Kontzeptua

Mutriku: Armarriak erdigune historikoan

Mutrikuko herribildua Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Alfonso VIIIak fundatu zuen 1209. urtean itsas kostaldea hobetu eta sendotzeko xedez. Horrela, itsasorako desnibela zuen lurretan sortu zen, murru batek inguratuta. Beste leku askotan gertatu bezala, sute ugari izan ziren he-rribilduan, izan ere, burguko etxe gehienak zurez eginda zeuden eta, jakina denez, material hori oso sukoia da. Dokumentuetan jasotzen den sute penagarriena 1553ko irailaren 18an gertatu zen. Sute hartan ia herri osoa erre zen, Berriatuarren dorretxea eta Ibirriagako zonaldea baino ez ziren zutik geratu. Gerora, herria berreraiki eta berrantolatu egin zen. Horrela, besteak beste, XVI. mendearen bigarren erdian, XVII. mendean eta XVIII. mendean eraikin eder asko eraiki ziren, guztiak armarridunak. Horri egun udaletxea hartzen duen eraikina eta kaleetan barna sakabanaturiko beste zenbait eraiki gaineratu behar zaizkio. Horrela, erdigune historikoa babesten duen monumentu-multzoa osatu zen.

Jarraian gaur egun dauden armarri guztiak zerrendatzen dira. Gainera, horien kokapen, apaingarri eta armei buruzko deskribapena ematen da eta, zenbait kasutan, eraikuntzarekin eta eraikitzea agindu zuten pertsonekin lotutako zenbait datu agertzen dira, laburki bada ere.

  • Mutriku, Gipuzkoa eta Inperiala. Udaletxea

Egun udaletxea hartzen duen eraikina Txurruka plazan dago lekutua, antzina Arriturriaga izendatua. Eraikin horrek multzoa osatzen du Galdona jauretxearekin, parrokia-elizarekin eta Cosme Damian de Churrucaren omenezko monumentuarekin, azken hori multzoaren erdian. XVIII. mendearen hogeita hamarreko hamarkadaren hastapenean eraiki zen. Madozek bere Hiztegian jasotakoaren arabera, boluntarioz osatutako Nafarroa eta Gipuzkoako tropek erre zuten independentzia gerran, 1811. urtean, han zegoen soldadu-taldeak amore eman ondotik. Handik urte batzuetara berreraiki zuten, 1825-1826 bitartean.

Garai hartako ilustrazioetan erreparatuz, berreraikuntza hartan fatxada nagusia erdialdeko paramentu batez eta alboko bi paramentuz osatzen zela ikus daiteke, azken biak baxuagoak. Guztia harlanduz egina. Erdiko paramentuan, hiru ardatzen gainean, bao hauek banatzen dira: Beheko solairuan, karrerapera sartzeko erdi-puntuko arkudun kofadurak; solairu nagusian, al-tuera nabarmeneko kofadurak, apaingarri modura, eta frontoian amaituta, eta burdina forja-tuko balkoi jarraituz elkarlotuak; eta bigarren solairuan dauden kofadurak solairu nagusiko hu-tsuneen estilo berekoak dira, baina bakoitza burdina forjatuko bere balkoiarekin. Alboei dago-kienez, solairu nagusiko eta bigarren solairuko kofadura bera ikus daiteke bietan, eta baita fron-toi apaingarri bera ere. Platabandekin apaintzen da eta gainetik, erdiko ardatzean, kokatutako frontoi baten erpinetan eta alboetan pinakulu txikiak dituen erlaitz batekin bururatzen da. Er-diko ardatz horretan armarri heraldiko baten lanketa sumatzen da, baina ezinezkoa da zehaztea zein armaz horniturik dagoen. Gerora, bere ornamentazioari dagokionez itxura sinpleagoa ikus-ten da. Bigarren solairuko kofaduretako frontoiak eta burdina forjatuzko balkoiak, pinakuluak eta armarri heraldikoz hornitutako erlaitzaren frontoi erako errematea desagertu egin dira. Balkoien banaketa mantendu egiten da, solairu nagusiko balkoi jarraituarekin eta solairu horre-tara arte agerian dagoen harlanduaz, bao eta platabanden bazterretan, paramentuaren gaine-rako zatia igoz. Alboetako bat estaliz teilatu-hegaldun teilatua ikus daiteke, luzetara erdiko erai-kinaren solairu nagusiaren gainetik altxatzen dena, gainetik, atzera eginez bezala, bigarren so-lairua agertzen delarik. Azkenik, joan den mendeko 60eko hamarkadan egindako eraberritzea-ren ondotik, solairu nagusiaren gaineko teilatu-hegala desagertu egiten da eta hiru armarri jarri ziren, probintzia berean, nahikoa hurbil zeuden beste udaletxe batzuen antzekoak konposizioari eta kokapenari dagokienez. Horren adibide, izan daitezke, Arrasate, Bergara edota Debakoak.

