Olerkariak

Otero Muñoz, Blas de

Poeta. Bilbon, 1916ko martxoaren 15ean jaio zen. Madrilen, 1979ko ekainaren 29an hil zen.

Blas de Otero Muñoz Bilboko Hurtado de Amézaga kalean jaio zen 1916ko martxoaren 15ean. Aita, Armando Otero Murueta, bilbotarra zen eta Bizkaiko hiriburuan metalgintzarekin lotutako negozioa zeukan, Ingalaterran ikasketak egin ondoren irekitakoa. Ama, aldiz, Orozkokoa zen. Orotara, lau seme-alaba (José Ramón, Blas, María Jesús eta Conchita) izan zituzten Otero-Muñoztarraek.

7 urte zituela hasi zituen ikasketak Blas de Oterok María de Maeztu-ren ikastetxean. Handik Bilboko Indautxu auzoko josulagunen ikastetxera joan zen, eta han bi urte egin zituen batxilergoa prestatzen.

Hogeigarren hamarkadaren erdialdean, Armando Oteroren negozioek porrot egin zuten, eta familia Madrilera joan zen lan bila 1927an, Blasek hamar urte zituela. Madrilen bertan egin zituen bilbotar poetak batxilergoa, baita pozik egin ere. Zezenak gustuko zituela eta, Las Ventas zezen-plazan toreatzaile izateko eskolak jaso zituen, baina badirudi luze gabe utzi zuela bertan behera bide hori. Madrilen zegoela, 1928ko otsailaren 23an suak Teatro de Novedades antzokia suntsitu zuenean, Blas bertan zegoen bere aitarekin, eta bertatik onik irten ziren ikusle bakarrenetarikoak izan ziren.

Madrileko egonaldian, aski gaztea zelarik, idatzi zituen lehenbiziko poemak Blas de Oterok, Maragall, Juan Ramón Jiménez eta Machado anaien idazkiak irakurtzen zituen artean. Hurrengo urteak latzak izan ziren familia guztiarentzat: anaietako bat hil zen 1929an, heriotza horren ondorioz familiak Zuzenbidea ikastera bultzatu zuen Blas, eta bide horri heldu zion poeta gazteak. 1931n ohorezko matrikularekin hasi zituen Zuzenbide ikasketak, eta handik urtebetera beste kolpe handi bat jaso zuen familiak: aita hil egin zen. Bigarren heriotza horrek dirurik gabe utzi zuen familia, eta amak Bilbora itzultzea erabaki zuen.

Espainiako Gerra Zibilaren aurreko urteetan gutxieneko egonkortasuna lortu zuen hala familiak nola Blas de Oterok. Orduan hasi zen bilbotar poeta Orozkoko amamari bisitak egiten eta adiskide zenbaitekin literaturaren inguruko bilkurak egiten. Adiskide horien artean, aipatzekoak dira Jaime Delclaux, Pablo Bilbao, Antonio Bilbao eta Antonio Elías. Garai hartan Zuzenbideko Ikasleen Elkarte Profesionaleko presidente izendatu zuten Blas de Otero, baita Kostka-ko Estanislao Deunaren kongregazioko kide ere. Halaber, sasoi hartan argitaratu zituen lehenbiziko poemak aldizkarietan eta El Pueblo Vasco gisako egunkarietan. Irakurketez denaz bezainbatean, hasierako autore batzuk atzean utzi eta modernoagoak (Lorca, Salinas, Alberti, etab.) nahiz XIX. mendeko Literatura Unibertsaleko klasikoak (Wilde, Tagore, Shakespeare, Francis Jammes, etab.) irakurri zituen. Blas de Oterok lortutako lehenengo literatur sariak ere garai horretakoak dira, hala nola, Lope de Vegaren urteurrena dela eta Iruñean eman zioten lehenengo saria.

