Monarkia eta noblezia

Nafarroako Enrike I.a

Nafarroako erregea (1270-1274 bitartean).

Teobaldo I.a monarka eta horren hirugarren emaztea zen Margarita de Borbon-Dampierreren semea, eta Nafarroako monarka Teobaldo II.aren (1253-1270) anaia. "Potolo" ezizenarekin ezaguna da.

Tronua eskuratu aurretik, bere anaiak, berezko semerik ez zuen Teobaldo II.a erregeak, Enrike eta Biarnoko Constanzaren (Biarnoko Gaston VII. aren alaba) arteko ezkontza prestatu zuen. Hala ere, ezkontza gauzatzeko egin ziren tratu eta negoziazioek porrot egin zuten. Enrike garai hartan Behe Nafarroako Lacarra etxeko emakume batekin ibiltzen zen eta seme bat ere izan zuten, Juan Enriquez de Lacarra izenekoa. Horrenbestez, Enrikek ukatu egin zuen Constanzarekin prestatu zioten ezkontza eta, ondorioz, Gortetik eta erreinutik bota zuten. Urte gutxiren buruan Enrikek anaiaren asmoak bete zituen eta 1269an Ronay, Brie eta Champagneko kondesa zen Blanca de Artoisi ezkon-hitza eman zion. Urte hartan ezkondu zen Blancarekin. Emazte berria Roberto de Artoisen alaba zen eta Frantziako Luis IX erregearen iloba (San Luis ezizenez).

1270ean Enrikek anaia ordeztu zuen erreinuko gobernadore modura, izan ere, anaia Tunezeko gurutzadara joana zen, Luis IX.arekin batera. Teobaldo II.a urte hartan hil zen espediziotik itzultzean eta ondorengorik ez zuenez, Enrikek hartu zuen tronua. 1271ko martxoaren 1ean izendatu zuten errege ofizialki eta 21 urterekin hasi zuen erregealdia.

Bere aurrekoek bezalaxe, Enrike I.ak foruak mantenduko zituela zin-egin zuen. Prelatu eta hiribilduetara gutunak bidali zituen Teobaldoen eta Antso "Azkarraren" garaitik bidegabe egindako kalteak bertan behera utziko zituela zin-eginez. Beste alde batetik, 12 urtetan monetaren balioa mantenduko zuela adierazi zuen. Monarka berriak Iruñea, Lizarra, Tutera, Viana, Gares, Alesbes, Biasteri, Elo, Tafalla eta Los Arcoseko hiribilduei ordenantzak eta pribilegioak mantenduko zituela zin-egin zien.

Zin-egite horien ondotik, erregealdia hasi eta hilabetera, Enrike I.a Frantziara mugitu zen bertako erregeari gorazarre egitera Champañako jabetzengatik. Une horietan Felipe III.a "Ausarta" zen Frantziako erregea, Tunezeko gurutzadan hil zen Luis IX.aren ondorengoa. Zazpi hilabete inguru eman zituen Nafarroako erregeak Frantzian eta denbora horretan Roldan Perez de Eransus seneskala izan zen erregearen ordezkaria. Champañan eta Pariseko gortean bigarren egonaldi bat ere egin zuen, urte eta erdi iraun zuena. Denbora horretan Pedro Sanchez de Monteagudo izan zen erregearen ordezkaria. Enrike I.a monarka izan zen bitartean, denbora gehiago eman zuen Frantzian Nafarroako Erreinuan baino.

1272ko irailean Enrike I.ak aliantza osatu zuen Gaztelako Alfontso X erregearekin. Aliantza horretan, hirugarren boteredunen aurka biek elkarri lagunduko ziotela zin-egin zuten. Gaztelako erregearen kasuan aliantza hori balekoa izango zen, betiere, Nafarroaren etsaia ez bazen Aragoiko erregea edo Pedro semea eta, Nafarroaren kasuan, etsaia ez bazen Frantziako erregea edo haren seme zaharrena. Halaber, bi monarkek Enrike I.a erregearen seme zaharrena zen Teobaldo eta Alfontso X.aren alaba zen Yolanteren (Violante) ezkontza hitzartu zuten. Nolanahi ere, ezkontza ez zen gauzatu, izan ere, hurrengo urtean Teobaldo infantea, artean edoskitzaroan zena, hil egin zen Lizarran gazteluko dorreetako batetik erorita.

