Politikariak eta Kargu publikoak

Paguaga Paguaga, Antonio

1888ko otsailaren 12an Eibarren jaiotako politikari gipuzkoarra. Urduñako eta Deustuko jesuitetan ikasi zuen, eta zuzenbidean doktoratu zen Madrilen. Mendearen lehen herenean aritu zen Donostian.

1918ko hauteskunde orokorretara aurkeztu zen Zumaiako (Gipuzkoa) distritutik. Tolosako barrutian probintziako diputatu jaimista izendatu zuten, 1923an berritua eta 1926an kargugabetua izan zelarik. 1921ean diputatu eta idazkari izan zen, eta 1923an Batzorde Iraunkorreko presidente. 1933ko hauteskunde orokorretan Alderdi Tradizionalistako hautagai gisa aurkeztu zen. 1936ko hauteskundeetan, Fronte Kontrairaultzaileko kide izan zen, baina ez zuen eserlekurik lortu lehen itzulian, nahiz eta bere hautagaitza irabazi, ez zuelako behar adina boto bildu, eta bigarren itzulian erretiratu egin zen, nazionalisten mesedetan.

1936ko irailean karlistek Donostia hartu ondoren, Aldundiko lehen Batzorde Kudeatzaileko kide izendatu zuten. Gerra amaitu zenean Donostiako alkate izan zen. Kontseilari nazional izendatua, Espainiako Gorteetako idazkaria izan zen 1965eko urtarrilaren 19an hil zen arte.