1936aren hasieran "Alea" talde poetikoa sortu zen Bilbon, besteak beste, Blas de Oteroren eskutik. Urte hartako hasieran, halaber, Federico García Lorca Arriaga antzokian ikusteko aukera izan zuen poeta bilbotarrak, Bodas de sangre [=Odolezko ezteiak] antzezlanaren estreinaldia zela eta. Jakina da, alabaina, urte hartako uztailean hasi zela Espainiako Gerra Zibila, eta horrek eragin nabarmena izan zuen Estatu osoko kulturaren bilakabidean (gogora dezagun García Lorca bera fusilatu egin zutela). Gerra piztu zenean, Bilbo, Logroño eta Levante-ko fronteetan aritu zen Otero, eta sasoi hartako urteak galdutzat jo zituen. Behin fronteko zereginak amaituta, musikari eta literaturari buruzko bilkuretara joaten jarraitu zuen, eta horietako batean Juan Guerrero eta Gerardo Diego idazle ospetsuak ezagutu zituen. 1937an Jaime Delclaux adiskidea hil zen, eta 1940an Pablo Bilbao seminariora sartu zen abadegai. Delclaux hil zenean, zenbait adiskidek (Otero tartean) haren Ala fugitiva lana prestatu eta argitaratu zuen.

Sasoi hartan idazkiak bata bestearen atzetik pilatu zitzaizkion Oterori, bizi zuen sorkuntza-uholdearen ondorioz. Irakurri ere erruz irakurri zuen, eta besteak beste, Jan Venkaade, Miguel Hernández, Villamedianako kondea eta Unamuno aurkitu zituen.

1941an lanpostua lortu zuen Blas de Oterok Forjas de Amorebieta enpresan, aholkulari gisa. Une garrantzitsua izan zen Oterorentzat ez ezik, baita bere familiarentzat ere; izan ere, gerraosteko giroa iluna zen eta ez zen batere erraza aurrera egitea. Sasoi hartan amaitu zuen Canto espiritual liburua, eta Cuatro poemas obratxoa argitaratu zuen Iruñean, betiere aldizkari eta egunkarietan idazteari utzi gabe. Ordurako Euskal Herriko eta Espainiako kritikak gustuko zuen bilbotarraren jardun poetikoa, eta horrek bultzada besterik ez zion eman idazten jarraitzeko.

1942an "Aleak" San Juan de la Cruz-en 400. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen, eta Oterok antolakuntza-lanetan esku hartu zuen. Urte hartan bertan, Donostian egin zuen bere poemen irakurketa bat, eta aurretik amaitutako Cántico espiritual lana argitaratu zen. Oso harrera ona izan zuen irakurleen nahiz kritikarien aldetik. Alabaina, handik gutxira, Franco-ren diktadurak ezarritako zentsura zuzenean ezagutu ahal izan zuen: Albor poesia-kaieren 14. alean sartutako Oteroren "Liras a la música" lana ez omen zitzaien gustatu zentsoreei, eta El pensamiento navarro-ko erredaktoreak testu hura ordezkatzeko eskatu zion. Bilbotar poetak men egin zion zentsurari.

1942 eta 1943 artean Hierro aldizkariko pintura-kritikari gisa egin zioten lekua, eta 1943an Forjas de Amorebieta lantegiko postua utzi zuen. Blas de Oteroren asmoa Antonio Machadoren bideari jarraitzea izan zen; hots, literaturako katedradun bihurtzea eta bere lanak idazteko behar besteko denbora edukitzea. Horretarako utzi zuen, hain zuzen ere, aholkulari-lanpostua, baina arin damutu zitzaion, baita sakon damutu ere. Bere helburua eskuratzeko, 1943/1944 ikasturtean Madrilen izena eman zuen Filosofia eta Letrak ikasketetan, eta handik gutxira Espainiako bi idazle handi ezagutu zituen: Vicente Aleixandre eta Dámaso Alonso. Garai hartantxe Poesías de Burgos kaleratu zuen Oterok Escorial aldizkarian.