Eraikin nagusiaren fatxadaren bi aldetara, solairu nagusiko paramentuaren altuera erdira, behe-erliebean landutako hareharrizko bi plaka daude kokaturik, berriki paratuak. Laukizuzenak dira, bertikalki paratuak, eta bietan marko apaingarri bera ikus daiteke. Eskuinekoan, beste udaletxe batzuetan aipatutako armarrietan konposizioari dagokionez jarraitutako irizpide bera hartuz, Gipuzkoako probintziako armarri zaharra ikus daiteke. Armarri horretan ur-uhinen gai-neko haginak ez ezik, beste bi karratutan erregea eta hamabi kanoiak ikus daitezke, koroaz bu-ruratua eta bi mazolarik babestua, alde banatan bat, azpialdean legenda bat irakur daitekeela-rik. Ezkerrekoan, armarriaren eremuan, Mutrikuko herribilduaren armarria dago landua, orlan legenda ikus daitekeela. Armarrian balea ikus daiteke bere eremu naturalean eta, alboan, mari-nelak txalupan, hari arpoia jaurtiz. Horrez gain, zeruan hainbat hegazti ikus daitezke. Guztiaren burualdean koroa bat, bi tronpetekin. Alboetara bi mazolari mentsula baten gainean eta, haren azpian, gurutze formako hiru hosto.

Erdikoari dagokionez, solairu nagusiko fatxada nagusiaren erdiko ardatzeko baoaren gainean paratuta, hareharrizko pieza bat da, hori ere joan den mendeko 60eko hamarkadan kokatua. Aurrez Zubiaga plazako udal eraikinean kokaturik zegoen, atzealdean, sarrerako hutsuneko ate-buruaren gainean. Eraikin horren fatxada nagusia Azkiaga kalera begira dago. Hareharrizko pi-eza hori ia laukizuzena da, luzetara handiagoa altueran baino. Fatxadako paramentuan sartua dago, bertatik hogei zentimetro inguru kanporatzen delarik. Goialdean, erdiratua, eta piezaren kanpoaldera eutsirik, burdinazko bi pieza txikiz hornituta dago, gurutze txiki bat sortuz. Ez da-kigu gurutze horren esanahia edo erabilera zein den. Halaber, bere gainazalean, kanpoaldeko inguraldetik gertu hainbat zulo agertzen dira (hiru gorantz eta bi zabalerantz, guztira hamaika izanik). Itxuraz, zulo horiek ez dute inolako loturarik bertako elementuen konposizioarekin. Apika, kokatzeko edo eusteko erabiliko ziren zulo horiek aurrez.

