Kontzeptua

Nazioa

Estatu zein nazioarteko zuzenbidean nazioa kontzeptu problematikoa da. Hasteko, nazioarteko deritzon zuzenbidea ez da, zinez, nazioen artekoa; estatuen artekoa baizik; nazioa ezin da estatutik kanpo definitu. Hala eta guztiz ere, nazioarteko erakunde nagusia Nazio Batuena da, eta ez Estatu Batuen Erakundea. Beraz badirudi Estatuak izaki subirau formal hutsak bezala ikusten direla, demos gabekoak, eta nazioak horixe gehitzen dio estatuari, borondate politikoa hain zuzen ere. Nahiz eta nazio anitzeko estatuak arrezagutu, nazioarteko zuzenbideak eta komunitateak nazioa eta estatua parekatzeko joera dute.

Estatu zuzenbidean ere nazioa kontzeptu ajuridiko bezala ikusten da, politikaren arlokoa edo zuzenbide-aurrekoa balitz. Konstituzioetan gertatu ohi da estatua eta nazioa parekatzea; eta gertatu ohi da estatu barruan legokeen edo gizarte zientzietatik baiezta zitekeen nazioaniztasuna izendatzeko "sasi-nazio" ezberdinak ezagutzea - hala nola nazionalidadeak, erregioak, erkidegoak - "nazio" terminoa estatuarentzat gordetzearren. Federalak diren sistemetan "nazioa" erabiltzen da federazioa izendatzeko eta aldiz estatua, probintzia edo herria erabiltzen da federatutako izakia izendatzeko. Estatua eta nazioa parekatzen duen joera nabarmena da zuzenbide positiboak nazio hitza "nacional" edo "national" izenondoko bezala erabiltzen duenean. Joera hau Frantziar zuzenbidean oso hedatuta dago, étatique terminoa oso arraroa baita, Espainian aldiz "estatal" izenondokoa arrunta da. Halaber, zuzenbide askotan estatuaren aurkako delituak nazioaren aurkakoak dira; Espainiar zuzenbideak ere, estatuko defentsa edo segurtasuna izendatzeko, "nacional" erabiltzen du. Erabilpen hauez gain, nazio kontzeptuaren zuzenbidezko adierazpen argiena, naziotasunari buruzko araudia izaten da (nacionalidad). Honek estatuarekiko lotura pertsonala adierazten du (pertsona juridikoena ere izan daitekeena, enpresena, itsasontziena, hegazkinena, etab); baina teoria modernoetan hiritartasunak ordezkatzen du pertsona fisikoen naziotasuna, ñabardura garrantzitsu batekin: hiritartasuna gehigarria eta osagarria izan daitekeen bitartean - horra hor, euskal hiritarra, Batasuneko hiritartarra eta espainiar hiritarra bateragarri izatea - naziotasuna aldiz, estatukoa bakarrik izan daiteke. Honek azken hausnarketa batetara garamatza: leiltasun hirikoi anitza.

Nazioa, azken hiru mendeetako estatuaren paradigmari lotu zaion kontzeptu bezala, egungo inguru globalizatuan aldatze bidean dago. Demos-aren ideiari bagagozkio, estatuaz gain, gaindi eta azpitik, beste motatako polis eta demos adierazpenak aurkitzen ditugu: ezbaian dago Europar Batasuna den polis-ak edo izaki politikoak demos-ik osa dezakeen. Berdin eztabaidatu daiteke estatu-azpiko polisak, alegia erregioak ere, nazio edo demos izan daitezkeen. Garai batean estatu-nazioa forma nagusia zen, polis eta demos bakarra. Gaurregun forma horri beste batzuk gehitu izan zaizkio, nazio-anitzeko estatuak, estatu-azpiko nazioak (agian erregio-nazioa hitzaz izenda dezakeguna), estatuanitzeko nazio-estatua; estaturik gabeko edo berezko estaturik gabeko nazioa. Hortaz, polis aniztasuna dago. Demos eta nazioa baliokidetzat jotzen dituen ikuspegia eta hiritartasun anitzaren kontzeptua lotuta daude: gehigarri, bateragarri eta osagarria izan daitezkeela eta ezin zaiela estatuaren figurari mugatu: bai estatu gainetik, bai estatu azpitik, badirela hiritartasunak eta nazioak (demoi). Behar bada etorkizuneko Europan, adibidez, estatu-gaineko "nazio" bat eta nolabaiteko nazio sentimendua gara daiteke, Europar sentimendua, beste erregio, nazio, estatu edo hiri sentimenduekin bateragarri dena. Ez zaio hizkuntza jakin bati lotuko, baina historiaren irakurketa berri bati, proiekto politiko amankomun bati, hiritartasun bati, eredu sozio-ekonomiko bati.

Ahots honen hasierako ildoa berreskuratuz postula daiteke globalizazioaren Aroan nortasun amankomunek nazio-demos sentimendu berriak ekarriko dituztela, nazioaren etnos-a galduz. Erdi-Aroan azaldu zen nazio kontzeptuak, lingua franca mintzatzeaz aparte bere hizkuntza berezia zuen talde batek atzerriko unibertsitateetan garatzen zuen nortasuna adierazten zuen. Atzerrian ikusten zen batasun hura - bat, bereizia izatea - akaso herrian bertan pentsaezina edo irudikaezina zen orduan. Gaurregun kosmopolita bilakatzen ari den nazioartean ere demos sentimendu berriak ager daitezke. Europarra adibidez. Argien garaietatik gailentzen joan diren balore zibilek - tolerantzia, askatasuna, elkartasuna, autoritateen kuestionatzea, erlijio sinesmenak eta zientzien irakatsiak bereiztearena, jaun-andreen berdintasun zibila - demokrazia eta giza eskubideen printzipioek anai-aizpatasun nortasun berri bat eta demos hiritar berria garatzeko baldintzak egon daitezke. Balore hauek europar nazioa(k), espainiar, frantziar, eskoziar edota euskal nazioak beren burua etengabe kuestionatzera eta kritikatzera daramatzate eta ikuspegi kritiko-diskurtsibo batetik nazioetaz mintzatzeko bide ematen digute. Europatik beste kontinenteetara urruntzen garen neurrian nortasun edo izaki malgu, lanbrotsu, irristakor eta definigaitz hori argiago egiten zaigu. Berdin Euskalerritik mundura zabaltzen garenean, Gernikako arbolaren irudi garbia agertzen zaigularik.