1945az geroko urteak aski garrantzitsuak izan ziren bilbotar poetarentzat. Aste Santuan Bilbora itzuli zen, eta arreba nagusia oso gaixorik zegoela ikusi zuen. Garai hartan bertan krisi sakona jasan zuen Oterok, eta Usurbilgo erietxean zenbait aste egin zituen depresioa zela eta. Nolabait esatearren, urte 1945etik 1950era krisia nagusi izan zen poetaren bizimoduko alderdi garrantzitsuenetan: fede-krisia eta literaturari lotutako krisia (argitaratu gabe zeuzkan testu gehienak erre zituen) jasan zituen, besteak beste. Orduko hondo-jotzea, baina, oinarri sendoa izan zen hurrengo urteetarako bizimodurako eta literatur ekoizpenerako. Izaera-, pentsamolde- eta ikuspegi-aldaketa islatzen dute jada Ángel tiernamente humano (1950) eta Redoble de conciencia (1951) lanek, erlijio-bideak utzi eta existentzialismora lerratzen direnak. Redoble de conciencia lanagatik Boscán Saria eman zioten. Ordurako, esan den bezala, bere poetika aldaturik zegoen, fedeari jarraiki mantendutako sinestea eta baieztapena baino, zalantza existentzialista nagusitu zen Oteroren baitan. Esan daiteke aro berri hori zabaltzearekin batera amaitu zela bilbotarraren krisi sakona, eta, oro har, kalterako baino, aurrera (beste era batean) egiteko baliagarri izan zuela. Krisiak, gainera, ez zuen ekarri Oterorekiko estimua murriztea, eta 50eko hamarkadaren hasieran jada argitaratu ziren bilbotarraren lan poetikoari buruzko lehenengo ikerketa-artikuluak, monografiak eta saiakerak. Beste alde batetik, garaiko poesia-sari garrantzitsuenak eskuratzen hasi zen, bata bestearen atzetik.

Aro berriak aro, krisiak krisi eta aldaketak aldaketa, Blas de Otero ez zegoen ez pozik, ez gustura 50eko hamarkadako Espainian. Ezin zuen erabateko askatasunez idatzi, diktadurako agintarien ezarpenak ere ez zituen ontzat ematen eta itogarri zitzaizkion, giroa gaiztoturik zegoen, eta egoera ikusita, Parisera alde egitea erabaki zuen. Frantziako hiriburura joateak esparru orotan aire freskoa hartu ahal izatea ekarri zion, aske ibili, idatzi eta argitaratu ahal izatea, jende berria ezagutzea, etab.

Gogoan hartu behar da garai hartan Espainiako iheslari asko zegoela Frantzian, eta, hain zuzen ere, horietako askoren bidelagun egin zen. Komunistak ezagutu zituen eta horiekin batzen hasi zen, harik eta izena Alderdi Komunistan eman zuen arte. Ematen du fede-krisia gainditu ondorengo aro existentzialistak ere ez zuela ase bilbotar poeta, eta bestelako idealak bilatu zituen etengabe, baita Parisen aurkitu ere. Marxismoaren teorikoak irakurri zituen eta bertan aurkitu zuen balizko utopia humanistarako oinarri eta proiektu gustukoenak. Poesia mundua aldatzeko tresna izan zitekeela ikusi zuen, eta, existentzialismoa apurka-apurka atzean utzita, poesia sozialera hurbiltzen hasi zen; orduan hasi zen idazten Pido la paz y la palabra [=Bakea eta hitza eskatzen ditut] poema-liburu ospetsuan gerora sartutako testuak.

Bere izaera gatazkatsuari jarraikiz, baina, hainbeste poz, askatasun eta berrikuntza ekarri zizkion Parisek ere ez zuen luzaroan ase poetaren gogoa, Espainiarekiko herrimina handia baitzen. Hori dela eta, krisia jasan zuen Frantzian, eta Espainiarako bidea hartu zuen. Bilbon bizi zela, izan familiaren tradizioz nahiz literatura giro horietan lantzen zelako, maila erdi-burgesean ibiltzera ohitua zen Blas de Otero, ekonomia-krisi garaiak salbu. Marxismoaren teorikoak irakurri ondoren, konturatu zen bere herrialdea hobeki ezagutzeko, herri xumeena ezagutu behar zuela; hots, behe-mailako langileak. Asmo horri gauzatzeko, ia dirurik gabe Espainiako gizarte-maila hori ezagutzeko bidaia egin zuen, baita langileekin lana partekatu ere. Esate baterako, meatzarien bizimodua ezagutu nahian, eurengana joan eta eurekin aritu zen lanean zenbait egunez. Gaztela eta Leoneko herri txikiak bilatu zituen eta bertan igaro zituen hainbat egun, hain zuzen, herri horietako bizimodua zuzenean ezagutzeko. Esan den bezala, oso diru gutxirekin egin zuen bidaia Oterok, eta aurrera egin ahal izateko bidean lan txikiak hartzen zituen. Adiskideek eta bidaian bertan ezagutu berri zuen jendeak, dena dela, diru-laguntza txikiak eman zizkioten ahal zen neurrian. Bidaia hura egin ondoren amaitu zuen Pido la paz y la palabra (1955) lana, eta En castellano [=Gaztelaniaz] idazten hasi zen.

