Kontzeptua

Pedagogia

Pedagogia, hezkuntzaren zientzia gisa ulertzea, izan zen Filosofia Kritiko alemaniarren ekarpena. Hau da, zientzia bakar bat (Teoria Pedagogikoa) eskaintzea ikuspegi modernotik hezkuntza ariketa praktikoaz aritu ahal izateko. Aipatu ahaleginak, jakina, oinarri epistemologiko sendoa behar zuen gainerako giza, gizarte, natur zientziek edota zientzia zehatzek zuten baliagarritasun berbera eduki ahal izateko.

Kanten katedraren ordezkotza hartu zuen J.F. Herbartek proposatu zuen zientzia mota hori lehendabizikoz Pedagogia General derivada del fin de la Educación izeneko liburuan, eta horrela, Pedagogia, zientzia moderno moduan ulertzeko, fundatzailetzat hartua izan da horrez geroztik. Hezkuntza arloan mota haietariko beste ekarpenak utzi bazituen ere goian aipatutakoa dugu, beraz, Pedagogiaren abiapuntua.

Tradizio anglo-saxoiak, berriz, ez du onartzen Hezkuntzari buruzko zientzia (zentzu hertsian) egiterik dagoenik eta Pedagogia ulertzen du "Metateoria" moduan, hau da, heziketaren teorien Teoria bezala.Honela, irakaskuntzaren jardunari dagokion ikuspegi pragmatikoa alde batetik eta, haren arazo metodologikoak bestetik, zehazturik geratzen direlakoan, ingelesez idatzi ohi duten adituek Pedagogiari ematen dioten esanahia ez da, noski, jatorri alemaniarreko Filosofia Kritikoak eman ziona.

Azken honek, aldiz, bere ohiko bideari ekin dio eta Hezkuntzari buruz diskurtso zientifiko bakarra beharrezkoa dela aldarrikatzen segitu izan du.

Frankofoniak, ordea, ez bide du aukera epistemologiko horiek hobetsi eta, Pedagogia (Zientzia/ Metateoria) ulertu beharrean Hezkuntza Zientziak (pluralean) lehenetsi nahi izan ditu erabilera terminologikorako diziplinartekotasunaren hobe beharrez.

Honetaz guztiaz, eta Pedagogia hitzaren azpian ezkutatu egiten diren aukera epistemologiko ezberdinak argitu nahian batik bat, idatzi nuen Hezkuntzaren Teoria izenburuko liburua euskaraz erabili beharko genuke izendapenaz diskurtso akademikoaren bidez azaltzeko eta, ondorioz, hala terminologian (Pedagogia) nola edukian ere, Kant maisuak bere garaian irekitako eta, ordutik hona, eskainitako bideari atxikitzea irudiztatu zitzaidan egokiena.

Immanuel Kant filosofoa modernitatearen maisua izendatzen denean Ilustrazioak izan duen funtsezko ezaugarriaz ari da? : Hezkuntzaz.

Modernitatea, zerbait izatekotan, heziketa egitasmoa da non, jakintzak balio berezia hartuko duen eta jakintsuek (ilustratu argituak) gizartea gobernatzeko legitimitatea (despotismoa eta guzti) irabaziko duten ohiko irizpide tradizionala eta genealogikoen gainetik.

Platonismoaren eguneratze honek bere profeta/profesoreak behar izan ditu. Platonen Errepublikan (Politeian) filosofoek agindu behar zutela oinarritzeko Platonek berak Sokrates, Kriton, Fedro eta enparauak bere alde erabiltzeko batere eskrupulorik izan ez zuen gisan, Kant darabiltzate egun Modernitatearen aldarrikatzaileek.

Edonola ere, kristautasunaren oinarri teorikoak ikertzeko Kristo bainoago, bere izenpean haren jarraitzaileek (haren eskola sortu, hedatu eta garatu nahi izan zutenak, hain zuzen...) idatzitakoari kasu egin behar izaten dioten bezala, Kanten funtsezko irakasgaiak nahiz haiek irakasteko moduak behar bezala ulertzeko, hark idatzi ez bazituen ere, haren ikasleek bere sinadurapean utzi duten liburuari erreparatu behar izango zaio, Pedagogiari, hain juxtu.

Ilustrazioaren oinarri pedagogikoak bi zutabe osagarri bezain kontrajarriak izan zituen: Rousseau eta Diderot.

Lehenak norbanakoaren heziketari egin zion kasu, bigarrenak nazioaren hezkuntzaren alde idatzi eta borrokatu zuen. Biek, ordea, Collège de France-n Michel Foucaultek Ilustrazioa zer da? izeneko ikastaroan erakutsi zuen legez, gizabanako modernoren ekoizpenerako bideak eman zituzten. Honetan, beraz, filosofoen eta entziklopedisten arteko ohiko bereizketari antzeman dakioke talde bakoitzak hala moralari nola politikari kasu egiten dion heinean.

