Ipuia

Olaizola Lazkano, Jesus Mari

"Txiliku"

Jesus Mari Olaizola Lazkano, "Txiliku" ezizenaz ezaguna, Zarautzen (Gipuzkoa) jaio zen 1951ko apirilaren 15ean. Don Bosco ikastetxeko barnetegian lau urte igaro zituen kimika ikasten, eta handik unibertsitatera jo zuen. Kimikako ingeniari teknikoa da ikasketaz, baina inoiz ez du horretan lan egin. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakasle izan zen, eta 80ko hamarkadaz geroztik, Elkar argitaletxeko langilea da. Bertan, batik bat zientzietako testu-liburuak prestatzen egin du lan. Haur- eta gazte-literatura landu du gehienbat, baina baditu helduentzako zenbait obra ere. Besteak beste, Koldo Mitxelena Saria (1994), Lizardi Saria (1986), Tene Mujika Saria (1995) eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (2004) irabazi ditu.

Estilo zuzena, erraza eta arrunta (baina sinplekeriatan sartu gabe) erabili ohi du, eta maiz adierazi du bere helburu nagusia irakurleak erakartzea dela, ez duela, esaterako, irakurle gazterik aspertu nahi, ezpada horiek literaturara erakarri.

Zozoa eta biok (Elkar, 1982) izan zen Txilikuk kaleratutako lehenbiziko literatur lana, eta orduz geroztik etengabe kaleratu ditu haur eta gazteentzako liburuak. 80ko hamarkadan bertan Tturku eta Gotzon (Elkar, 1984), Papartxutxieta Biboteluxe (Elkar, 1985), Zenbakiak ikasi ditut (Elkar, 1986), Zazpi egun ditu asteak (Elkar, 1986), Xaxarko (Elkar, 1986), Muxi eta Puxi (Elkar, 1987), Lizardi Saria eskuratu zuen Zazpi gelako hodeietako etxea (Elkar, 1987) nahiz Mutiko ausarta eta neska panpoxa (Elkar, 1987) kaleratu zituen. Aipagarria da jada lehenbiziko lan horietan zarauztar egileak irakurle gazteenentzat idaztean erakutsitako abilezia, eta gogoangarriak dira, besteak beste, Muxi eta Puxi muxar jakintsuen ibilerak negua iristean edo mutiko ausartak eta neska panpoxak bizi dituzten abentura fantastikoak, gizajale erraldoi eta eraztun magiko eta guzti.

Jada 90eko hamarkadan, hasitako literatur ibilbideari jarraipena eman zion Txilikuk; are gehiago, ibilbidea sendotu eta arrakasta handitzea lortu zuen. Literatur kritikarien arabera, zarauztarraren 2061: antzinako kronikak (Elkar, 1990) lana da euskarazko haur- eta gazte-literaturako zientzia-fikziozko lehenengo liburua. Lan horretako protagonistak 2061ean bizi dira, eta garai horretan libururik ez dagoela eta, liburuak zer ote diren ikertzen hasten dira. Istorioa orainaren eta etorkizunaren arteko gizarteak elkarren ondoan jarri eta konparatzeko baliatzen du egileak: denbora-tarte horretan gertaturiko aldaketak nahiz etorkizuneko asmakizunak dira narrazioaren oinarria eta eragilea. Urtebete igarota Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan (Elkar, 1991) lanak ikusi zuen argia. Lan horretan, 1987an kaleratutako narrazioko pertsonaiak berreskuratu zituen Txilikuk, eta helburu berria dute: tartalo-talde bat bizi den basoa zeharkatzea.

Hurrengo urtean kaleratutako Katixa eta kroko (Elkar, 1992) lana, berriz, errealismo kritikoaren esparruan kokatu dute kritikariek. Bost urteko neska du protagonista, eta bizileku duen etxean gertatzen diren bihurrikeriak (apurtutako gauzak, liburuetan agertzen diren haginkadak, etab.) ipuin batetik irten omen den krokodiloari leporatzen dizkio. Indianoa (Elkar, 1993) abentura-eleberritxoa da, Mila gau eta bat gehiago obraren antzekoa da formari dagokionez, eta Indianoa lanean bi kontinente eta bi garai uztartu zituen.

Jada 90eko hamarkadaren erdialdean, Agure jakagorria (Elkar, 1995) agertu zen. Maitasunari heldu zion egileak lan horretan: Mariela eta Joxeangel egunero egiten dute topo trenean, eta Joxeangel Marielarekin zoro maitemindurik dago. Halako egun batean, Marielak eskutik heltzen dio, eta Joxeangel sinetsi ezinik dagoenean, pozez zoratzearren dagoenean, pertsonaia bitxi batek eteten du unea: Euskal Herriko azken aztia omen den gizon jaka-gorriak. Urte hartan bertan argitaratu zen Hiru lagun (Elkar, 1995) lana ere. Ipuinean hiru animalia, hiru lagun (beltxarga, enara eta kulixa) ageri dira, elkarrengandik eta Euskal Herritik urrun bizi direnak, baina urtero biltzen direnak Euskal Herriko kostaldeko herri batean. Bada, lagunetako bakoitzak ipuin bat kontatzen du. Ekologia da liburuko gai nagusia. 1995ean argitaratu zen, halaber, Etxerako bidea (Elkar, 1995). Urtebete geroago, Albahaka lurrina (Elkar, 1996) lana eman zen argitara.

