Kontzeptua

Ondasunen foru-komunikazioa

Ezkontideen zorrei gagozkiola, jarduera bateratuaren printzipioa ez da zorrotz jarraitzen. Euren askatasun pertsonala eta ondarezkoa egikaritzean, edozein ezkontidek aurrera eraman ditzake, bere kabuz, zorrak dakartzaten egintzak. Adibidez, ezkontide batek delitu bat egiten badu, bere gain erantzukizun zibila sortuko da, nahiz eta beste ezkontidearen baimenik gabe jokatu. Garrantzitsuena, beraz, egintza juridiko horietatik eratorritako ondorio juridikoak dira, hots; zorrak sortu ostean, eurekiko ezkontideen zein ondasunek erantzungo duten zehaztea.

Bizkaiko eraentzan, komunitatearen pasiboa zein den zehazteko hainbat irizpide hartu behar da kontuan, ezkontideei dagozkien zorrak egituratzearren. Irizpide horien artean bi aipatu daitezke: lehenik, zorra bakarka edo batera sortu den; eta, bigarrenik, zorra zein motatako gastuari dagokion. Bi irizpideok konbinatuta, bost motatako zorrak aurki daitezke:

  1. Ezkontzaren kargak, esanbidez EHFZZLko 98. artikuluak aipatzen dituena.
  2. Bi ezkontideek batera sortutako zorrak.
  3. Bakarka sortutako irabazpidezko zorrak.
  4. Ezkontide bakoitzaren zor pribatiboak.
  5. Ezkontza ospatu aurretik sortutako zorrak edo dohaintza zein oinordetza dela medio sortutakoak.

Ezkontzaren kargei dagokionez -EHFZZLko 98. artikuluan arautuak-, esan beharra dago 1992ko uztailaren 1eko Legeak ez dituela definitzen. Horregatik, derrigorrezkoa suertatzen da ordezko Zuzenbidera jotzea, eta, bereziki, Kode zibileko 1.362.1. artikuluak dionera. Doktrinaren iritziz, artikulu honek jasotzen du ezkontzaren kargen kontzeptua. Ez dira ezkontideen zor komun guztiak, baizik eta elkarbizitzari zuzenki lotuta agertzen direnak. Hori dela eta, legegileak zor hauen aurrean erantzukizun sistema zorrotza ezarri egin du.

Erantzukizun maila bi daude ezkontzaren kargei dagozkien zorren aurrean: irabazitako ondasunen erantzukizun zuzena eta ezkontide bakoitzarenak diren ondasun pribatiboen ordezko erantzukizuna. Azken hauen erantzukizuna ezkontide bakoitzaren ondarearekiko proportzionala da, gainera. Beraz, ondasun gehiago dituen ezkontideak gehiago ordainduko du zor hauen aurrean. Sistema hau zuzena dirudien arren, dakartzan zailtasun praktikoak agerikoak dira.

Bigarren taldeko zorrak ezkontideek batera edo batak bestearen oniritziarekin sortutakoak dira. Euskal Legeak ez ditu aipatzen. Hala ere, zor hauen gaineko erantzukizun sistema honako hau izango da: ezkontideen ondasun guztiek erantzungo dute euren aurrean. Bi ezkontideek sortu badituzte zor hauek, logikoa da biek erantzun behar izatea.

Betebeharren hirugarren multzoa ezkontide bakar batek sortutako zor komunek osatzen dute. Dirudienez, EHFZZLk ez ditu zor hauek aurreikusten eta, Legearen 102. artikuluari jarraiki, pentsa genezake, gainera, zor horiek eragin dituen ezkontidearen zor pertsonalak direla, araua beste ezkontidearen baimenik gabe egindako zorrak eta betebeharrak aipatzen baititu. Euskal Legearen azaleko analisi bat egingo balitz, pentsa liteke Bizkaiko Zuzenbideak faktore subjektiboa bakarrik hartzen duela kontuan, hau da, ezkontideetatik zeinek eragin duen zorra. Hala, ezkontide bakar batek bere kabuz sortu badu zorra, erantzukizuna ez da izango zor komunentzat aurreikusitakoa. Era berean, soilik bi ezkontideek parte hartzen dutenean zorraren sorreran izango du hark izaera komuna. Ondorio hau ez da zuzena.

Suposa dezagun ezkontide bat dentista dela. Komunitate-eraentzaren eraginez, bere jarduera profesionaletik jasotako irabaziak komunak egingo dira, ondasun irabaziak baitira. Beraz, bere profesioa egikaritzen badu alokatutako pisu batean eta atzeratutako errentak ordaindu behar baditu, ez litzateke logikoa izango zor hori komuna izatea? Hipotesi honi eta beste batzuei "ubi emolumentum ibi onus" latinezko esapidea aplikatu beharko litzaieke.

Euskal Legearen 102.2. eta 109.3 artikuluetatik zera ondoriozta daiteke: familiaren interesa ukitzen duten esparruetan ezkontide bakar batek eragindako zorrak komunak izango dira. Bestalde, Legearen 98. artikulua aipatu beharra dago, ezkontzaren kargei buruzkoa; izan ere, arau horrek ez baititu derrigorrez lotzen zor komunak soilik bi ezkontideek eragindakoekin. Are kontrakoa. Arau horretatik bi ondorio atera daitezke: lehenik, ondare komuna lotzeko ez dela beharrezkoa bi ezkontideek batera jardutea; eta, bigarrenik, gastuaren kausari erreparatu behar zaiola erantzukizun sistema zein izango den zehazteko.