Kanten jarrerak, jakina, filosofoarekin bat egin zuen. Areago, haren jarreren baitan filosofia britainiarra, frantsesa eta alemaniarra batu egin ziren. Humeren enpirismotik ezaguerak esperientzien mugetatik haratago joaterik ez duela onartzen zuen, baita Lockek formulatu zituen baieztapen honen ondorio pedagogikoak, "heztea mugak ezartzea dela", alegia (Hezkuntzari buruzko gogoetak). Descartesen arrazionalismoarekin batera egin zuen eta esatekotan, subjektuaren teoria kantiarra eta cartesiarra berbera dela esan daiteke ("nola zeki(n)at badakidanik?). Wolffen jarraitzaile gisa, berriz, aurrerakuntza onartzeaz gain, gizakiaren funtsa hobetze gaitasunean ipini nahi izan zuen.

Gizartea hobetzeko eraldatzeko beharra dagoela izan da Ilustrazioaren ezaugarri nabarmenetariko bat. Filosofoek, Platonengandik eskuraturikoari segida eman nahian, jakintsuenak hartu nahi izan zituzten gidaritzat. Entziklopedizaleak, aldiz, Tiers État-eko ideologo modura, iraultza politikoa gauzatu nahi (eta lortu) zuten. Hala eta guztiz, aurretiko bereizketa behar bezala zehaztu ahal izateko, bi multzoak batera aritu ziren Antzinako Erregimenaren aurkako borrokan eta erlijio egitura tradizionalari erasoan. Bitan ordezko historikoa gauzatzea lortu zuten: Modernitatea.

Modernia, ordea, prozesu historiko luzea eta etiketa ideologiko zabala dugu. Izan ere, Errenazantzatik Lehenengo Mundu Gerrateraino, lehenengo nazio-estatuen sorrera (Maciavelli), zientzia enpirikoa (Galileirengandik Newtonengainaino), XVIII.ko Ilustrazioa, XIX. mendeko literatura berria...eta abar.

Haietan guztietan ordenu teologikoarekiko haustura (Luterorekin hasia...) eta haren partez arrazoiaren erabilera agertuko da, ohiko logopatia mendebaldarraz kutsaturik. Hezigarria den gizaki berria bezain eskizoa (gogamena eta soina, ni eta besteak, arrazoia eta sentimendua, bereiziz). Edonon ezaugarri berdintsuak edukiko dituen gizabanakoa (eurozentrismoaren eredugarritasuna) baina, betiereko itzulera etsigarrian ibili beharrean etengabe aitzinera joango dena.

Hala ere, jakina denez, Kanten Pedagogia liburua ez zuen Immanuel Kant filosofoak idatzi, bere ikaslea izan zen Friederich Theodor Rink-ek baizik. Nahiz eta maisuak ikaslearen testua ezagutu eta onartu, bertan eskaintzen dena Kantek Pedagogiari buruz esandakoa da, ez idatzia.

Immanuel Kantek Königsbergen irakasle onartua izan zenetik aurrera (1770), gainerakoak bezala, Pedagogia irakasten aritu behar izan zuen txandaka horretarako irakasle finkorik ez baitzegoen. Zeregin hartan erabili zituen Basedowen erreferentzia praktikoa (Dessauko Filantropicum institutoa) nahiz teorikoa (Metodoaren Liburua). Aipatutako Basedoweek, Rousseauk bezala bestalde, zriona heziketa egokiaren bidez erdiets zitekeela uste zuen. Horregatik konbentzitu zuen 1774an Annhalt printzea bere instituto filantropikoa sortzen laguntzeko. Kant, ohiko moralaren aurka, etikaren ondorioa zoriona zenik ez uste arren, maite eta irakatsi zuen gizabanakoaren neurriko hezkuntza lortzen saiatu zen. Moral berriaren bidez (ez erlijiosoa, ez agindu hipotetikoa, ez eta erabakien ondorioak kontutan harturik, agindu kategorikoaren bidez baizik) gizaki berriak ekoiztea ahalbidetu zuen: munduko edozein tokitan dela ere, erlijio irizpideen ordez juzgamenduak sortzeko bitarteko berdinak erabiliko zituenak (ortodoxiaren partez, "ortologia", Foucaulten hitzetan). Honek ez du esan nahi, halere, entziklopediazaleen antzera, irakaskuntza publikoaren alde zegoenik, aitzitik, bere aburuz, gizabanako bakoitzaren arabera egokituriko hezkuntza zen helburu. Halere, Prusiako estatua aitzindaria izan zen nazio hezkuntza mailakatua ezartzen (haur guztiak eskolatzeko Federiko Gillermo I.ren agindua 1717koa da) eta Königsbergeko Unibertsitatean Kanten Katedra eskuratu zuen hurrengoa (Herbart. 1776-1841. Pedagogia Orokorra) Pedagogiaren fundatzailetzat hartua izan ohi da.