Arkitektura

Orbaizetako arma fabrika erreala

Erdi Arotik burdingintzarako tradizio handi eta erreferentea zuen Nafarroak, inguruko basoen aberastasun natural eta mineralaz gain, ur oparutasuna eta bertako biztanleen nortasun langile eta sendoari esker1. Burdindegi hidrauliko aurreindustrial familiarrak ziren, elementu nagusienak labea, gabia eta gurpil hidraulikoa izanik; sistemaren motorra ur-kanala zen, burdindegiak erreka ertzetan egotearen arrazoi. 2 3

Halakoa zen Eugi, 1492tik kasko eta armaduren produkzioan aritzen zen burdindegia, 1536an Espainiako Koroak erosi zuena bertan munizioa fabrikatzeko asmotan, errentagarritasun faltagatik alboratu zuen arren handik urte gutxitara.

XVIII. mendean, Amerikako aurkikuntzaren ondorenetan, industria iraultza betean eta monarkia Borboitarrak bultzaturik Fabrika Errealak sortuko dira Espainian. Hauek landa industria tradizional batetik eredu ekonomiko, kontzeptu espazial berri batera pasatzea eta katean produzitzea ahalbidetuko dute4, fabriketan ez ezik inguruko komunikazio sare eta azpiegituretan ere modernizazio handiak eginez. 5

Arma fabriken kasuan, bereziki, Iraultza Frantsesak eraginiko askatasun kontzientziak eta Estatu Batuen sezesioak, besteak beste, Espainiar kolonia diren herrialdeak euren independentziaren alde borrokatzera bultzatuko ditu, eta honi aurre egiteko beharrezkoa izango da Arma industria eraginkor eta produktibo bat.

Testuinguru berri honetan 1723an Eugiko fabrika berbiaraziko da6, berreraikitze eta teknologia inbertsio handiak eginez fabrika eta honen irisgarritasunean. 1766an jarriko da martxan,manufaktura Frantsesen eredu argia jarraituz7.

1784an, Eugiko bi labeek inguruko baso-masa agortzeko zorian zuten eta fabrika lekuz-aldatzeko Orbaizetako proposatuko da, tradizio siderurgikoa eta kokapen pribilejiatu bat eskaintzen zituena.

Nafarroako Blanca Erreginak 1432ko maiatzean eman zuen bertan kokatuko zen Larraun burdindegiaren instalaziorako baimena, baita inguruko Iratiko baso eta burdin mehatzeak ustiatzekoarena ere. XVIII. mendean oraindik funtzionamenduan jarraitzen zuen, Ornanoko Kondea eta Echauz-ko Bizkonde titulua zuten bi noble frantsesen gidaritzapean. 8

Koroaren teknikarien iritzia bikaina izan zen, beraz, Carlos III.ak Larraun burdinola eta Aezkoako bailararen mendien eta baliabide naturalen guztien jabetza eta probetxamendu esklusiboa lortu zituen. 9

Eugiko fabrikatik 7 legoatara eta Iruñeatik 10-ra kokaturik egoteaz ezik, inguruko meatze, baliabide hidrauliko eta Iratiko basoak apartak ziren lehengaien berehalako garraiorako. Lursaila paraje baxukoa izanagatik ere Legartza ibaiaren bi ur emari emateko adinakoa zen, bat makinen mugimendurako erabiliko zena eta bestea egurraren garraio edo produktu amaituaren igortzerako.

Gerra logikei zegokienez, ordea, kokapenak planifikazio akats larri bat zuen, Frantziako mugaren gertutasuna (5 kilometro eskas), fabrikak behin eta berriz erasoak pairatu zituelarik bere garapenean zehar:

Burdinola zaharraren egoera 1781-84

Burdinola hidraulikoaren gailuetatik labea, gurpil hidraulikoa, kanala eta hiru presa besterik ez ziren mantendu. Gainontzeko eraikuntzen ezaugarriei zegokienez, egurraren erabilpena nabarmentzen zen harriaren gainetik, eta materiala berrerabilia izan zen.

Lehen nukleoaren eraikuntza 1784-88

Lehen fase batean, elementu aurreexistente eta ibaiaren inguruan oinarrizko bizileku eta gune industrialak eraiki ziren, hurrengo faseetakoak baina txikiagoak eta eraikuntza mailara xumeagokoak izanik. 10 Lacy Kondea, Artilleria Erkidego Errealeko Generala izango da Fabrikaren diseinu eta funtzionamenduaren obra zuzendaria.

