Instrumentugilea

Oyarzabal Gómez-Reino, Daniel

Organista, klabezinista eta pianista. Gasteiz, 1972-01-17.

Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ikasi zuen. Karrera-amaierako ohore saria izan zen klabe eta organo espezialitateetan. Gero, organo eta instrumentu historikoen hobekuntzarako ikasketak egin zituen Vienako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Thomas Schmögnerekin. Organoan graduondokoa lortu zuen Jos van der Kooyrekin eta klabean diplomatura Patrick Ayrtonekin La Hayako (Holanda) Errege Kontserbatorioan. Aldi berean espezializazio ikastaroetara joan zen Pierre Hantaï, Jacques Ogg, Michael Posch, Lars Ulrik Mortensen, Michael Radulescu, Hans Fagius eta Olivier Latryrekin. Halaber, J. S. Bachen musikaren ikaskuntza sakondu zuen Amsterdameko Kontserbatorioan, Pieter van Dijkekin.

1991ean prentsaren sari berezia jaso zuen Eivissan egindako Interprete Gazteentzako Mostra Nazionalean; 1998an, inprobisazioko lehenengo saria lortu zuen Erromako Nazioarteko Musika Lehiaketan, eta 2002an, hirugarren saria Nijmegengo (Holanda) Nazioarteko XIX. Organo Lehiaketan eta bera izan zen saritutako organista espainiar bakarra lehiaketaren hogeita bat edizioetan.

Nazioarteko makina bat jaialditan parte hartu du, solista eta kontinuista gisa, eta kontzertuak eman ditu Europa osoan eta Japonian. Organoko solista gisa haren parte hartzea gailentzen da Milango Due Organi in Concerto VI. Jaialdian, Kopenhageko Orgelkontzert Nazioarteko Zikloan, Vienako Organo Pleno Jaialdian, Vareseko (Italia) 2007ko Vespri D'Organo Jaialdiko 7. edizioan, Geneveko Organo Jaialdia eta Amsterdameko Internationaal Oude Kerkeko Organo Jaialdian non David Sagastume kontratenore arabarra eta Matteo Imbruno y Gustav Leonhardt organistekin batera parte hartu zuen.

David Sagastume kontratenorearekin, Monica Piccinini sopranoa eta Patxi Montero biolaganbista nafarrarekin, Intonationes interpretazio historikoan espezializatutako taldea osatu du.