereziki. Organizismoa plurala zen, eta ezaugarri honek arkitektura tradizionalaren bertsio berri batenganako eta erregionalismoarenganako nolabaiteko gerturatzea ahalbidetzen zuen. Peña Gancheguik, interpretazio erabat pertsonal baten bitartez, bere herriko berezko arkitektura bat bilatzen zuen, bere ibilbidearen hastapenetan post-arrazionalismo eta organizismo nordikoen eraginpean zeuden garaietan.

Diplomatu zen urtean bertan hasi zen bere lehenengo lanarekin, Zarautzeko Vista Alegre dorrea, Juan Manuel Encio arkitektoarekin batera. Eraikin hau abangoardien printzipio erradikal batzuen aldeko alegatua da oraindik ere, brutalismo berri britainiarrarekin erlazionatua, baina plastizismoari, hormigoiaren espresionismoari lotua, Le Corbusier gogoraraziz. Etxebizitza bakoitza hiru mailatan garatzen da -egongela, logelak eta zerbitzua- etxebizitza familiabakar tradizional bat dorre tipologian integratzeko borondatez. Lehen lan honetan atzematen den testuinguruarekiko independentzia eta modernitate erradikala laster utziko zituen alde batera: Peña Gancheguiren ibilbidearen hasierako lanak dira baita ere Mutrikuko Imaz etxebizitza (1962), Iparragirre Etxebizitzak (1963), Aizetzu 24 etxebizitza kolektiboak (1964) eta Imanolena familia bakarreko etxebizitza (1964), baina hauetan jadanik euskal arkitektura tradizionalaren inguruko hausnarketa eta inguruko aurretiko baldintzen eraginpeko planteamendua ikus daiteke.

1961ean Donostiako Trinitate Plaza proiektatu zuen, Donostiako harresien eraispenaren mendeurrena zela eta eraikiko zena. Hiriak berak eskaintzen zituen materialen interpretazio garaikide baten bitartez diseinatutako espazioa zen, herri-kirolei eskainitako programarekin: pilotalekua, bolatokia, mailadia eta idi-dema lekua. Eremu hartan gertatutako eraispenek utzitako espazioaren berreraikuntza bat izango zen, Urgull mendiak osatzen duen eremu naturala eta hiriaren arteko topaketa suposatzen zuena. Jokoak eta natura espazio poetiko baten parte izango ziren. Egileak berak adierazi zuenez, nekez atzematen zaio gaurko enparantzari berak egindakoaren arrastoa, baina nolanahi ere, lan harekin lortutako arrakasta ikusirik, Donostiako Udalak Tenisaren Pasealekuaren bukaerako gunea berrantolatzeko enkargua egin zion, Eduardo Chillida eskultore donostiarraren "Haizearen Orrazia" lana bertan ipintzeko asmoz. Proiektua 1975 eta 1976 urteen bitartean burutu zen. Hau ere natura eta hiriaren arteko topaketa eta, aldi berean, hiriaren hasiera eta amaierako irudia izango zen. Kolektore zahar baten berrerabilpenean oinarritu zen arkitektoa, berau eraldatuz itsasoa eta paseoarekin identifikatu eta natura bihurtzeko. Granitozko tamaina anitzeko elementuez osatutako mailaketa eta espazioek naturaren forma desberdinekiko topaketak ebatziko zituzten. Honela, itsasertzeko estratuen haustura, itsasoa, honen hotsa eta Donostiako egun grisak ikuskizun bilakatuko zituen, Chillidaren eskulturek emandako transzendentzia gehigarriaz.

1976. urtean bertan Luis Peña Ganchegui irakasle adjuntu izendatua izan zen Bartzelonako Arkitektura Eskolako Oriol Bohigas arkitektoaren Proiektuetako Katedran, eta 1982ra arte iraun zuen bertan irakaskuntzan. Aldi berean, azken honekin batera, hasieran Bartzelonako eskolaren menpe egongo zen Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzaile izango zen, eta 1977tik aurrera bertan ere irakasle lanetan ibiliko zen. Bartzelonan beti irakasle adjuntu izan zen bezala, Donostian berriz Katedratiko moduan lan egingo zuen 1982tik aurrera, eta 1983an eskolako zuzendariorde izendatu zuten.

Urte haietako lan azpimarragarriak dira baita ere 1968.urteko Gasteizko San Francisco eliza, Oiartzun herrian 70eko hamarkadan zehar eraikitako etxebizitza kolektiboak, eta bereziki urte batzuk lehenago eraikitako Mujika Etxebizitzak, Arrigain Etxea bezala ere ezagutzen direnak (1964). Oinplanta karratua eta lau isurialdeko teilatuko eraikin honek badu bilatutako pintoreskismo kutsu bat, baina, itxura bernakular eta herrikoia duela irudi dezakeen arren, oinplanoak aztertuz gero Kahn-en idealismo batekin lotu genezake, eta 60ko hamarkadan eman ziren muturreko ikuspegi haiekin, non funtzionaltasunak eta idealismoak bat egiten zuten. Aipatzekoak dira baita ere 1977ko Igarako Farmazialari Batasunaren biltegia (Donostian), 1978ko Xabier Zubiri Institutua (Donostian) eta 1979ko Gasteizko Foruen Enparantza. Azken honek ere, Donostiako Trinitate Plazak bezala, euskal herri-kirolen inguruko ekipamenduak hartzen ditu, artean pilotalekua. Chillidaren artelanarentzat agertoki da berriro ere, non harrizko eskulturak eta arkitekturak bat egiten duten plano horizontalen arteko hutsune monumental batean, eskailera eta harmaila artean garatzen den programarekin. 1982koak dira Léridako San Juan Plaza eta Donostiako Mirakontxa pasealekuko etxebizitzak. Azken hauek ordura arte eraikitako etxebizitzek baina presentzia eta tamaina handiagoa dute. Zonalde hartan egiten ari zen hiri-ordenazioari egindako kritikaren fruitua izan ziren, pilote gainean eraikitako 3 bloke isolatuen eraikuntza proposatzen baitzen, alboan zegoen eliza neogotikoaren hondarrak eraitsiaz. Gancheguik hiria eta muinoaren arteko artikulazioa ebazten du U formako bloke bakar batez, aipatutako eliza inguruekin integratuaz. Itsasoko ikuspegiei irekitako plaza bat sortzen da bien artean. Etxebizitzak, arrazionalki garatuak, igogailu pribatu baten bidez lotzen dira Kontxako pasealekuarekin, gehiengo eguzkitzapena jasotzeko moduan antolatzen dira eta aireztapen gurutzatua ere lortzen dute.

