Poesia

Olerti eta idazti guziak. Juan Arana, "Loramendi"

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

1932. urteko Olerti Egunetan saritua izan zen Juan Arana Loramendi (Bedoña, 1907-Donostia 1933), Lauaxeta eta Lizardiren ondoren, eta sona handia izan zuen sasoi batean. Gogoratu beharrekoa da Gabriel Arestik Maldan Behera (1959) poeman euskal poeta nagusien tokian jarri zuela Loramendi. Baina 1960. urte arte ez zen bere lana liburu legez argitaratu. Ordura arte 1932. urtean Olerti Egunean saritutako "Barruntza-leyoan" poemagatik zen ezaguna. Horrezaz gainera, aipatu beharrekoa da harrera berezia izan zuela gerra aurreko kritikarien artean, eta estimu handian izan zuela Jose Ariztimuño, Aitzolek. Ez da zalantzarik inpresioa sortu zuela hain gazte, eta oso une hunkigarrian, hain zuzen ere apaiz egin behar zuten egunean bertan, joan izena gure artetik, non euskal literaturaren inguruan zabaldurik baitzen poeta onak gazte hiltzen ziren topikoa.

"Barruntza-leyoan" poema erlijiosoa dugu, nahiz eta "Maite kanta" bezala sailkatu izan den. Maite hori, noski, Jainkoa da, eta harekin izandako erlijio esperientziaz ari da poeta. Beraz, testuak "maitasuna" jainko usainez tratatu nahi du, barrokoan hainbestetan egin zen moduan.

Testuaren aipuak Bibliako "Kantuen kantua" du iturburu, eta kantu erotikoa kantu erlijioso bihurtzen da Jainkoari aipamenetan.

Juan Arana, Loramendiren poesiak hiru bide agertzen ditu:

1. Sinbolismoaren barnean kokaturiko poesia da. Hortaz, poesia metaforizatua da, sinboloz hornitua, aliterazioa eta musikaltasuna maiz erabiltzen dituena, musikaren eragina azalean jartzen dakiena..

2. Poesia klasikoaren antza du. Hasierak molde klasikoen topikoak dakartza gogora: "Loak ar bitza, loak ar bitza gudozte-kantak/ Dunbots zakarrak beude gaurdanik ixillean". Klasikotasunaren izenean, poema kontzientziaren barnean egiten den bidaia gisa aurkezten da: "Bil nadin noizpait, ero galanta au, barren ontara". Barrenetik egiten den bidaia da Loramendik proposaturikoa. Aitzolek (1933) ongi ikusi zuen bezala: "Olerki onetan dana da barrukoi; biotz-barreneko txokorik izkutuenean gordea. Dana da yainkotiar. Olerkariaren arima-barnean bildua da dana, bere Maiteak maite duala ikustean barnera biltzen baita olerkaria". Beraz, joera intelektualak agintzen du testuan zehar, nahiz eta Loramendi trebe aritu zen izadiaren eta barne kontzientziaren arteko oreka lortzen eta sortzen. Ziurrenik, gaur egungo irakurketa baterako, izadiari egindako aipamenak dira baliagarrienak. Baina poemaren barnean datzan alegoria oso ezaguna da..

3. Juan Arana Loramendiren poesian bada joera herrikoirik poetaren lana hobekien aztertu duen Igone Etxebarriaren (1985) ustetan. Eta halaxe da izadiaren trataeran eta Maitearen agerpena kontatzerakoan ere herri esaunda bat ekartzen baitu poesiaren tratamendura Loramendik.

Izena eman zion poemakoaz gain, poetak beste hiru gai darabiltzala esan zuen Igone Etxebarriak: pertsonaia erlijiosoen aipamena, naturatik hartutako pertsonaiak eta olerkaria bera. Gai erlijiosoetan Ama Maria Birjinaren gorazarrea egiten du maiz, naturak sinboloak egiteko eta osatzeko erabili ohi du poetak, eta kasu horretan sinbolisten ezaugarriak ageri ditu: txikitasunaren alde egiten du, txorien metaforizazioa, landareen erabilpena, koloreen eta natura bertuteen agerpena... Bestalde, poeta beti dago oso presente lanetan, eta joera alegorikoa nabari da testuetan. Poetaren ni lirikoa maiz ageri da, beti ere poemako beste pertsonaiek berarengan izan duten eraginean sakontzen duelarik.

  • ARIZTIMUÑO, J. AITZOL. "Aurre-itza" in Eusko olerkiak. Poesías Vascas. 1932. Donostia: Euskaltzaleak, 1933. 4-17 or.
  • ETXEBARRIA, Igone. "Loramendi Olerkia". Egan. XLVI, 1985. 45-75 or.