Multzoaren konposizioa armarriak, bere arma edo altzariekin, eta hura apaindu eta dekora-tzen duten elementu apaingarriekin osatzen da. Guztiak, armarria osatzen du, tipologia inperia-lekoa, aurreko mendeetan, Gipuzkoa Gaztelarekin anexionatu zenetik, probintziako udaletxee-tan, harresiz inguratutako herribilduetako sarrerako ateetan, eraikin militarretan eta koroaren zerbitzura aritzen ziren pertsonen eraikin zibiletan kokatzen zirenen antzekoa. Armarriaren forma klasikoa da, puntaduna. Dena den, erditik gora, albo bakoitzetik tolestu egiten da eta, ondoren, biraketa bikoitz batean tolesten da berriro nagusiaren kantoietan, erdialdean elkar-tuz. Ertza laburra da eta, bestalde, ez dago inolako separaziorik karratuen eta dafailaren artean, konposizioa esplizitua izan arren. Lehenengoan eta laugarrenean gaztelua kokatzen da, hiru dorre dituela gorazarre eginez. Sarrerako atea eta almenak iradokitzen dituzten trazuak antze-man daitezke. Gaztelako erreinuko gaztelu ohikoa da. Bigarren eta hirugarren karratutan lehoi bat ikus daiteke, igaroz. Lehoi hori ohikoa da Leongo erreinuan, nahiz eta zutik eta, gainera, koroaz hornituta egon. Azkenik, dafaila-multzoari dagokion eremuan granada bat kokatu da, Errege Katolikoek Granadako erreinu mairua bereganatu zutela adierazteko.

  • Galdona eta itunak

Arestian aipatu denez, armarri hori Galdonako jauretxean paratzen da, Txurruka plazan, udaletxeare-kin eta parrokia-eliza neoklasikoarekin multzoa osatuz. Jatorriz "dorre" izendatua, "herribilduaren ata-rian eraiki zen".

Armarria lehen solairuaren altueran dago kokatua, fatxada nagusiak eta iparraldeko alboak osatzen duten angeluan. Horrenbestez, angeluan sartuta dago. Garai hartan ohikoak ziren dimentsioetan dago eraikia, multzoa osatzen duten harri landuekin. Gaur egun, patina batek estaltzen du zati bat. Horren ondorioz, itxura belzkara dauka, batez ere, goialdean.

Galdona

Bekokian lumak dituen kasko batekin tinbraturik dago. Kasko hori lanbrekin-errezel batekin apain-tzen da. Muturrean maskaroi batez hornituta dago eta euskarri modura bi lehoi ditu aldamenetan, alde bakoitzean bat, kartela irekiz. Haren gainean, eremuan, honako armak, lau karratutan banatuta: 1., zu-haitz bat, bere oinetan beltxarga bat itsasoaren uhinen gainean; 2., zuhaitz bat, bere enborra zeharkatuz bi otso daudelarik, igaroz, bata bestearen gainean paratuta, zortzi hegaleko orla batekin; 3. ebakia: go-ran gaztelu bat eta azpian lau lerro; eta, 4., bi otso igokarik eutsitako zuhaitz bat. Arma horiek, Galdona abizenarekin bat datoz lehen karratuan, eta beste hiru karratutan haren itunekin.

Etxe hori Juan Lopez de Galdona kapitainak aginduta eraiki zen. 1665ean gauzaturiko hargintza-lanen deklarazioa egin zen eta, 1666. urtearen amaieran Domingo de Ibarburuk (aurrez aipatutako Juan Lope-zen ordezkaria) eta Domingo de Echea maisu arotzak hitzarmena adostu zuten, arotzeriari zegozkion lanak amaitzeko.

  • Gaztañeta eta itunak

Lehen solairuaren altueran, Motrico kalean dagoen "Arrietacua" etxeko fatxada nagusiaren erdiko balkoiaren bi aldeetara, armarri baten bi erdiak daude paraturik. kanpoaldean zenbait apaingarri ikus daitezke: eskuinaldeko erdian ikus daitezke itsasontzi baten popa, sestante bat, munduaren bola, itsas kartak, areazko erlojua, osagarriz hornitutako kanoia eta aingura bere zangoarekin eta beso bakarraz; ezkerraldeko erdian berriz, koroa, itsasontziaren branka bere maskaroiarekin, astrolabio bat, osagarriz hornitutako kanoia eta aingura bere zangoarekin, he-men ere beso bakarraz.

