Kontzeptua

Ondasunen foru-komunikazioa

Ikuspegi metodologiko batetik, ezkontza-krisialdiak deitutakoen (banaketa, dibortzioa edo deuseztasuna) eta foru-komunikazioaren arteko harremana, Kode zibilak araututako figura batzuen eta Foru-zuzenbide zibilak jasotako beste baten arteko harremana da. Hala, aipatu beharra dago Zuzenbide komunean eta Bizkaiko Zuzenbidean planteatzen diren arazoak eta hauei eskaintzen zaizkien konponbideak oso antzekoak direla. Lehenik, jakina den bezala, banaketa, deuseztasuna eta dibortzioari buruzko araudia Kode zibilean jasotzen da, EHFZZLk ez baitu halakorik arautzen, Espainiako Konstituzioak ezarritako eskuduntza banaketari jarraiki. Bigarrenik, Foru-komunikazioa bera irabazpidezko sozietate gisa konfiguratzen da banaketa, deuseztasun eta dibortzio kasuetan. Kode zibila aplikatuko zaio hipotesi horiei, Espainiako ordezko zuzenbide orokorra den heinean.

Foru-komunikazioak aurkezten duen berezitasunik nabarmenena, ziur asko, fase honetan ematen den alternatibotasuna da. Eraentza disolbatzeko kausaren bat existitzen denean, inguruabarren arabera, eraentza likidatzeko eta banatzeko bi modu daude: lehenengoa, komunitate unibertsal gisa eta bigarrena, irabazpidezko sozietate soil bezala.

Komunitatezko beste edozein ezkontza-eraentza ekonomiko disolbatzen den kausengatik disolbatzen da ere foru-komunikazioa. Kausen zerrenda Legearen 95. 2 eta 3. artikuluan jasotzen da: ezkontza krisialdiak (banaketa, deuseztasuna eta dibortzioa), ezkontza-kapitulazioak esleitzea eraentza aldatuz, eta judiziozko adierazpen zuzena ezkontide batek, ezkontza-ekonomiarentzat anormalak diren egoeratan, luzatutako eskaeraren ondorioz (beste ezkontidearen ezgaitasuna, izatezko banaketa, etab...). Kausa hauei gehitu beharko litzaieke ezkontide baten heriotza eta 102. artikuluan aurreikusten den zor pertsonalengatiko exekuzioa.

Komunitatea amaitzea

Disoluzio kausek eraentza amaitzea eragiten dute. Foru-komunikazioa arautzen duten xedapenak ez dira jada aplikatuko. Ezkontideek (edo euren oinordekoek) data horretatik aurrera eskuratzen dituzten ondasunak ez dira komunikatuko, euren titulartasuna pribatiboa izango baita. Disoluzio data da, beraz, komunitatean ondasun eta zor berriak sartzen ez direla erabakitzen duen inflexio puntua. Disoluzioaz geroztik sortzen den egoeran garrantzi handia dute, hala ere, kasuan ematen diren ukanbehar zehatzak. Aplikazio orokorreko erregelak ezarri badaitezke ere, supostu bakoitzean aurkezten diren berezitasunek pisu handia izango dute, printzipio orokorrak moldatzeko adinakoa. Inguruabar hauen artean azpimarragarria da foru-komunikazioa finkatzea edo ez finkatzea, baita komisarioaren existentzia, disoluzio kausa bera, ezkontza-ondarearen konposaketa, etab.

Foru-komunikazio ondorengo komunitatea

Disoluzioaz geroztik, ondare komuna osatzen duten ondasunak ez dira automatikoki ezkontide bakoitzaren (edo eta bere oinordekoen) ondare pertsonalera igarotzen. Lehenago, likidazio eta banaketa fase ireki egin behar da. Operazio hauek bukatu arte (maiz atzeratu egiten dira, adibidez, ezkontide alarguna hil arte), komunitate egoera juridikoa mantendu egiten da, nahiz eta disoluzio datatik aurrera ezkontideek (edo euren oinordekoek) eskuratzen dituzten ondasunek izaera pertsonala eduki. Egoera horri foru-komunikazio ondorengo komunitatea deritzo, eta foru-komunikazioa arautzen duten arauak ez diren beste batzuek erregulatuko dituzte haren kudeaketa eta zorrengatiko erantzukizun sistema.

