Arkitektoak

Nagusia, Jose de

Arkitektoa. Bilbo, 1800; Iruña, 1850?.

Jose de Nagusia arkitekto bizkaitarra, Euskal Herriko neoklasizismoaren barruan, hirugarren belaunaldiko kidea da. Bereak dira estilo honek azken urtetan eskainiko dizkigun hainbat eraikin, batez ere Nafarroan.

Jose de Nagusia arkitektoaren inguruko informazio asko ez da guregana heldu. Ikerlan onenak eta osatuenak Nafarroan burutu zituen proiektu eta lanen ingurukoak dira, baina eremu horretatik kanpo egin zituen beste proposamenak, eta batez ere, bere bizitzaren inguruko pasarte gehienak, oraindik ikertu gabe daude. Arkitekto neoklasikoa izanik, estilo horren amaierari dagokion hirugarren fasean kokatzen dugun arkitektoa da. Estiloa ordurako bere bukaera aldean zegoen eta eklektizismoa nagusitzen hasia zen. Ez dugu ahaztu behar estilo horrek, neoklasizismoak alegia, XVIII. mendearen azken hamarkadetan hasi eta XIX. mendearen erdialdera arte iraun zuela. Arkitektura garaikidearen lehen estiloa izateaz gain, Euskal Herrian oso estilo garrantzitsua izan zen. Eta ez bakarrik bertan eraiki ziren eraikinei esker edo gure artean izango ditugun arkitektoen aparteko mailagatik, baizik eta bereziki zera esan dezakegulako: lehen aldiz Euskal Herrian estiloa garaiz garatu zela eta ez aurrekoetan bezala, mende batzuk beranduago. Estiloaren ildo nagusiak aintzat hartzeaz gain, neoklasizismoan estilo horren berrirakurketa egin zen, Euskal Herrian estiloaren alderdi soilena eskainiz.

Horrela, Jose de Nagusiak, aurretik Justo Antonio de Olaguibel, Santos Angel de Ochandategui edota Pedro Manuel de Ugartemendia arkitekto euskaldunek bezala, neoklasizismoa erabiltzeaz gain, honen irakurketa xumeena eskaini zuen. Hori argi eta garbi ikusten da bere ikasle garaietatik hasita. 1826an Madrilgo San Fernando Akademian Arkitekturako ikasketak burutzen ari zela, bertan egin behar izan zituen hainbat proiektu akademian bertan gorde dira. Proiektu horietan, marrazki eta diseinu maila ona erakusteaz gain, horiek burutzeko orduan -Armadarako kuartela eta Paradore bat-, oinarrizko elementu geometrikoetara jotzen zuela argi ikusten da, egitura zein formari dagokionez, eta bukaeran eraikinak apaintzeko orduan.

Madrilen 1826ean titulua lortu ondoren, bi urte igaro eta gero, 1828an, San Fernando Errege Akademian merituzko Arkitekto izendatu zuten. Urte berean, Jose de Nagusia Nafarroan aurkitzen dugu enkargu zehatza eta berezi bati aurre egiten. Fernando VII.ak urte horretan Nafarroako erreinua bisitatu behar zuenez, probintzian behin behineko hainbat eraikin burutu behar ziren Fernandok Tuteratik Iruñera bitartean egin behar zuen ibilbidean -ateak, obeliskoak, eta abar-. Horiek diseinatzeko enkargua Nagusiak jasoko du. Ez da arrastorik heldu baina garaiko iruzkinak ziotenez, ederrak eta oso klasikoak omen ziren, nabaria izanik Akademian jasotako heziketa bertan primeran islatzen zuela. Egindako lanaren arrakastaren ondorioz, 1829an Nafarroa Erreinuko Errepide eta Kanalen zuzendari nagusia izendatu zuten. Horren ondorioz, Jose de Nagusia Iruñean bizitzen geratzen da, eta guk dakigunez bere bizitzaren amaieraraino bertan bizi izan zen.

Nahiz eta ingeniaritza ikasketak ez burutu, Jose de Nagusiak primeran moldatu omen zen bere lan berrian. Nafarroa Erreinuko hainbat errepide berritu eta moldatu zituen. Hala ere, bere hitzetan, lan hori ez omen zen zaila izan, bera baino lehenago karguan Santos Angel de Ochandategui arkitekto nafarra egon omen zelako eta azken honek sekulako lana egina omen zuelako. Kargu horri esker Jose de Nagusiak ospea lortu zuen Nafarroan. Egoera horri esker errazago egin zitzaion beste hainbat enkargu jasotzea. Lehenengoa Iruñeko antzoki berria eraikitzeko enkargua izango da 1830ean.