Artean helduentzako zenbait lan argitaratu zituela eta, Txilikuren haur- eta gazte-literaturako hurrengo lan aipagarria 2000. urtean eman zuen argitara Elkar etxeak: Kikik Koko nahi du. Lan horretan, aitona-amonen eta iloben arteko hartu-emanak ageri dira eta protagonista, Kiki, loroa da, gose denean eta inork jaramonik egiten ez dionean biziki haserretzen den loroa. 2000. urtean eman ziren argitara, bestalde, zarauztarraren Axa Miza Zilarra (Elkar)eta Oihaneko mutikoa (Baigorri) obrak ere.

Amona Blasi eta herensuge-kumea (Elkar, 2002) lanean euskal mitologiako izakiak berreskuratu zituen Txilikuk, Amona Blasiren teilatuan bizi diren herensugeak. Liburua Teresa González-en marrazkiekin kaleratu zen. Urte hartan bertan, Horazio eta jaguarra (Elkar, 2002), Katixa, Kroko eta kokoroko (Elkar, 2002) eta Eta zer? Saileko Arreba txiki bat dut, eta zer? (Elkar, 2002) argitaratu ziren.

Osaba Bin Floren (Elkar, 2003) liburuarekin 2004ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Txilikuk. Berez, Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkariekin astero banatzen zen liburuxketan zatika argitaratu zen, eta lan honek ere Mila gau eta bat gehiago arabiar klasikoa gogorarazten du edukiari nahiz formari gagozkiolarik; izan ere, istorioak bata besteari loturik ematen dira. "Osaba Bin Floren" delakoaren benetako izena Florentino da, eta eskaileretan erorita kolpe handia jasotzen du buruan. Sendagileek durbantearen antza daukan benda jarri diote buruan, eta inguruko neska-mutilei (osabaren ipuinen entzuleak) Bin Floren deitzeko eskatzen die. Ipuin-kontalaria da osaba, eta Bagdad aldera jotzen du lo egin ezin duela eta kalera mozorroturik irtetea erabakitzen duen kalifaren istorioa kontatzeko. Kaletik dabilela, egun batean ipuin-kontalari baten etxean sartzen da, eta hango ipuinak entzuten ditu. Formari erreparatuta, argi dago hiru mailadun kontakizuna dela Osaba Bin Floren obrakoa. Lehenengo mailan osaba ipuin-kontalaria eta neska-mutiko entzuleak daude. Bigarren mailan dago, aldiz, osabak kontatzen duen kalifaren istorioa. Hirugarrenean, azkenik, kalifaren istorioko pertsonaiek kontatzen dituzten istorioak daude. Arestian esan den bezala, markodun kontakizuna da, eta istorioak bata bestearen barruan kokatzen dituen prozesuak erraztu egiten die ekialderako bidaia irakurle gazteenei. Errealitatetik hurbilen dagoen maila osabaren kontakizunarena da, eta istorioak bata bestearen baitan jaio ahala, urrunago ageri dira istoriootako kokalekuak, eszenografia eta pertsonaiak.

Jokin Galtxagorri (Elkar, 2004) laneko protagonista, izenburuak berak adierazten du, euskal mitologiako beste pertsonaia-mota bat da: galtzagorria. Izaki bihurri, urduri eta langileak omen dira galtzagorriak, baina Txilikuren liburuko protagonistak salbuespena ematen du; izan ere, alfer hutsa da, eta lo besterik ez du egin nahi. Abenturaz eta umorez jositako Jokin Galtxagorri lana Mattin marrazkilariaren irudiekin argitaratu zen.

Azken urteotako lanez denaz bezainbatean, 2006an Alfombra berria argitaratu zuen Txilikuk, non Anartz eta Aiora gazteek, aitarekin alfonbra berria erostera doazela, alfonbra hegalaria aurkitzen dutela kontatzen baita. 2007an kaleratu zen Mixi Marrau eta handik urtebetera Zaldun beltzak (2008). Azken lan horretan, Jokin Galtxagorri pertsonaia berreskuratu zuen egile zarauztarrak, eta liburuko ipuin-kontalaria da. Berak kontatzen du, esaterako, protagonistatzat Meer Mari printzesa dueen istorioa.

