Arkitektoak

Ochandategui Arechavaleta, Simon Pedro

Arkitekto bizkaitarra. Berangon jaio zen 1818ko apirilaren 28an eta Bilbon hil zen 1880ko ekainaren 10ean.

1846an San Fernandoko Akademiaren eskutik titulua erdietsi zuen. Tutera-Bilbo trenbidean parte hartu zuen 1862an. Carlos Aguirrerekin batera, 1870eko maiatzean Trianotik Sestaora zihoan meatzetako trenbidearen inguruko proiektua prestatu zuen. Urte berean, Uriguen, Vildosola, Coste eta Konpainia elkartea sortu zen, aipatutako trenbide hori gauzatzearren, eta Ochandateguik ere horretan esku hartu zuen. Elkarte horrek hainbat meategietako kontzesioa erdietsi zuen, esaterako, Berango, La Escarpada eta La Cenefa, Galdamesen, edota El Cerrillo eta Moruecos San Pedro Abanton. Bere testamentuan adierazi zuen bezala, 1883an bere jaioterrian udaletxea eta lehen hezkuntzarako eskola publikoak burutu ziren. 1911ko abuztuaren 5ean Berangon bere oroimenez monumentua inauguratu zuten, Jose Maria de Basterrak egina.