Arrietakua

Armarriaren eremuko bi zatietan hurrengo armak daude zizelkaturik, lau karratutan bana-tuta: 1., paraleloan paratuta, lehen karratuan, bi lehoi igokari elkarri begira, eremuaren burual-dean, paraleloan paratuta, hiru lore, eta bigarrenean, zuhaitz bat, bere enborra zeharkatuz bi otso daudelarik, igaroz, eta ezkerrera dorre bat izaera naturalean; 2., aldi berean, lau karratu-tan banatuta: 1. eta 4., lau zatitan ebakitako zirkulu bat, eta 2. eta 3.ean, xake-taularen antzeko koadrotxoz; 3., zuhaitza, enborrera altxaturiko bi otso dituela alde banatan, elkarri so, zortzi hegalez hornitutako ertzez inguraturik; 4., gaztelu bat eta bertako dorrean balizko gerlari bat, ezker eskuan bandera eta eskuinean ezpata dituena, almenatik atereaz bandera bat bere ezke-rrera, eta gazteluaren eskuinera bata bestearen aurrean paratuta dauden giza itxurako bi irudiz (mairuak) hornitutako eskala bat.

Arma horiek Antonio de Gaztañeta, Iturribalzaga, Meceta y Maya marinel eta itsasontzi-eraikitzaile ospetsuari (Simon de Gaztañeta y Mecetaren semea) eta Josefa de Iturribalzaga y Maya 1 bere andreari dagozkie.

Arrietakua

1727. urtean sute baten ondotik, etxea erabilezin geratu zen. Marinelaren bigarren emaz-teak, Maria Jacinta de Urdinsok, berreraikitzeko ahalegina egin zuen baina ez zen asmoa gau-zatu, ziurrenik urtebete beranduago zendu zelako. Azkenik, 1728ko apirilean eraberritzeko la-nak hasi ziren. Jose de Lizardi maisu hargin azkoitiarra arduratu zen eraikuntza-lanekin eta Ber-nardo de Eguiguren maisuak arotzeria gauzatu zuen. 1731ko urtarrilaren 20an, adostutakoa betez, obra handienak amaitu ziren. Hala, Lizardiri ordaindutako zenbateko osoaren idatzia ge-ratu zen, 1315 peso ezkututan, bakoitza hamabost beloi-errealekoak. Lan horietan bi kofadura utzi ziren, armarriak paratzeko.

  • Andonaegui eta itunak
Andonaegui

Mutrikuko Kondearen kalean, etxe txiki batean, Gaztañeta jauregiaren parean, ikus daiteke armarri hau. Eraitsitako beste etxe batetik eraman zen horra. Armarria bekokian lumak dituen kasko batekin dago tinbraturik, lanbrekin-errezel batekin apaintzen dena. Lau karratutan bana-tutako eremuan: 1., zuhaitz bat, enborraren oinean basurde bat duena zeharkaturik (Andonae-guiren armarria); 2., hiru basurde oinez, bata bestearen gainean, eta haien atzetik beste hiru eremuaren ezker albotik irteten direnak, haien aurrealdea ikusten delarik (Urainen armarria); 3., aldi berean, lau karratutan banatuta: 1., lirio-lorearen gurutzea; 2. eta 3., zuhaitz bat, ba-surde bat duena azpialdean, igaroz. 4., hiru lerro (Aguinagaren armarria); eta 4. bata bestearen gainean paratutako bi otso, bien erdian biribil formako pieza bat dagoena, solte dauden zortzi katebegiz orlatua, angeluetan bi hegalekin (Barrenechearen armarria).