2010. urtean euskal mitologiako pertsonaien inguruko zenbait obra labur kaleratu zituen Txilikuk: Arratsalde bat Marirekin (Elkar), non Mari Anbotokoa ageri baita; Arraioak! (Elkar), non Tartalo, Gaizkiñe eta iratxoak ageri baitira eta Kontuz gizakiekin (Elkar). Azken lan horretan, euskal tradizio mitologikoko ipuin batzuen bertsio berriak ageri dira, hala nola, Latseder lamiarekin maitemindutako mutikoarena, jentilei ogia egiteko garia lapurtzen dien Martin Txikiren ibilerak edo Aralar mendialdeko herensugearen heriotza. Urte hartan bertan, Euskal mitologiako kondairak haurrentzat (2010) prestatu zuen Txilikuk, Jose Angel Lopetegi ilustratzailearekin batera.

2011n, azkenik, Jose Miguel Barandiaran. Herria bihotzean zuen jakintsua argitaratu zuen Txilikuk, hau da, Ataungo ikertzaile handiaren biografia, haurrentzat moldatua.

Bere kasa eginiko lan luzearekin batera, aipatzekoa da Txilikuk haur eta gazteentzako hainbat ipuin-bildumatan hartu duela parte, hala nola Egizu lo (Elkar, 2005) eta Gure mundu txikitik (Elkar, 2005) obretan, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Patxi Zubizarreta, Arantxa Iturbe, Joxean Ormazabal eta Mattin ilustratzailearekin, besteak beste.

Helduentzako literaturari dagokionez, 90eko hamarkadaren amaieran kaleratu zituen Txilikuk lehenengo lanak. Hontzaren orduak (Elkar, 1999) ipuin-bildumarekin sartu zen irakurle helduen esparruan. Liburuak Anjel Lertxundik idatzitako hitzaurrea eta lau ipuin ("Hontzaren orduak", "Adur gaiztoa", "Bentara noa, bentatik nator" eta "Hontza uluka") biltzen ditu. Ipuinotako pertsonaiak armekin liluraturik daude, eta ipuin guztietan dago hilketaren bat (hontzaren uluak iragartzen ditu gertakizun tragikoak), ezohiko hilketak badira ere. Kontakizunak elkarrekin lotuta daude, bata bestearen jarraipena direla ematen du batzuetan, eta horrek nabarmen egiten du obraren batasunaren alde. Paradoxaren erabilera zabala (umorea ere ez da falta) nabarmendu izan dute kritikariek.

101 gau (Elkar, 2000) lanean, bestalde, 101 gautan idatzi omen diren testuak bildu zituen egile zarauztarrak: ipuin eta narrazio laburrak, pentsamenduak, aforismoak, saiakera laburren antza duten testuak, etab. Era guztietako gaiak ageri dira liburuan, horietako batzuk (natura, esate baterako) baten baino gehiagotan errepikaturik, baina idazleak liburua eguneroko ez bihurtzea bilatu omen zuen. Lan honetan, Anjel Lertxundiren eta Joseba Sarrionandiaren eragina ikusi dute kritikariek.

2006an argitaratu zen Txilikuren Bizitza eredugarriak (Elkar) lana. Hogeita bost biografia bildu zituen lan horretan egileak, benetan existitutako pertsonaien biografia fikzionalizatuak, umorez eta ironiaz jositakoak (izenburua bera begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko, biografiatuak ez direlako, egiazki, batere eredugarriak). Pertsonaia marginatuen biografiak ageri dira, oro har, gehienak ere joan diren mendeetakoak, ordena alfabetikoan emanda. Aipatu den ironiarekin batera, aipatzekoa da egilearen sarkasmoa eta gai beldurgarriak jorratzeko daukan joera. Biografia bakoitzaren amaieran, kanta bat aipatzen da, biografiaren eta kantaren artean lotura egon daitekeelakoan. Borgesen eta Sarrionandiaren eragina aipatu izan du kritikak lan honi dagokionez.

Bizien gaubeilan (Elkar, 2011) da orain artean Txilikuk helduentzat kaleratutako azken lana, eta, bertan, hogeita hiru narrazio biltzen ditu.

Ahozko literatura aski gustuko bide dauka Txilikuk; izan ere, ahozko literaturako materialen gaineko bi lan argitaratu ditu. Lehenengoarekin, Lau titiriti, bi tatarata (Errenteriako Udala, 1995), Koldo Mitxelena Saria irabazi zuen 1994an. Lan horretan euskal tradizioko igarkizunak bildu, aztertu, deskribatu eta sailkatu zituen. Azterketa horietan oinarriturik, euskal igarkizun berriak egiteko bide berriak proposatu zituen. Axa mixa zilarra (Elkar, 2000) lanean, aldiz, askoz ere zabalagoa da ahozko literaturaren tradiziotik edanda zarauztarrak bildutako material-bilduma: hitz-jokoak, aho-korapiloak, jolasak, jolasetan erabiltzeko formulak, etab.

  • CALLEJA, Seve. Haur literatura euskaraz. Bilbo: Labayru Ikastegia, 1994.
  • ETXANIZ ERLE, Xabier, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia. Iruñea: Pamiela, 1997.
  • KORTAZAR, Jon (arg.). Egungo Haur eta Gazte Literaturaren Historia. Bilbo: EHU, 2011.