Militarrak

Orbe Elio, Jose Maria

Valdespinako Hirugarren Markesa

1776ko irailaren 6an Irunen jaiotako bizkaitar (probintzia horretan garatu baitzuen bere jardun ia osoa) ospetsua. 1850eko uztailaren 21ean hil zen Bordelen.

Konbentzioaren aurkako gerra piztu zenean Gipuzkoako boluntarioen batailoian eman zuen izena, zaldun kadetea zelarik. San Martzialen zauritu eta besoa galdu zuen, hortik "Manchuelo" (besamotza) ezizena. Aipatu gerra amaitu zenean, 1802ko Gernikako Batzarretan, diputatu izateko hautatu zuten Ermutik (bertako alkatea zen). 1804ko Batzar Nagusietan Bizkaiko Konpainien Komandante nagusi izendatu zuten. Konpainia horiek, hain zuzen, Batzar Nagusi horien ondotik sortu ziren, gaizkileak atzeman eta gerra-garaian defentsa egiteko. Instituzio horretatik eratorri zen, beranduago Zamakolada gisa ezagutzen den matxinada. Ahaldun Nagusia zenez hari aurre egin behar izan zion eta, azkenik, Nafarroara ihes egin zuen. Frantziarren inbasioa iritsi zenean batailoi baten buruan paratu zen eta koronel izendatu zuten.

Konstituzioaren hirurtekoan zehar, absolutismoaren eta konspirazioaren aldeko jarrera izateagatik erbesteratu egin zuten. Hala, ihes egin zuen eta Espainiara jo zuen San Luisen Ehun Mila Seme izenez izendatzen zen Frantziako ejertzitoaren babespean. Foraltasuna berrezarri zenean Ahaldun Nagusi izatea lortu zuen berriro eta laugarren brigadako koronel buru izatera ere iritsi zen. Aurrerabidearekiko kezka azaldu zuen. Hala, trenbidearen eraikuntzaren alde borrokatu zuen eta erreforma handi samarra burutu zuen administrazioan. 1830ean gertatu zen Minako saiakera gogotik ukatu zuen. 1833an Ahaldun Nagusi izendatu zuten berriz ere eta Fernando VII.aren heriotzaren ondotik Bizkaia armen hartzera deitu zuen, Carlos Maria Isidro (Fernando VII.aren anaia) tronurako aldarrikatuz eta altxamendua Baskonia osora, Santanderrera eta Gaztela Zaharrera hedatuz. Sarsfielden tropak Bizkaian sartu eta Urizaharran karlistak azpiratu zituztenean "Ermuko Besamotzak" Bilbotik ihes egin behar izan zuen, Foru Aldundi karlistarekin batera.

Nafarroara joan zen ihesi. Han Zumalacarregirekin elkartu zen eta bere ekarpena egin zuen hura euskal matxinoen buruzagi nagusi izendatzeko. Bizkaira itzuli zen talde txiki baten buru altxamenduari beste bultzada bat emateko asmoz. Carlosek Espainiako lehen Mailako Goitasun titulua bidali zion Portugaldik. Horrez gain, Bizkaiko bigarren komandante nagusi izendapena igorri zion, eta 1834ko uztailaren 12an brigadier gradua. Ordutik beti erregearen alde agertu zen. Bilboko bi setiotan parte hartu zuen. 1836an Errege Kontseiluko Ministroa zen eta Zaintza Publikoko errege komisarioa. Hurrengo urtean Gerra Ministro izendatu zuten. Lizarrako fusilamenduen ostean erretiratu zen eta Marotorekin harremanak hautsi zituen, leial jokatu ez zuela uste zuelako. Ez zuen Bergarako Besarkadarekiko atxikimendurik adierazi eta Nepomuceno semearekin erbestera jo zuen. Frantzian konspirazioak han-hemen zabaldu zituen. Horretarako, artean galdu gabeko aberastasuna baliatu zuen.

Hainbat lan historiko eta erlijiozko idatzi zituen: Nuevas consideraciones filosóficas y críticas sobre la Sociedad de los Jesuitas y sobre las causas y consecuencias de su destrucción y De la soberanía y el Gobierno de la Sociedad.