Monarkia eta noblezia

Nafarroako Enrike II.a Albretekoa

Juan Albretekoa errege ezkontidea 1516ko ekainaren 17an hil zen Moneingo gazteluan eta Catalina erregina, berriz, 1517ko otsailaren 12an Mont de Marsanen. Senarra bezalaxe, Lescarreko Katedralean ehortzi zuten gurari batekin, hots, goi Nafarroa berreskuratu ostean, bere gorpua Iruñeko Katedralera mugitzea.

Enrikek hamalau urte baino ez zituen bere gurasoak hil zirenean. Nafarroako Erreinua eta amaren tituluak bereganatzeaz gain, Armagnac konderria, Tursan eta Gabardan bizkonderriak eta Perigord, Tartas eta Limoges jaso zituen herentzian.

Fernando erregea hil ostean, Cisneros kardinala Gaztelako erregeorde bilakatu zen. 1517an, ordea, kardinala hil egin zen eta orduan hasi zen Errege Katolikoen biloba zen Karlos I.aren erregealdia. Bitartean, Frantziak Nafarroako Erreinua birkonkistatzeko itxaropena zuen eta une egokiaren zain zegoen. Eta abagunea iritsi zen, izan ere, enperadorean kanpoan zela, Gaztelako komuneroak matxinatu egin ziren eta Nafarroako Erreinuan zeuden tropak bertatik irten ziren gatazka baretzeko asmoz.

Enrike II.ak gauzatu zuen ekintza militar hori Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saiakera armatua zen (1521). Nafarrak Frantziako monarka zuen aliatu gisa, eta nafarrez eta frantziarrez osatutako gudarostearekin inbaditu zuen lurraldea, Andres Foixekoa, Esparreko Jauna armadako buru zela. Gudarostea Behe Nafarroan sartu zen, izan ere, hango biztanleak Enrike erregearen alde matxinatu ziren eta maiatzaren 15ean Donibane Garazi hartu zuten. Maiatzaren 16an Orreagan sartu ziren eta bertan agramondarren indarrekin batu ziren, azken horiek Nafarroako monarken aldekoak baitziren. Maiatzaren 19an Iruñeko hiriak delegazioa bidali zuen Andres Foixekoarentzat eta hiriko prokuradoreek juramentua egin zioten erregeari Atarrabian. Naiarako dukea zen erregeordeak ihes egin zuen Nafarroatik eta altxamendua erreinuko beste herri eta leku batzuetara zabaldu zen. Simancasen gatibu zegoen mariskalaren semea zen Nafarroako Pedrok Erriberriko merindadearen altxamendua bultzatu zuen. Nafarroako Pedrok, Miguel de Añuesek eta San Frantzisko Xabierren anaiak ziren Miguel eta Juanek Zangozako herritarren altxamendua lortu zuten eta Enrike izendatu zuten errege gisa. Tuterak, Antonio de Peraltari jarraiki, maiatzaren 29an leialtasuna zin egin zion erregeari eta frantziarrek Lizarra hartzea erdietsi zuten. Azken herri horretan errenditu zen Gaztelako soldadu-taldea bertako biztanleen aurrean.

Enrikeren armadak ez zuen oztoporik topatu bidean, baina Araba,Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxako indarrak batu egin ziren Fernando erregeari laguntza emateko. Esparre Logroñon finkatzera abiatu zen. Errioxako hiria Pedro Velez de Guevarak defendatzen zuen garai hartan. Ez zuen lortu hiria hartzerik; setioa utzi eta Lizarra eta Gares aldera itzuli zen Naiarako dukearen eta Leringo kondearen tropak segika zituela.

