Kontzeptua

Olentzero

Donostian Olentzeroren inguruko tradizioa berreskuratu egin zuten Gerra Zibila (1936-1939) bukatu eta urte gutxira, beste herrietan baino lehenago alegia. 1945ean Koruko Andra Mariaren Schola Cantorum-eko euskal dantzak lantzen zituen taldeak lehenengo irteera antolatu zuen. Berau gaizki bukatu zen hiriko kaletan barrenahainbat istilu gertatu baitziren, poliziak festa giroko ekimena zen hura aberriaren aldeko aldarrikapentzat jo zuelako.

1946ko ekitaldiak honako eragile hauen eskutik bideratu zen: Jose Luis Urbieta, Joaquin Mendizabal, Jose Mari eta Alejandro Arregi. Oraingoan Kursaaletik abiatu zen kalejira balitz bezala, San Antonio Abad ospitalekoTuberkulosiaren aurkako Pabilioiaren alde.

1947an hiru Olentzero izan genituen eta 1948an Olentzero bakarra atera omen zuten "Gau Txori taldearen eskutik alegia. Garai hartan Arroca kalean zuen egoitza eta garai hartako prentsan honela zioten "beste taldeek antolatutako Olentzeroekin bat egingo dute", besteak beste, Karmeldarrek eta Antiguako Luistarrek prestatutakoa. Goizaldi elkarteak 1959tik 1963ra bitartean antolatu zuen Olentzeroren irteera.

Euskal dantzetako taldeak eta hainbat parrokietako gazte jendeak eragindako kristau taldeak izan ziren ekimen horien eragile nagusiak. Eliza Katolikoarekin ere tirabirak izan zituzten. Honek abenduaren 24an jaiotzak jartzeko ohitura zeukan eta Olentzero ohitura paganotzat jo zuen. Arazoa Eguberrietako egunak bananduz konpondu zuten: abenduaren 24an Jaiotzak jarri zituzten eta 31an Olentzeroren eguna bilakatu zen.

Handik gutxira, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak, Gazteen Frontearen gabon-kanta lehiaketa eta hainbat Olentzerok Eguberritan arazorik gabe elkarrekin aritu ziren, 1958an denak bat egin arte, Gipuzkoako plaza dagoen Jaiotza inauguratu zenean alegia. Bertara Olentzero ere etorri egin zen eta diorama baten bitartez irudikatu zuten.

Donostian laurogeita hamarreko hamarkadan, Olentzerok lepoan hartuta kalejiran zeramaten pertsonaia soila izateari utzi egin zion eta desfile propioa izatera ailegatu zen, karroza dotore baten gainean ere azalduz. Horrela, betiko tradiziozko izaera galdu egin zuen, Errege Magoen parekoa bilakatu nahian alegia.

Javier Sada Anguera