Ondasunen foru-komunikazioaren likidazioa eta banaketa, aipatutako alternatibotasunari jarraiki, bi sistema ezberdinen arabera egingo da, eraentza bera finkatzen den ala ez kontutan hartuta: finkatze-sistema edo ez finkatze-sistema. Edozein kasutan, banatuko dena komunitate bat izango da, baina ez du hedadura bera izango eraentza finkatzen bada edo ez bada finkatzen. Eraentza finkatzen bada komunitatea unibertsala izango da eta eraentza finkatzen ez bada, mugatua. Horregatik, burutu beharreko operazioak baita aplikagarri suertatzen diren printzipioak ere berberak izango dira bi hipotesietan, berezitasun esanguratsu batzuk kenduta.

Banaketa operazioei dagokienez, aplikatuko zaizkie, lehenbizi, foru-komunikazioaren arau espezifikoak. Bigarrenik, euskal Legearen 102.2. eta Kode zibileko 1.410. artikuluek agintzen duten bezala, aplikagarri suertatuko zaizkie jaraunspen komunitatearen banaketa erregulatzen duten xedapenak. Erremisio hau Kode zibileko arau substantiboei egina dagoela ulertu beharra dago (EHFZZLk ez baitu halako xedapenik, 58, 63 eta 64. artikuluetan jasotakoa salbuetsiz). Prozedurazko arauei bagagozkio, kontuan hartu behar da Prozedura Zibileko Legean (806. eta h. artk) badagoela "ad hoc" prozedura bat ezkontza-eraentza ekonomikoa banatzeko, foru-komunikazioari erabat aplikagarria suertatzen zaiona. Prozedurak, ondo bereizitako bi fase ditu (jaraunspenaren banaketan baino bereiztuagoak): lehenengo fasea, inbentarioa zehazteko eta, bigarrena, ondasunak banatzeko.

Hala ere, ezkontideek legegileak komunitatea likidatzeko eta banatzeko aurreikusten dituen arauak alda ditzakete. Adostasunean oinarritutako bide honek kasu konkretuari hobeto egokitzen zaizkion soluzioak aurkitzea ahalbidetuko du.

Ezkontza-eraentza ekonomikoaren eremuan, ezkontideen adostasunak antolatzeko modu ezberdinak daude: 1. Ezkontza-kapitulazioak dira akordio horiek plazaratzeko tresna erabiliena ezkontza-lotura egoera normal batean dagoenean. 2. Ezkontza-krisialdietan, berriz, hitzarmen arautzailea, zeinaren parte bat ezkontza-eraentza ekonomikoaren likidazioari buruz aritzen den. 3. Ezkontideen arteko kontratuak, zeintzuen bidez era guztietako operazio ekonomikoak egin daitezke (adibidez, ondasun baten salerosketa, dohaintza bat, etab.). 4. Foru-komunikazioaren likidazio eta banaketa operazioak, izan ere, ezkontideek eurek askatasunez banatzen eta esleitzen baitituzte ondasunak, adostutakoaren arabera.

Komunitatea finkatzea: komunitate unibertsala

Komunitatea soilik finkatzen da ezkontza-lotura ezkontide baten heriotzagatik disolbatzen bada eta, gainera, ezkontideen seme-alaba komunak badaude. Alternatibotasuna Bizkaiko tradiziozko zuzenbidean tronkalekotasunak duen garrantzian oinarritzen da. Tronkaleko onibarren titulartasuna eskuratu dezaketen seme-alabak daudenean soilik izango da onargarria ezkontza-ondasunen komunitate unibertsala. Seme-alabak daudenean, nahiz eta ondasun guztiak komunikatu, tronkalekotasunaren eraginkortasunak eta senipartearen malgutasunak, ondasunak familiatik kanpo irtetea galerazten dute, ezkontza dela medio ondasunok beste familia-lerrora igarotzea ekidinez. Alde batetik, tronkalekotasunaren bertutez, tronkaleko onibarrak behin-betiko ezkontza horretatik sortutako seme-alaben eskutan erori behar dira, haiek baitira lehentasunezko lerroko senitartekoak. Bestetik, Bizkaiko zuzenbidean arautzen den lau bosteneko senipartearen bitartez -Foru Berritik gaur egun arte etenik gabe indarrean egon dena- alargunaren ondasun zatia seme-alabei zuzendua geratzen da. Finean, komunitate unibertsala Bizkaiko zuzenbidearekin bat dator seme-alabak daudenean, baina ez da horrela gertatuko beste hipotesi guztietan. Horregatik bereizten dira supostuok.