Bigarren nukleoaren eraikuntza 1788-1794

Fabrikaren plangintza bi adarretan banatu zen, Espainiakoa, ordura arte eraikitakoa zena eta estatu mailako gerretarako produkzioaz arduratzen zena, eta Indietakoa, Itsasoaz haratagoko kolonietan konbatitzeko munizioa sortzen zuena. Azken honen plangintza izan zen geroko berreraikuntzetan gailendu zena, maisulan militar bat.

Konbentzio Gudaren Osteko Berreraikuntza eta Handitzea 1800-08

1794ko urrian, Konbentzio gerraren ondorioz, Frantziako armadak fabrika bere osotasunean suntsitu zuen. 1800ko irailean hasi ziren berreraikuntza lanak eta azken handitzea, ia alferrikakoa izan zena, Frantsesek 1808 urtean berriz ere erasotu baitzuten fabrika.

Independentzia gudaren osteko konponketak

Napoleonen aurkako gerra amaitzerakoan fabrika asko hondatu zen eta fabrikaren jarduera etenik egon zen 1816tik 1829ra. Jarduera eta ekoizpen normalarekin jarraitu zuen 1834an Zumalakarregiren tropen konkistara arte. 1839an, berriz ere Espainiako gobernuaren eskuetan berreraiki zen, eta fabrikaren garai oparo eta belikoena iritxi zen. 1869an sortu zen sute batek Arma Fabrika Errealaren behin betiko gainbehera eta itxiera ekarri zituen.

Fabrika lau lerrotan eta hiru maila desberdinetan antolatzen zen, oin planoan 170 x 88 metroko azalerara hedatuz. Etxebizitza gunea kanpoeneko lerroan eta maila gorenean zegoen kokatuta, fabrikaren defentsa funtzioa ere betez. Erdikoan ofizina eta almazen guneak zeuden, eta behean soilik espazio industriala antolatzen zen, Legartza ibaiaren inguruan.

Orbaizetakoak, estatuko beste Arma Fabrika garaikide batzuk bezala 11, XVIII. mendeko lehen tipologia zen palazio-industrien zirkulazio sistema horizontala planteatzen zuen, oinean karratu edo laukizuzenak izan ohi zirenak (kasuaren arabera krujia edo patioekin, edo honetan bezala luzatzea ahalbidetzen zuena) eta inguru hiritar edo herrixketatik gertuko landa eremuetan eraikitzen zirenak 12; berezitasun batekin, orografia malkartsua bere alde ekarriz ekoizpenaren motor bihurtzeko.

Pirineoetako ohiko eraikuntza tipologia jarraitzen zuen, eraginkorra eta ornamenturik gabea, harrizko horma eta teilatu maldatsuekin, baina hierarkia bat mantenduz funtzioa eta erabiltzailearen mailaren arabera. Harrizko karga-hormetan bermatzen ziren pabilioiak (harlanduzkoak etxebizitza eta elizaren kasuan, harlangaitzezkoak gune industrialaren kasuan), solairu bat edo biko perfila zutenak, eta estalkia zurezko habe zuzen eta inklinatuekin egituratzen zen, 10-13 metroko argiak estaliz. Fabrikaren irudi gogoangarriena Legartza ibaiaren gaineko arku segida da, harlanduzko puntu erdiko 21 arkuz osatua.

Produkzioa burdin minerala, zepa, harri urtugarria eta ikatz begetala labeetara pasatzean hasten zen. Bertatik burdina urtua kolatzera pasatzen zen, eta aroztegitik, moldetegitik eta errefineriatik pasatako moldeetan sartzen zen, produktu brutoa lortuz. 13 Mazoez (martinete) landu ostean garbitu egiten ziren produktu amaitua lortzeko, eta kalitate kontrola pasatzen zuten bidaltzeko prest almazenatu aurretik. Hiru modutan igortzen zen munizioa, karruaje bidez, Iruñako Artilleria Plazara, Ebrora Irati errekaren bidez, edo Pasaiko Portura (garai hartan Nafarroarena zen), Eugitik pasaz eta Bidasoa ibaitik igaroz.

Eugi eta Orbaizetan kontzeptu berri eta arrazionalistago baten emaitza dira, produkzioa helburu izanik ordenazio espazial desberdin batean antolatzen direnak herrixka-fabrika moduan. Gaur egungo edozein industriaren optimizazio saiakeretan bezala, denbora, espazioa eta materiala aurreztuz, makina, energia eta erregaiaren ordenazio eraginkor baten erakusgai da Orbaizetako Arma Fabrika.