Antzokiaren tipologiak garai klasikoan hasiera izan bazuen ere, urte hauetan sumatuko dute Euskal Herriko hirietan antzokiak eraikitzeko benetako beharra. Iruñean antzoki bezala bi etxebizitza blokeen artean zegoen eremu zahar bat erabiltzen zen. Hori txikia geratzen hasi zenean, berria eraikitzeko premia ikusi zuten. Azken finean, hasiera batean Ilustrazioaren eskutik eta gero Liberalismoaren eraginez, antzerkiaren erabilpena ezinbestekoa zela sumatzen hasi ziren, batetik heziketa maila handitzeko eta bestetik gizartea dibertitu ahal izateko. Gainera, eraikin horiek, udaletxeak eta diputazio jauregiak ez bezala, botere zibila eta hiritarraren erakusleiho ziren eta, bide batez, hirietan sortzen eta garatzen ari zen klase ertainaren ikur. Horregatik, antzokiaren eraikuntzak ez zuen besterik gabe helburu funtzionala izaten, hau da, jende kopuru handia leku estali batean biltzea, guzti horiek ikuskizuna ongi ikusteko aukera izanik. Aitzitik, helburu sinbolikoa ere bazuen. Hori horrela izanik, Jose de Nagusiak enkargua jaso zuenean, diseinua burutzean garrantzia handia izan zuen garaiko agintariek zehaztu zuten kokalekuak, hau da, Gaztelu plazaren erdian, bertako eraikin esanguratsuena izateko asmotan.

Baina Jose de Nagusiak 1833an diseinua amaitu zuenean, oraindik ezezagunak zaizkigun arrazoiengatik, gara hartako agintariek proiektua beste arkitekto bati egokitu zioten, Pedro Manuel de Ugartemendia gipuzkoarrari alegia. Azken horrek, Donostiako Alde Zaharraren berreraikitzeko proiektua burutu zuen Alexo de Mirandarekin batera. Ugartemendiak beste era bateko eraikina proiektatzen du. Hala ere, eraikuntza lanen zuzendaritza Jose de Nagusiaren esku geratu zen eta arkitekto bizkaitarrak akordioa erdietsi zuen bai Ugartemendiarekin bai agintariekin. Horren arabera, barruko espazioa eta formak Ugartemendiaren proiektuan oinarritu ziren baina kanpoko fatxada Nagusiaren proposamena aintzat hartuz burutu zen. Proiektua 1833an bertan hasi zen eta 1840an bukatu zuten.

Tamalez kanpoko fatxada horixe da egun dugun elementu bakarra, 1931ean Karlos III.a etorbidea eraikitzeko Gaztelu plazatik antzokia eraitsi egin baitzuten. Kokaleku berrian fatxada zaharra bakarrik erabili zuten, antzokiaren barneko alde guztia berria egin baitzuten, Gayarre antzokia izenpean. Fatxada horretan Jose de Nagusiak garai hartan eredu bezala hartzen zuten Gasteizko Principal antzokiaren eskemari jarraituko dio, hots, Silvestre Perez arkitekto aragoitarraren proposamena: joniar zutabeak dauzka eta basamenduaren gainean, altuera bikoitza duen apaingarririk gabeko gunea ageri da. Kanpoaldean barruan zer gertatzen den adierazten duen fatxada litzateke1830ean Nagusiak Nafarroan izan zuen bigarren proiektu garrantzitsua aurreko horrekin ere lotura estua izan zuen. Oraingo honetan ere, behin behineko eraikina ordezkatzeko asmoa zuten -Iruñeako zezen plaza-, eta berriro ere guztiz gauzatu gabe geratu zen. Azkenean burutu zen proiektua Nagusiak egindakoaren moldaketa izan baitzen. Zenbait urte igaro ostean, 1843an, proiektu bera aurrera eramaten saiatu zen Tuterako herrian, baina eskala txikiago batean, eta orduan ere ez zuen lortu.

Baina azkenean, 1840an, Jose de Nagusiak bere ibilbideko lanarik garrantzitsuena egitea lortuko du, Nafarroako Foru Aldundiaren Jauregia. Oraingoan ere proiektua ez zen erabat bete, eraikuntza lanetan hasierako proposamena moldatua izango baita, baina une honetan gehiena berea dela esan dezakegu. Eta oraingoan ere, bai kanpoko formetan bai barruko antolamenduan ere, Jose de Nagusiak garbi uzten du eklektizismoaren eragina jasotzeko aukera izan arren, nahiago izango duela aurreko belaunaldietako arkitektoen irakaspenei eta ereduei jarraitzea, besteak beste, Justo Antonio de Olaguibel, Santos Angel de Ochandategui edota Pedro Manuel de Ugartemendia. Horiekin batera, aipatu dugun Silvestre Perez aragoitarraren lanen eragina nabarmentzekoa da. Horrela, klasizismoaren irakurketa soila eta xumea eginez, Jose de Nagusiak eraikin funtzionala erdiesten du, baina batez ere sinbolikoa, indartsua eta monumentala, foruak galtzeko arriskua zegoen garai batean alegia. Berez, 1841ean Espartero foruak moldatzen saiatu zen Hitzarmenaren gaineko Legearen bitartez. Eraikinak berak horien garrantzia eta tradizioa azpimarratu nahi ditu.

Ez dakigu Jose de Nagusia noiz hil zen, baina baliteke 1850. urte inguruan gertatu izana, 50en bat urte zituenean.