Ezkontideen ondasunen banaketa, foru-komunikaziotik at geratu direnak salbuetsiz, erdi bana gauzatzen da euren artean. Erregela honek likidazioan dagoen ondare osoaren balioan du oinarria, eta ez ondasun bakoitzaren balioaren erdian -funtsean, Legearen 108. artikuluari jarraiki, baita banaketaren arrazionaltasun irizpideari erreparatuta ere, ez baita gomendagarria ondasun zehatz bat pertsona ezberdinen artean banatzea.

Tronkalekotasunak ondasun higiezinei ematen dien izaerak ezkontza indarrean dagoen bitartean dirau, baita hura disolbatzen denean ere. Tronkalekotasuna babesten duten arauek, onibarrak familiari lotuz, ezkontza-eraentza ekonomikoa arautzen duten erregelekin bat egiten dute. Sistemaren ardatza tronkalekotasuna arautzen duten erregelek osatzen dute, posible den heinean ezarritako ezkontza-eraentza ekonomikoari dagozkion xedapenak mantenduz. Hala, Legearen 108. artikuluak ezkontza-komunitatearen aktiboa esleitzeko eraentza ezartzen du, tronkalekotasuna mantentzea helburu izanik.

Zor pertsonalak ordaintzeko barne eta behin-betiko ekarpenari bagagozkio, ondasunen foru-komunikazioak arau bereziak aurkezten ditu, beste komunitatezko eraentzekin alderatuz. Komunitate unibertsala disolbatzeko kausa dena delakoa izanik, ezkontide bakoitzaren zor pertsonalak ez dira komunikatzen, zorpeko ezkontidearen erantzukizunpean geratzen dira. Foru-komunikazioa ez bada finkatzen eta irabazpidezko sozietate bat bezala likidatzen bada, logikoa da horrela izatea, Kode zibilak berak arautzen duenari jarraiki. Hala ere, eraentza finkatzean, ondasun guztiak komunikatzen diren arren, zor pertsonalekin ez da gauza bera gertatzen, eta zorpeko ezkontideak berak jasan beharko ditu. Ondorio hau 102. artikuluko azken paragrafotik eta 108. artikuluko azken paragrafotik ateratzen da, bi xedapenek likidazio operazioetan ezkontide baten zor pertsonalengatik ordaindutakoa konputatzea galdatzen baitute. Legegilearen aburuz, zor horiek ezkontidearen interes pertsonal soilean oinarrituta eragin badira, komunitateari onurarik ekarri gabe, honek ez ditu zertan jasan.

Komunitatea ez finkatzea: irabazpidezko sozietatea.

Komunitatea ez da finkatuko ezkontide bat hiltzean seme-alaba komunik ez badago. Horregatik, ezkontza-loturaren krisialdi egoeratan, akordio gehigarririk gabeko ezkontza-hitzarmenen kasuan, arrazoizko kausa dela eta ezkontide batek disoluzioa eskatzen duen hipotesietan eta ezkontide baten heriotza gertatuta seme-alabarik ez dagoenean, ez da komunitatea finkatzen, eta ezkontza-eraentza ekonomikoa irabazpidezko sozietatearen araudiari jarraiki likidatu beharko da. Konpilazioa indarrean zegoenean (testuan ez baitzen esanbidez jasotzen), eztabaidatu egin zen dibortzioak zein motatako likidazioa eragiten zuen, komunitate unibertsal gisakoa edo eta irabazpidezko sozietateari zegokiona. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 1991-2-28 epaiak (RJ 1992/10281) bigarren aukera onartu zuen.

Finkatzen ez den foru-komunikazioaren likidazioari dagokionez, EHFZZLk ez du araudi zibil orokorraren aldeko erremisiorik egiten fase hori arautzeko. Testuaren 109. artikuluak jasotzen ditu likidazio eta banaketa erregela guztiak. Hala ere, logikoa da ulertzea ordezko araudi bezala, Kode zibilak aurreikusitakoa aplikatuko dela irabazpidezko sozietateari gagozkiola.