1956tik 1959ra Bartzelonara joan zen bizitzera, eta bertako artista-taldeengana hurreratu eta talde horietan esku hartzen hasi zen. Ordurako En castellano lana prest zeukan, baina argitaratzekotan egon zenean, zentsurak ezetza eman zion. Alabaina, Ancia (aurretik agertutako Ángel fieramente humano eta Redoble de Conciencia-ren izen laburtua) lana argitaratzea lortu zuen, eta harrera ezin hobea izan zen: 1958an Kritika Saria eman zioten, eta 1961ean Fastenrath Saria.

1960an Idazleen Nazioarteko Elkarteak SESBera eta Txinara bidaiatzeko gonbidapena egin zion Blas de Oterori, eta bilbotarrak onartu egin zuen. Espainiatik kanpo askeago ibiltzeko aukera aurkitu zuen berriro ere, eta, are gehiago, Espainian argitaratu ezin izan zituen lanak kaleratzea lortu zuen: Esto no es un libro (Puerto Rico-n ikusi zuen argia 1963an) eta Que trata de España (Paris-en argitaratu zen 1964an).

Azken urte horretan Kubara joan zen Bilboko poeta, eta hango Casa de las Américas erakundeak saria eman zion egindako ibilbide poetikoagatik. Kuban zegoela Yolanda Pina izeneko emakumea ezagutu zuen, eta harekin maitemindurik, denbora gutxiren buruan ezkondu zen. Ezkondu ondoren, hiru urte igaro zituzten senar-emazteek elkarrekin Habana-n bizitzen; alabaina, badirudi harremanean arin hasi zirela arazoak, 1967an banandu egin zirelako. Urte hartan bertan Madrilera jo zuen Oterok Habana-tik, eta bertan Sabina de la Cruz izeneko emakumearengana jo zuen. Aldez aurretik ere maitasun-gorabeherak izan zituen Oterok emakume horrekin, eta harreman zaharra berreskuratu zuten, baita Otero hil arte mantendu ere.

Behin Madrilen finkaturik, Francoren diktadurako azken urteak zuzenean bizi zituen Oterok; esan nahi baita, urte askoan bilbotarrarentzat borroka-gai izaniko erregimena. Ordurako emana zituen bere poesia-lan onenak, eta azken urteak aurreko hamarkadetako testuak birmoldatzen, orrazten, zuzentzen, berrantolatzen eta antologiak prestatzen igaro zituen. Blas de Otero 1979ko ekainaren 29an hil zen, Majadaondan (Madril), hirurogeita hiru urte zituela. Beste alde batetik, 60ko eta 70eko hainbat antologiatan bildu ziren bilbotarraren testuak: Expresión y reunión (1941-1969) (Alfaguara, 1969), País (1955-1970) (Plaza y Janés, 1971), Verso y prosa (Cátedra, 1974), Todos mis sonetos (Turner, 1977), Poesía con nombres (Alianza, 1977), etab.

Orain arte esandakoei jarraiki, Blas de Oteroren poesia eta poetika hiru garai nagusitan bana daiteke: erlijioari atxikitako aroa, joera existentzialistako aroa eta poesia sozialaren aroa.

Lehenengo aroa edo erlijioari atxikitakoa, Oteroren gazte-denborari dagokio, lehenengo poemak idatzi eta hor-hemengo aldizkarietan argitaratu zituen garaiari. Batez ere Espainiako Gerra Zibilaren aurretik idatzitako poemek osatzen dute, eta gogoan izan behar da bilbotarrak sinestuna zela eta elizara joaten zela meza entzutera. Orduko testuak ez dira asko eta Oterok berak ez zien, gerora, garrantzi handiegirik eman; are gehiago, badirudi nahiago izan zuela testu horiek "gazte denborako bekatutzat" jotzea. Aldizkari eta egunkarietan argitaratutako testuez gain, liburu bakarra koka daiteke erlijioari atxikitako aroan: Cántico espiritual (1942).

Cántico espiritual lana mistikaren bidetik eginiko obra da, bakartasuna eta intimismoa islatzen dituena, Espainiako poeta erlijiosoen liburuak irakurri ondoren (eta horien omenez) idatzitakoa.

