Musikariak

Oihanburu, Philippe

Musikaria, idazlea eta koreografoa. Bearneko Argeles-Gazost herrian jaio zen 1921ean.

Hiru hilabete zeuzkala Mondevideora (Uruguay) joan zen familiarekin bizitzera eta bertan, Philipek zortzi urte bete zituen arte egon ziren. Handik Parisera joan ziren eta Bigarren Mundu Gerraren hasieran, 1939an, Biarritzen ezarri zuten bere bizilekua.

Parisen bizi zela, oporraldietan Hendaian zeuzkan izeben etxera joan ohi zen eta bertan hasi zen euskal abertzaletasuna ezagutzen. Parisen fandangoa dantzatzen ere ikasi zuen.

Biarritzen bizi zela abertzale asko ezagutu zituen baita Hegoaldeko euskal erbesteratuak ere, besteak beste, Monzón, Sota familia, Urresti, etb. Haiek denak ezagututa abertzale bihurtu zen eta euskara ikasteko erabakia ere hartu zuen.

Alemanek Atlantikoko Paretan lan egitera joan zedin eskatu ziotenean Parisen izkutatu zen naziengandik ihesi 1942-1944 urteen bitartean, bertan Euskal Herrian baino hobeto ezkutatuko zela pentsatuz. Garai hartan hobetu zituen Parisen Dantza eta Musika ikasketak.

Biarritzera itzuli zenean, 1944an, Olaeta dantza taldearen gidaritza hartu zuen berehala. 1945ean Oldarra izena hartu zuen taldeak, eta bertan pasa zituen zortzi urteetan zehar musika- eta dantza-emanaldi ugari eskaini zituzten.

1953an, Oldarra utzi orduko, lortu zuen Etorki balleta eta abesbatza talde profesionala sortzea Parisen. Berak sortutako taldearekin munduan zehar ibili zen, euskal dantzan eta baletean oinarritutako hainbat ikuskizun 30 urtez eskaintzen. Taldearen zuzendari izateaz gain, musikari eta koreografo lanetan ere jardun zuen. Dantzak hain ederki eta inoiz ikusi ez zuten eszenifikazioan emateak mirespena sortzen zuen ikusleen artean.

Urte batzuetan Frantziako eta Ipar Euskal Herriko irratietan esatari lanak egin zituen, 1976an beste dantza-talde bat sortzeko eskaintza jaso zuen. Paris utzi eta Ibarrolara (Nafarroa Beherea) itzuli zen emaztearekin. Egitasmoak ez zuen hitzeman zioten bira handia egin baina Euskal Herria bizilekutzat hartzeko balio izan zion.

1992an bere izena daraman amateur mailako abesbatza sortu zuen Biarritzen eta bertako zuzendaria da.

Bereziki dantzaren inguruan jardun duen arren, bestelako ekoizpenak ere egin ditu, hala nola, dantzaren, euskal deituren eta politikaren inguruko idatziak:

  1. La revanche de Bakounine ou de l'anarchisme à l'autogestion (1976)
  2. L'irréductible phénomène basque (1980)
  3. La danse basque(1981)
  4. Euskal deituren hiztegia (1984)
  5. Dialogue avec mon journal : un jeune séparatiste basque dans le Paris de l'occupation (2001)