Marrazkilariak

Otaño Madinabeitia, Celedonio

1912an Bilbon jaiotako marrazkilari, grabatzaile eta pintore bizkaitarra. Hondarribian hil zen 2003ko urrian.

Haurra zela Gasteizen bizi izan zen eta Diaz de Olano pintorearen eskutik eskolak jaso zituen. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Loiolan eta Belgikan sakondu zituen ikasketak. Beranduago, Venezuelara joan zen, Jesuiten ikastetxe batean eskolak ematera.

Gerra Zibila lehertu zelarik, bere herrialdera itzuli zen. Haatik, gatazka amaitzean erbestera jo behar izan zuen, eta Venezuelara itzuli zen. Bertan garatu zuen bere jardun artistikoa, eta karikaturagile modura nabarmendu zen. Euskal munduarekin lotura estua zuen Élite izeneko aldizkari entzutetsuan kolaboratu zuen eta han ezagutu zuen Martin Ugalde. Gainera, Martin Garabato, El Gallo Pelón edo Diario de la República izenekoetan ere kolaboratu zuen.

Orobat, grabatzaile modura egindako lana azpimarragarria da, argazki-txapan grabatuaren teknika berrituz. Pinturari dagokionez, bere obra argiz beterikoa da eta estilo postinpresionista jorratu zuen. Nabarmentzekoak dira bere erretratu eta paisaiak.

Ondoren, Nikaraguan finkatu zen, Venezuelako Perez Jimenezen diktaduraren aurka agertu ondotik. Herrialde horretan Nicoya kultura ezagutu eta kolonaurreko arkeologia eta antropologiaren esparrua jorratu zituen, zibilizazio amerikarraren ildotik.

1980. urtean Donostiara itzuli zen, Somozaren diktadurak behartuta. Bertan kolonaurreko artearen museo bat sortu nahi izan zuen Amerika Erdialdeko herrialdetik ekarritako pieza eta fitxak baliatuz. Dena den, ez zuen lortu, nahiz eta Julio Caro Baroja edo Jorge Oteizaren babesa izan.

Auñamendi Argitaletxearen Euskal Herriko Entziklopedia Orokor Ilustratuaren azala apaintzen duen marrazkia berak egina da.

Amerikako egonaldian bere lana erakutsi zuen hainbat erakusketetan, esate baterako, Caracaseko Pasapoga aretoan 100 personalidades izenburupean egindakoa.

2004ko abenduan Bilboko Udalak eta Euskadiko Marrazkilari Profesionalen Elkarteak Otaño ikusten ikasi izeneko erakusketa antolatu zuten omenaldi modura, eta haren ondotik bere katalogoa argitaratu zen.

2008ko martxoan bere karikatura, olio-pintura eta argazki-plantxetan egindako grabatu zenbait ipini zituen ikusgai Bergarako Arostegi Aretoan, Cele Otaño, el artista invisible izeneko erakusketan.