Kontzeptua

Nazioa

Definitzen den modua alde batera utzita, behin diskurtso praktikoen mailan nazioaren existentzia onartzen denean, nazioa oinarrizko izaki politiko batean bilakatzen da, gainontzeko izakien aurrean leku hautua hartuz. Hau Frantziar Iraultzarekin gertatu omen zen: nazio osoa gailentzen da, koroaren, elizaren eta beste leinuen gainean, eta desberdintasunak nazioaren oztopo dira. Nazioak zuzenbidetik, eta batik bat, konstituzio-zuzenbidetik definitzen dira, herri batzuei nazio izaera aitortuz eta beste batzuei ukatuz. Gizarte zientzietan nazioaz, alegia gizarte nazionalaz, herri nazioanalaz hitzegiten da; gehienetan estatuarekin parekatuz. Nazioa politikaren izaki bat da, polisaren bertsio bat. Nazioaren teoria beraz polis bereziaren eta bere demos horren existentziari, osaketari eta antolakuntzari buruzko teoria da. Lehen-lehenik, teoriak nazioa zer ote den argituko du, nola definitzen den, zein status politikoa duen (auto-determinazioa, subirautza, kontratu soziala, proletalgoaren diktadura, estatua). Halaber, nazioaren teoria politikoek herritarren nazioarekiko eskubide eta betebeharrak ezarriko dituzte (nazio-barneko arazoak; taldea eta kidearen arteko teoriak, leialtasuna, hiritargoa, hiritartasuna, funtsezko eskubideak), eta aldi berean, postulatuko dute nazioak beste nazioekiko nolako hartu-emanak izango dituen (nazio-arteko arazoak, kosmopolitismoa, inperio teoriak, autodeterminazioa, kolonizatze, deskolonizatze, "zibilizatze", independentzia ekonomikoa).

Nazioa oinarrizko izaki politiko instituzionala bilakatzeak ez du zertan ekarri behar nazionalismoaren ideologia. Nazio-Batuen Erakundearen proiektoa, funtsean, kosmopolita da. Praxisa aldiz nazionalismoak markatu du. Nazionalismoak postulatzen du nazioa, alegia nazioarekiko kideek zor dioten leialtasuna lehen mailako balorea dela. Nazionalismo osoa baldin bada, absolutoa, orduan nazioaren balorea ere orobatekoa izango da eta leialtasuna erabatekoa izango da, ia-ia gorazarre obligaziora iritsiz, gainontzeko balorei gailentzen zaiena, baita beste nazioek beren kideekiko duten baloreari ere. Nazionalismoa liberala denean aldiz (Yael Tamir), nazioa balore bat da, baina ez balore nagusia. Beste baloreekin orekatu eta negoziatu behar da: besteak beste, pertsonen askatasunarekin, nazio barruan dagoen kultur zein herri aniztasunarekin, nazioarteko harremanetako "multilateralismoa"rekin. Teoria hauen adierazpen ezberdin asko izan dira historian eta gizarte ezberdinetan, baina nazionalismo guztiek funtsean nazioaren baloreari eusten diote.