Gerora, Nafarroa eta Gaztelaren arteko harremanak hoztu egin ziren eta, egoera hori baliatuz, nobleak Alfontso X.aren aurka matxinatu ziren, San Fernandoren semea eta Alfontso erregearen anaia zen Felipe infantearen gidaritzapean. Infanteak eta sumindurik ziren Gaztelako nobleak Nafarroako erregearengana jo zuten haien alde esku-har zezala eskatzeko. Horretarako, Tuteraraino urreratu ziren gorazarre egitera. Juan Nuñez de Lara, Alvar Diaz, Lope Diaz de Haro, Nuño Gonzalez de Lara eta azkenaren semea Nuño Gonzalez ziren noble horiek. Gorazarre horretan hitzartutakoaren arabera, Gaztelako Alfontsok Nafarroa inbaditu nahi izango balu Nafarroako erregeari lagunduko zioten eta ez zuten Gaztelako erregearekin inolako itunik gauzatuko Nafarroako erregeari baimena eskatu gabe. Trukean hainbat baldintza ezarri zizkioten Nafarroako erregeari. Dena den, Alfontso X.a berehala negoziazioetan sartu zen noble horiekin. Azkenik, nobleek Gaztelako monarkiarekiko leialtasuna agindu zuten berriro. Aliantzak Alfontso X.aren alde agertzean, Gaztekako monarkek bereganatutako erreinuko lurrak berreskuratzeko aukera oro galdu zuen Nafarroako erregeak.

Autoreen artean hainbat iritzi daude nobleen eta Nafarroako monarkaren arteko topaketaz; zenbait autoren arabera, esate baterako, Jose Maria Lacarrak dioenez, nobleak 1274ko urtarrilean urreratu ziren Tuterara Enrike I.ari gorazarre egitera; beste batzuek ordea, esate baterako, Javier Zabalok, hitzordua 1273an gauzatu zela irizten dute, erregea Champañan zegoelarik. Zabaloren ustez, dataren inguruko nahastea dokumentuen data finkatzearren erabilitako sistemaren erruz gertatu zen. Bere esanetan gorazarrea 1273an egingo zen, izan ere, urte horren erdialdera sumindurik zeuden nobleak jadanik adiskidetuta ziren Gaztelako erregearekin.

1273ko azaroaren 30ean Nafarroako erregeak bere alaba Joana eta Ingalaterrako Eduardo I.a erregearen seme zaharrena zen Enrikeren arteko ezkontza prestatu zuen. Ezkontza baldintza hauetan egin beharko zen: Nafarroako erregea semerik izan gabe hilko balitz, Joana alaba izango zen erreinuan nahiz Champaña eta Briako konderrietan haren tokia hartuko zuena. Horrez gain, alaba izango zen bere ondasun guztien jabe. Alaba gehiago izan eta semerik ez izatekotan, Joana erreinuaren eta konderrien oinordeko izango zen, eta elizako feudoak eta beste ondasun batzuk bere ahizpekin partekatuko zituen, forua eta usadioa betez. Enrike erregeak seme bat edo gehiago izatekotan, Ingalaterrako erregeari 40.000 libera "tornesa" emango zizkion bere alabaren dote modura; 20.000 ezkontza egunean eta beste 20.000 hurrengo urtearen barruan. Eduardo I erregeak, bestalde, semeari emango zizkion euskal lur kontinentalak, Enrike III.a aitaren eskutik jaso zituen moduan.

Eduardo Gales eta Eskoziako gatazketan nahasita zelarik, euskal lurretan altxamendu feudalak baretzeko premiaz, eta Frantziako erregearen aurkako gerra berrekiteko atarian, Nafarroako monarkiarekin harremanak sendotu nahi zituen, bere aurrekoek egin zuten moduan.

Nafarroako erregearengana hurbilduta aliatu boteretsu bat eskuratzen zuen. Hala ere, Enrike I.a erregeak Frantziako erregearekin zuen harremana lehenesten zuen. Nafarroako monarkarekin aliantza gauzatu zen azkenik, Frantziako erregearen aurka ez ekitearen baldintza ezarrita eta, are, Joana alabaren eta Enrike printzearen arteko ezkontza gauzatzeko Frantziako erregeak onespena ematea eskatu zuen. Azkenik, bi errege-etxeen arteko ezkontza ez zen gauzatu.

Enrike erregea 1274ko uztailaren 22an hil zen Iruñean, 25 urte zituela. Joana utzi zuen oinordeko modura, orduan urte eta erdi baino ez zuena. Hortaz, alabak 14 urte bete zituen arte Blanca emaztea izan zen erreginaordea.