Juan Bautista eta Juan Felipe de Andonaegui Urain Aguinaga Barrenechea izan ziren armarri hori eraikitzeko agindua eman zutenak, Mutrikun jaiotako Antonio Andonaeguiren eta Magda-lena de Urain debarraren semeak. Juan Bautista eta Juan Felipek kaparetasun frogantza Mutri-kun eta Venezuelan egin zuten, hurrenez hurren, 1762ko apirilaren 24an Valladolideko Errege Kantzelaritzak aldeko sententzia eman zuelarik.

  • Churruca

Armarri hau Mutrikuko Konde kalearen amaieran dago, fatxadak libre dituen etxe batean, San Gil eta Atxitxin kaleen artean. Azken kale horri begira dagoen fatxadan dago paratua, sarre-rako kofaduraren gainean, ateburuaren gainean. Marmolez zizelkaturiko armarri hori eskuinera beha dagoen kasko batek tinbraturik dago. Kasko hori lumatua da eta bi alboetan lanbrekin-errezelez dago apaindua. Eremuan arma hauek ikus daitezke: hiru lerro, zortzi katebegidun kate batekin orlatuak.

Tamaina itzeleko eraikin hori, itxuraz, Francisco de Churruca Iriondok eraiki zuen 1740. ur-tean, gutxi gorabehera, Gorostola goikoa baserritik hara mugitu ostean. Bertan jaio zen 1761ean Cosme Damian de Churruca, Trafalgarreko heroia, bertan bizi baitziren bere gurasoak. Aipaturiko armarria iragan mendean paratu zen, Alfonso de Churruca y Calbetonek aginduta.

  • Olalde eta itunak

Beheko plazan, hari begira dagoen etxe baten fatxadan dago armarri hau. Eskuinera beha dagoen lumadun kasko batekin tinbraturik dago. Kaskoa lanbrekin-errezelez dago apainduta, eta errezel horien puntan kaskabiloak ikus daitezke. Ertz-inguruaren gainean lau leinuetako armarriak ikus daitezke. Ertz-inguru horren eskuinaldea lirio-lorez beterik dago eta ezkerraldean hegalak ikus daitezke, B eta T hizkiak txandakaturik. Armarria lau karratutan banatuta dago: 1., eremuan hiru solairu almenatu dituen gaztelu bat, eta goiko almenan bandera bat, bi zuhaitze-kin, gazteluaren alde banatan bat; 2., hiru mastako itsasontzi bat ur-uhinen gainean, eta popan soldadu bat eskuan ezpata duela, ezpatarekin kolpea emateko prest; azpian OLA-ALDE hizkiak; 3., orein ibiltari bat, arrano batek erasotzen duela heskaiz inguraturiko galsoro batean; eta 4., bederatzi bezante, beste hamasei bezanterekin orlatuak. Azpialdeko ertza herensugearen atza-parrek heldura dago, bi suge-buru agertzen direlarik. Markoaren inguruan A.M.CHE.N.C. hizkiak agertzen dira.

Armarri hori, gerora deskribatuko den Arrazola Mondragon eta Garibay leinuen beste bate-kin batera, Arrasateko dorretxean egon zen hasiera batean. Tradizioaren arabera bertan egon zen ostatu hartuta San Vicente Ferrer. Ferrerias kalean kokatutako etxea eraitsi zelarik, Fran-cisco de Sola jabearen etxe berrira eraman ziren bi armarriak (Arrabal de la Magdalena 3), eta ondoren Mutrikura iritsi ziren. Armen azalpena: lehen karratua Arrazola Mondragoni eskainia, bigarrena Olalderi, hirugarrena Garibayri eta laugarrena Orori.

  • Arrazola-Mondragón eta Garibay

Beheko plazaren pasabidean, Modesto Churruca kalean, leku ilun batean dago armarri hau, bere hegoak erakusten dituen arrano batek tinbratuta eta inguralde osoan irudi batzuekin de-koratua. Kartelaren gainean, eremuan arma hauek, banatuta: 1., hiru gorputzeko dorre bat, atea, almenak eta estandartea agerian dituena eta alde banatan zuhaitz bana, zortzi hegalez hornitutako ertzaz inguratua; eta 2., galsoro batean dagoen orein bat bizkarraldean arrano bat duena atzaparrekin erasoz, lirio-lorez hornitutako ertz-inguru batez.