Gogoeta hauek kontuan hartuta, beraz, adierazi daiteke irabazpidezko sozietatearen baitan zor komunak direnak foru-komunikazioan ere zor komunak izango direla. Talde honetan komertzioa egikaritzetik eratorritako zorrak ere barnebiltzen dira.

Laugarren taldea ezkontide bakoitzaren zor pertsonalek osatzen dute, hurrengo atalean sakonki aztertuko ditugunak.

Bosgarren eta azken taldea zor pertsonal mota "berezi" batzuk osatzen dute: ezkondu aurretik ezkontide batek eragindako zorrak eta oinordetzak zein dohaintzak grabatzen dituztenak. Printzipioz, zor hauek ez dute komunitatean eraginik izango eta, horregatik, ezkontide bakoitzaren zor pertsonal gisa kontsidera daitezke. Adibidez, suposa dezagun senarrak mailegu bat eskatu zuela Zuzenbide ikasketak burutzeko ezkongabea zenean. Komunitatea gerora sortu denez, zor hori eragin zuen ezkontidearena izango da soilik. Gauza bera esan daiteke emaztea ukitzen duen oinordetza grabatzen duten zorrei buruz. Printzipioz, izaera pertsonala dute.

Euskal Legearen 102. artikulua konplexua da. Ezkontide baten zor pertsonalei aurre egiteko kanpo-erantzukizun sistema bat diseinatzen du, funtsean, zor pertsonalengatiko erantzukizuna mugatzea helburu izanik. Zailtasun praktiko gehien sor ditzakeen afera dugu hau, Legeak iluntasun nahiko uzten baititu agerian eta supostu oso gatazkatsua baita.

Zehaztu beharreko lehenengo kontzeptua zor pertsonalei dagokiena da. EHFZZLk ez digu esaten noiz gauden mota honetako zor baten aurrean. Legegilea 102. artikuluak aurreikusten duen sistema ezkontide batek bestearen baimenik gabe eragindako zorrari aplikatuko zaiola adieraztera mugatzen da. Baina, ikusi dugun bezala, irizpide subjektiboa ez da nahikoa zorraren izaera zehazteko; hala azpimarratzen du Bizkaiko Probintzia Entzutegiak 1992-5-15 epaian (AC 1992/680). Zehaztea, beraz, bazterketaren bidez gauzatuko da; zor komunak edo irabazpidezkoak zeintzuk diren definitu ondoren, beste guztiak zor pertsonalak direla adieraztea nahikoa izango da. Azken hauen adibide dira hurrengo hipotesiak: delitu batetatik eratorritako erantzukizuna, administraziozko urratze batetik sortutakoa, kontratuz kanpoko zorrak -beti ere komunitateari onurarik ez badakarkiote-, edo eta interes pertsonal soilak gidatuta eragindakoak, adibidez, masaje etxe batean eginiko gastuak.

Indarrean dagoen sisteman, 102. artikuluko lehenengo erregelak zera dio: "Zorpetu ez den ezkontidearen ondasunak beti geratuko dira erantzukizunetik kanpo". Horrek esan nahi du ezkontide baten zor pertsonalengatik ez dutela inoiz beste ezkontidearen ondasun pribatiboek erantzungo: hau da, ezkondu aurretik zituen edo eta dohaintza zein oinordetza bidez eskuratutakoak.

Artikulu horren arabera, zor pertsonalengatiko bahitura zorduna ez den ezkontideari jakinarazi behar zaio. Honek hiru aukera ezberdin ditu eskura: 1) Lehenik, bahitura eta ondasunen exekuzioa baimendu dezake, dena delakoa izan bere izaera eta kopurua. 2) Bigarrenik, ondasunen foru-komunikazioa disolbatzea eska dezake. 3) Eta hirugarrenik, nahiz eta aukera hau eztabaidagarria den, eska dezake bahitura zorpeko ezkontidearen ondasun pertsonalen eta irabazitako ondasun guztien balioaren erdira murriztea. Arauak, izatez, erantzukizunari buruz aritzean "zorpekoaren erdi komunikatua" aipatzen du. Erregela hauek Prozedura Zibileko Legeko 541. artikuluak aurreikusten duenarekin lotu daitezke, artikulu honek zor pertsonalengatik ondasun komunak bahitzen diren supostuetarako zorpekoa ez den ezkontideari eskaintzen baitio ezkontza-eraentza disolbatzeko aukera. Kasu horretan:

"auzitegiak, ezkontideei entzun ondoren, ondarearen banaketari buruz dagokiona ebatziko du, eta, bere kasuan, Lege honek xedatzen duenaren arabera burutzea erabakiko du, bitartean ondasun komunen gaineko exekuzioa etenaz".

Xedapen honek 1881eko Prozedura Zibileko Legepean sortutako zalantzak konpondu gabe uzten ditu.

Prozedurari berari bagagozkio, printzipioz, posible da komunitatearen likidazioa eta banaketa egitea: 1) Prozesuari gehitutako ezkontideen akordio bidez. 2) Kontrako kasuan, Prozedura Zibileko 806-810 artikuluak aplikatuko dira, edozein komunitatezko ezkontza-eraentza ekonomiko banatzeko prozedura finkatzen dutenak. Logikoena litzateke, exekuzioa daraman Epailearen aurrean hastea prozedura hau, eta honek ezkontideengan luzatzeko maniobrak atzemango balitu, berau bukatutzat jo lezake, ondasun komunen gaineko bahitura mantenduz.