Bestelakoak

Ortzi

Urtzi, Ostri, Ostiri.

Izarrartea, ostargia. Izen hau zeru urdina edo izarrartea irudikatzen duten indoeuropar jainko-izen baliokideen artean sar daiteke. Jainko horien artean daude, besteak beste, tximista eta trumoia. Indoeuroparrentzat zerua jainko bat da, eta, ziurrenik, elementu hori bereganatzean, euskaldunek haren izaera erlijiosoa mantendu zuten. Euskaldunek zeruari dedikatu zioten osteguna ( ortziaren eguna), indoeuroparrek egin zuten bezala. Haiek egun hori zeruari dedikatu zioten, jainkotzat zutelako; euskaldunek ere arrazoi berarengatik egin zuten, seguru asko. Tximista izendatzeko, oneztarri eta ozkarri ere erabili izan dira, hau da, ortziaren harria. Antzinako euskaldunek uste zuten harri hori lurrazalera erori, eta lurrean barrena sartzen zela, zazpi geruza behera eginez. Urtero, geruza bat igotzen zen, eta zazpigarren urtean, lurrazalera iristen zen. Horixe bera da Thor jainkoaren mailuaren eta Jupiter jainkoaren gezien mitoa, baina euskaldunek tximistari emandako izenarekin etxekotuta. Hortaz, pentsatzekoa da Urtzi euskaldunen zeruko jainkoa zela. Gainera, Aymeric Picaud-ek XII. mendean jaso zuen euskaldunek jainkoari Urcia deitzen ziotela ("Deum vocant Urcia"), eta horrek ere gure hipotesia egiaztatzen du.