1988an Peña Ganchegui y asociados bulegoa sortu zuen Donostian, bere alaba Rocío Peña, eta bere suhia Mario Sangalli arkitektoekin batera. 80ko hamarkadan Gancheguiren izenak kolperen bat edo beste jaso zuen Donostiako Kursaal berria eraikitzeko 1975ean eta 1990ean deitutako bi lehiaketak zirela eta, azkenean Rafael Moneok irabaziko zituenak 1990ean. Ondorengo urteetan Gancheguik eraikitako lanetan, Oñatiko Abarka etxebizitzak (1991) eta Donostiako Amara Plaza Hotelean (1992) esaterako, zehaztasun tipologikoa eta testuinguruan integratzeko ahalegina gailentzen dira, jarrera postmoderno bat hartzera daramatenak. Halaber, 1992an egingo zituen Bartzelonako Parc de la Espanya Industrialeko birmoldaketak. Ondorengo urteetako lan aipagarrienak lirateke 1996ko Aranburu Jauregia Kultura Etxea (Tolosa), 1997ko Zementuaren Museoa (Donostia), Andoaingo Bastero Kultur-Gunea 1998an, Pasai Donibaneko Santiago plaza 1999an eta Tolosako Leidor Zinema-aretoaren zaharberritzea 2004ean.

Bere jaioterriko lehenengo eraikuntzetatik azken urteetan kanpotik egindako enkarguetara, Luis Peña Gancheguiren arkitekturak bere artisau izaera mantendu du. Bere formek sustrai sendoak dituzte modernitatearen printzipioetan, europar hirigintza kritikoaren ondorengo dira, eta hazkunde orekatu baten aldeko manifestu dira.

Epaimahai bezala hainbat lehiaketatan egin zuen lan: Bartzelonako 92ko Olinpiadetako Komisio Teknikoko Kalifikatzaile izan zen, eta epaimahaikide izan zen Salamancako Biltzar Aretoaren lehiaketan, Bilboko Metroaren eta Euskadiko Musika Palazioaren lehiaketetan, eta Bilboko Ordenaziorako "Ría 2000" lehiaketan, besteren artean. Bestalde, 1992an Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Emeritua izendatua izan zen. Peña Gancheguik arkitekturako orri bikainak idatzi ditu, arkitekturaren lengoaia garaikidea sustatu eta aldarrikatuz, historiaren eta bere jarraipenaren berrespenean oinarrituak.

Irabazi zituen sariak ere asko dira, bere ibilbidearen hastapenetatik jaso dituenak, esaterako, bigarren saria "Aizpurua 1960"an, lehen saria "Aizpurua 1964"an, eta berriz ere bigarrena "Aizpurua 1986"an. 1997an sortu berria zen Munibe Saria eskuratu zuen bere lehen edizioan, 1999an Antonio Camuñas Saria, eta 2004an Arkitekturaren Urrezko Domina jaso zuen.

Luis Peña Ganchegui 2009ko apirilaren 2an hil zen Donostian.

  • ARRATIBEL, Txomin [et al.]. Lur Hiztegi Entziklopedikoa. "Peña Ganchegui, Luis". Lur Argitaletxea, 2001.
  • cscae.com. [web] Luis Peña Ganchegui. [Kontsulta data: 2012ko uztaila].
  • GALARRAGA ALDANONDO, Iñaki. "Luis Peña Ganchegui y la renovación arquitectónica en el País Vasco del s. XX". Revista Internacional de los Estudios vascos. 2010, 55.
  • ganchegui.com [web] Peña Ganchegui y asociados. [Kontsulta data: 2012ko uztaila].
  • HAINBAT EGILE . Luis Peña Ganchegui: Medalla de Oro de la Arquitectura 2004. Consejo Superior de Colegios de Arquitectos de España, 2007.
  • MARTÍNEZ ARTOLA, Alberto. Luis Peña Ganchegui. Auñamendi Eusko Entziklopedia 2011. [Kontsulta data: 2012ko uztaila].
  • PEÑA, Rocío; SANGALLI, Mario. Luis Peña Ganchegui: arkitektoa. Gasteiz, 2000. Eusko Jaurlaritza.
  • PEÑA, Rocío; SANGALLI, Mario. Luis Peña Ganchegui Arquitecturas 1958-1994 Arkitekturak. Donostia: UPV-EHU, 1997.
  • PÉREZ ARROYO, Salvador. Los Años críticos: 10 arquitectos españoles: Candela, Cano Lasso, Oiza, Chueca, Sota, La Hoz, Fisac, Peña Ganchegui, Picardo, Carvajal. Madril: Antonio Camuñas Fundazioa, 2003.
  • WIKIPEDIA. Luis Peña Ganchegui. [Kontsulta data: 2012ko uztaila].