Kontzeptua

Orgagileak

Historian zehar, garai guztietan pertsona eta zamak garraiatzea garrantzi handiko jarduera izan da. Horretarako, era guztietako baliabideak erabili izan dira, baina guztien artean orga edo gurdiak izan dira erabilienak, batez ere nekazaritza eta artzaintzan oinarritutako herrietan, baina baita iraganeko gerretan ere.

Euskal Herrian, usadioz gurdiak horretan espezializatutako arotzek egiten zituzten: orgagileek. Gehienetan, gurdiak banaka enkargatzen ziren, herrian bertan edo gehienez bailaran ohikoa zen modeloan, nahiz eta garraiatu beharreko zama edo erabili beharreko bideak zirela eta, batzuetan bezeroak aldaketa txikiak egitea eskatzen zuen.

Eskualdearen arabera mota askotako gurdiak zeuden arren, orokorrean bi gurdi mota sailkatu daitezke: alde batetik, kantauriar isurialdekogurdixka. Gurdi horrekbi gurpil sendo zituen, horiek birarazten zituen egurrezko ardatzera zurrun lotuak. Ardatz horrek egurrezko ohe edo egitura bat eusten zuen, 2,5 metro inguruko luzera zuena. Horrez gain, 5,40 metro luzerako haga edo pertuza bat izaten zuen, behiak edo idiak uztartzeko. Bestalde, Nafarroako Erriberan edo Arabako Errioxan, ohiko gurdia honakoa zen: gurpilek egurrezko erradioa eta burdinazko hagunak zituzten, 1,40 eta 1,60 metro arteko diametroa izaten zuten, eta burdina forjatuzko ardatz finkoari eutsita biratzen zuten. Egitura egurrezkoa izaten zen, baina burdina forjatuzko pieza ugari izaten zituen egitura sendotzeko. Horrez gain, burdinazko bi haga zituen, eta zaldiak bi haga horien artean uztartzen ziren.

Aipatu berri dugun lehen gurdi motak egiten aritu zen artisau garrantzitsu bat Florentino Idigoras Elgoibartarra, Urkiola-Txiki izenaz ezaguna zena. Gizon hau 52 urtetan aritu zen jardunean, Txankakua zubi ondoan zuen lantegian. Balterran (Nafarroa), Litago familiak, eskualde hartan erabiltzen ziren gurdiak egin zituzten 1870etik aurrera eta duela gutxi arte.

Bi kasuetan, hasiera batean lana eskuz egiten zen, zeioak, aizkorak, garlopak, eskuzko zerrak, laztabinak eta trintxak erabiliz. Geroago, prozesua mekanizatzen joan zen. Litago Anaiak, 1940 eta 1945 artean, zinta-zerrak, arrabotak, egur eta burdin zulagailuak, lan-mahai mugikorra zuen zerra eta egurrezko hagunak kurbatzeko makina erabiltzen hasi ziren. Makina horiei guztiei ardatz eta polea bidezko transmisio sistema orokor bat eragiten zien. Elektrizitate-etenak ohikoak zirenez, Lister motor bat erosi behar izan zuten. Horrez gain, lantegian sutegi bat eta ingude bat ere bazituzten, egurrezko gurdia sendotzeko erabiltzen ziren burdinazko piezak egiteko.

Elgoibarko lantegi horretan, 1950 aldera zinta-zerra eta arrabota erabiltzen hasi ziren, baina fabrikazio prozesuak gehienbat eskuzkoa izaten jarraitu zuen.

Bi kasuetan, gurdiak egiteaz gain, lantegietan bestelako jarduerak ere egiten ziren. Idigorasek, gurdiez gain, teilatuetarako egiturak egin eta muntatzen zituen; eta Litiagotarren kasuan, orgak, lau gurpiletako gurdiak (8 tona arteko kargakoak), goldeak eta bestelako nekazaritza lanabesak egiten zituzten.

Orokorrean, arotzei, eta batez ere orgagileei, estimu handia izaten zitzaien usadioz, eta nahiko soldata ona irabazten zuten, antzeko indarra eta ezagutza behar zen lanbideetan irabazten zenarekin konparatuta.