Ikertzaile guztiak ez datoz bat lehenengo aro horren garrantzia neurtzean. Aro horretako poesia, oro har, bere horretan eta isolaturik aztertuz gero, ezin esan daiteke Oterok gerora egindako lanaren parekoa denik; horretan ados datoz kritikari gehienak. Alabaina, egia da, era berean, aro hori bizi eta garatu izan ez balu, Blas de Oterok ez zukeela erlijio-krisia biziko; hots, ez zukeela lehenengo aro hori gaindituko eta aurrera joko. Azken batean, Oteroren bigarren aro poetikoa fedearen galeratik sortu zen.

Arestian esandakoarekin bat, 40ko hamarkadan jasandako fede-krisitik irteterakoan beste poesia-eredu bati heldu zion Bilboko poetak: garai hartan Frantzian indar betean zegoen existentzialismoari. Lehenengo aroko poesia gaitzesten zuenean bere lehenengo poesia-liburua Ángel tiernamente humano (1950) zela esaten zuen Oterok. Hain zuzen ere, lan horrek, Redoble de conciencia-k (1951) eta Ancia-k (1958) osatzen dute bilbotarraren aro existentzialista. Azken lan horretan, berez, Ángel tiernamente humano-ko hogeita hamabi poema eta Redoble de conciencia-ko guztiak biltzen ditu, eta bilduma horri berrogeita bederatzi testu berri gehitu zizkion egileak. Lan horiek prestatu zituenerako, Otero nekaturik zegoen fedez eginiko baieztapen hutsez, eta "ni"-aren (poetaren) eta "zu"-aren (Jainkoa edo indar jainkotiarra) arteko zalantza eta galderetara igaro zen. Alabaina, ez zegoen elkarrizketarik eratzerik; izan ere, "zu"-ak ez zuen inoiz erantzuten. Erantzun bakarra isiltasuna da. Jean Paul Sartre-ren ideiei jarraiki, gizakia bakarrik dago mundu honetan eta norbera da egiten dituenen nahiz gertatzen zaizkionen erantzule bakarra.

Lehenengo aroak bigarrena ekarri zuen bezalaxe ekarri zuen bigarrenak hirugarrena ere. Ez dago Jainkoaren esperantzarik gizakiarentzat, gizakiak bakarrik daude, baina elkarren ondoan bizi dira, gizakiek elkarren ondoan bizi dute bakartasunaren tragedia. Bada, bizikidetasun horretan aurkitu zuen Blas de Oterok aurrerabidea, "ni" zena "gu" bihurtu zen, "gu" hori harturik bizitza honetako egonlekutzat eta irtenbidetzat, "gu" horretan disolbatzen da poetaren "ni"-a: gizakia bakarrik dago, hil egingo da eta hil ondoren ez dago bestelako leku zoriontsurik; alabaina, bizi den artean, gizakiak badu pozik eta zoriontsu bizitzeko eskubidea. Bestela esanda, fede erlijiosoa galduta eta tarteko garai existentzialista gaindituta, utopia humanistari heldu zion poeta bilbotarrak, eta ordukoak dira Oteroren lan gogoangarrienak, ziur asko XX. mendeko gaztelaniazko poesia sozial onena, Pido la paz y la palabra (1955), En castellano eta Que trata de España bezalako obretan bildutakoak.

Oteroren poesiaren azken poema-liburuak Mientras [=Bitartean] eta Historias fingidas y verdaderas [=Inkariotutako eta egiazko istorioak] lanak dira (1970ean argitaratuak), baina aipatzekoa da, aurretik esan den bezala, azken urteetan denbora gehiena aurreko hamarkadetako testuak berridazten eta berrantolatzen igaro zuela.

  • ALARCOS-LLORACH, Emilio. La poesía de Blas de Otero. Salamanca: Anaya, 1996.
  • ALONSO, Dámaso. Poetas españoles contemporáneos. Madrid: Gredos, 1978.
  • ASCUNCE, J.A. Cómo leer a Blas de Otero. Madrid: Júcar, 1990.
  • BARBOSA, Carmen. Poesía como diálogo. La voz poética de Blas de Otero y su recepción. Madrid: Libertarias, 1994.
  • GALÁN, Joaquín. El silencio imposible. Aproximación a la obra de Blas de Otero. Bartzelona: Planeta, 1995.
  • ZAPIRAIN, Itziar; IGLESIAS, Ramón. Aproximación a la poesía de Blas de Otero. Madrid: Narcea, 1983.