1 Iruñea inguruko polarizazioaren arrazoiak ondorengoak ziren, Industria Militar Espainiarrak bertan bere oinarriak finkatuko zituelarik Macario Arnaiz Kapitainaren esanetan, 1850an "La riqueza de materiales, abundancia de agua y el carácter trabajador y constitución robusta de sus habitantes". RABANAL YUS, AURORA (1987) Las Reales Fábricas de Eugui y Orbaiceta, IRUÑEA Nafarroako Gobernuaren edizioa.

2Burdinolaren eraikinaz gain, aprobetxamentu hidraulikorako metodo interesanteak garatu zituzten, hala nola presak, kanalak eta depositu erregulatzaileak. Honako hauek izango dira aitzindari: Mirandaola Burdinola, Legazpian (XV. Mendea), Orozkoko Torrelanda Burdinola, Marikinako Olazarre, Gizaburuagako Bengolea Burdinola eta Abadiñoko Lebario Burdinola. SOBRINO SIMAL, JULIÁN (1996) Arquitectura Industrial en España, 1830-1990 MADRIL Ediciones Cátedra 107-108.or

3Euskal Pirineoko Burdinolen funtzionamendua Mekanismo Hidraulikoaren Deskribapena. LABORDE WERLINDEN, M. et. al. (2011) Burdinolen Historia Euskal Herrian, Burdinaren Teknika eta Kultura Lasarte-Oria. Etor Ostoa 53-55. or .

4Inportazioak ekidin eta ekoizpen estatala bultzatzea garapen ekonomikoaren giltza izatera deiturik zeuden. Administrazioko arkitektoek garatzen zituzten eta beira, zeramika eta seda bezalako garairako luxuzko alorrez gain elikagai eta industria textiletaraino ere zabaldu ziren Fabrika Errealak.

5Monarkia borboitarrak inguru naturalean eginiko SOBRINO SIMAL, JULIÁN (1996) Arquitectura Industrial en España, 1830-1990 MADRIL Ediciones Cátedra 67, 68 or)

6Multzoak zuen utzikeria maila, inguruaren abertastasun naturala eta irisgarritasun zailtasunak aztertzera bidalia izango da A . J Braus, garaian Artilleria Errealeko Komandantea zena. Bere txostena erabakigarria izango da Eugiren Fabrika Erreala egiteko esleipenerako.

7Eugiko Fabrika Erreala Encyclophedie industrialaren ereduetan inspiratzen da argi, bai bere elementu industrialetan, baita espazio industriala banatzeko eran ere, eta fase produktiboen araberako antolakuntza arkitektonikoan. Horrez gain, bertan azaltzen ziren langileentzako etxebizitza tipologiak jarraitzen ziren.

8Bernard Caupenne de Echauz, Baigorrin jaioa, garaian Orbaizetako Olazar burdinolaren jabe, bi kilometro baino gutxiagora, Larraunen iparraldera. Bertan Murukoa mendiko minetatik eratorritako mineral kobrizoa funditzen zuen. Hornanoko kondea, aurrekoaren koinatak 1783an burdinegiaren eskubideak erosi zituen aurreko jabeak lur jo ondoren, berripen lanak amaitu zituen eta Larraungo burdindegiaren martxa berbiarazi zuen. 1786an Fabrika Errealaren ezarpenarekin Koroak aktibitatearekin jarraitzea debekatuko dio. TXAPAR, MADDI (2003) Historia de la Real Fábrica de Municiones de Orbaizeta. ORBAIZETA Pamiela 22. or.

9Bailarako biztanleei bertan garatzen zituzten abeltzaintza, nekazaritza eta gainerako jarduerak aurrera eramatea debekatu zien. Eskubide hau 1846an berreskuratu zuten.

10Gaur egun ez da fase honen arrastorik.

11Real Fábrica de Armas de Toledo (1780) eta Real Fábrica de Municiones Gruesas de Hierro Colado de Trubia y Oviedo (1794) aztergai. TIELVE, NATALIA (2010) La Real Fábrica de Armas de Trubia : patrimonio de la industrialización en España GIJÓN CICEES.

12Halakoak ziren XVIII. mendeko eraikin industrialak, zirkulazio sistema bertikalera pasako direnak industrializazioa garatuago dagoenean eta energiaren distribuzio zentral batek hala eskatzen duenean. SOBRINO SIMAL, JULIÁN (1996) Arquitectura Industrial en España, 1830-1990 MADRIL Ediciones Cátedra 112-114.or.

13Gainerako tailerrak, sarrailagintza eta hargintza esaterako, erreminta eta makinen mantenurako eta hauen piezen ordezkapenerako izaten ziren batez ere.