Nafarroako lurretan zela Esparreren gudarostea gailendu zuten gaztelarrek Noainen, ekainaren 30ean. Gaztelako armadaren barruan Gipuzkoako tropak ziren, Juan Perez de Ainziondo buru zela. Halaber, Bizkaiko tropak ere gudaroste horretan ziren, Gonzalo de Butron buru zela. Esparre Iruñeko hirian gorde zitekeen eta armada indartzera zetozen 6.000 gizonen babesa jasoko zuen. Halaber, Ollokiko Jauna zen Iñigo de Echauzen buruzagitzapean Tafallan finkatuta ziren 2.000 gaskoi eta nafarren babesa ukango zuen. Esparrek, ordea, aurre egin zion Gaztelako armadari, berea halako hiru zen gudaroste baten aurka egiteak izan zitzakeen ondorioak neurtu gabe. Frantzia eta Nafarroako tropek ez zuten nahikoa artilleria Gaztelako indarrei aurka egiteko eta galera larriak izan ziren. Esparre bera zauritu eta preso hartu zuten bataila horretan.

Noaindik ihes egin zuten zenbait tropa, Bonnivet mariskalen buruzagitzapean, urte hartako udazkenean jabetza batzuk bereganatzen hasi ziren Nafarroako Pirinioetan. Birkonkista egiteko beste ekinaldi bat egiteko asmoa zuten eta irailaren amaiera aldera Amaiurreko gaztelua hartu zuten. Bonnivetek gaztelua utzi zuen, 200 agramondarrez osatutako guardia baten zaintzapean, Jaime Velez de Medranoren buruzagitzapean. Handik Hondarribira abiatu zen aipatu mariskala. Behobia hartu zuen eta 1521eko 18-19 bitartean Hondarribiko plaza okupatu zuen. Hurrengo urteko uztailean Fernando Katolikoak bidalitako armada batek Amaiur gotorlekua eraso zuen. Gudaroste horretan ziren Mirandako kondea, Nafarroako erregeordea eta Leringo kondea. Setiatuek hainbat egunez oldarraldi ugari jasan eta errefortzurik jaso gabe izan ostean etsi egin zuten eta gaztelua suntsitu egin zuten. Bestalde, Hondarribian Nafarroako erregearen izenean nagusitasuna zuten nafar eta gaskoiek defentsa egin zuten hainbat egunez. Nolanahi ere, azkenik, 1524an herriko alkatea zen Franget kapitaina errenditu egin zen.

Gorabehera horien ondotik, Enrike II.ak bere erreinuaren baitako hegoaldeko bost merindadeak galdu zituen. Artean, seigarren merindadea zuen, Behe Nafarroa. Nafarroako erregeak lurralde hori berreskuratu zuen 1530ean Karlos V.a enperadorean tropak handik ateratzeko agindua eman zuenean. Hala ere, Enrikek, artean, Nafarroako erregearen titulua mantendu zuen, erreinuaren gainean zituen eskubideak zirela medio.

Enrike II.ak Italiako gudetan parte hartu zuen Frantziako Francisco I.ari lagunduz. Han, 1525eko otsailaren 24an, Karlos V.aren aurkako Paviako batailan preso hartu zuten, baina gerora ihes egitea lortu zuen. 1527ko urtarrilaren 24an Frantziako erregearen arrebarekin ezkondu zen, Margarita Angulemakoarekin.

Ordutik aurrera, erregeek Biarnoko egoera hobetzeko hainbat esku-hartze egin zituzten. Hala, beste ekintza batzuen artean, nekazaritza eta industria bultzatzeko neurriak hartu zituzten. Instituzio arloan ere hartu zituzten beste zenbait neurri, esate baterako, Biarnoko erdi aroko foruen erreforma. Behe Nafarroan Nafarroako Gorteen parekoak ziren Estatu Orokorrak eratu ziren. Gorte horiek, noizean behin, Donapaleun, Donibane Garazin edota Bastidan elkartzen ziren. Halaber, Justizia arloko Gorte Gorena edo Erreinuko Kantzelaritza ezarri zen Donapaleun, Moneta Etxea zegoen herrian.

Margarita erregina 1549eko abenduaren 21ean hil zen eta Enrike 1555eko maiatzean Hagetmau gazteluan, 52 urte inguru zituela. Oinordeko gisa bere alaba bakarra geratu zen, gerora erregina izango zena Joana III.a Albretekoa tituluarekin. Enrike Lescarreko katedralean ehortzi zuten.