Armarri hau etxe berean, plazara beha dagoen fatxadan, dagoen armarriaren bikotea izan daiteke, aurrez deskribatu dena. Horrenbestez, hau ere Arrasatetik letorke, eta lehen karratua Arrazola Mondragon leinuari eta bigarrena Garibay leinuari dagozkio.

  • Olazarra Mizquia
Olazarra

Armarri hau Barrenkale kaleko 4. zenbakian dago, Olazarra Mizquia izenez ezagutzen den etxean, sarrera-ate nagusiaren gainean, bi balkoien artean. Proportzio itzeleko armarria da, patina gehiegiz, harrizko hainbat piezaz osatzen dena. Apur bat ezkerrera kokaturiko kasko lu-madun batek tinbratua dago. Kaskoak lanbrekin-errezela du eta inguruan haur edo aingeru ugari ageri dira: horietako bik, alde banatan bat, San Jakueren Ordenaren gurutzeko puntak eskuan dituztela, eremutik kanpora ateratzen direnak; puntan, mihia erakusten duen maska-roiaren azpian, alde banatan bat dago, eta beste bat ageri da erdian, gorputz erdia kanporantz duena eta, besoak zabalik, eskuekin alboan dituen beste biak eusten dituena izterren barneal-detik. Kartelaren gainean arma hauek, lau karratutan banatuta: 1., zuhaitz bat; 2., bata bestea-ren gainean paratutako bost izarrez kargaturiko gurutze bat, otso bat ageri delarik lehen eta hirugarren karratuan eta, lirio-lore bat bigarren eta laugarren karratuan; 3., marra batek ebakia: Gaztelu bat goiko zatian eta lirio-lorearen gurutzea azpikoan; eta 4., koroadun lehoi igokaria.

Arma horiek Lucas de Olazarra y Mizquia kapitainari dagozkio, San Jakueren Ordenako zal-duna. Hark agindu zuen etxe hau eraikitzea bere aita Baltasar de Olazarrak 1671n Pedro de Idiaquezi erositako beste etxe batzuk kokatuta zeuden lekuan. Hala, etxea eraikitzeko Diego de Trotiaga maisu harginarekin egin zituen eskriturak 1692ko ekainaren 25ean. Horrela, fatxada nagusia harlanduz eta gainerako atalak harlangaitzez eraikitzea erabaki zuten. Horretarako, Domingo de Longaren lankidetza izan zuen, hura ere maisu hargina.

  • Montalivet eta itunak

Trampa kalean eraikin dotore bat dago, Francisco de Iberok diseinatu zuena, eraikuntza-lanetan zuzendari modura aritzeaz gain. Bestelakoan, Lucas de Camino arduratu zen arotzeria-rekin, Martin Aldama igeltserotza lanetan aritu zen, eta Gregorio de Aguirre eta Francisco Cho-pitea balkoien fabrikazioan. Montalivet leinuaren maiorazkoaren buru izan zen.

Olazarra

Kalera beha dagoen fatxadaren angeluan, balkoi korrituaren gain-gainean, dago armarri handi hau. Gizonezkoentzako kasko batekin apaindua dago. Kasko hori lumaduna da eta lan-brekin-errezelak ditu. Gainera, osagarri modura, Done Jakueren gurutzea, banderak, pikotxa edota danborra ikus daitezke. Armarriaren eremua zazpi leinuetako armekin osatzen da. Horrez gain, gain-armarria ere badu, nagusitzat hartzen dena. Honatx deskribapena: gain-armarrian: Lau karratutan banatuta: 1. eta 4., eskuinera aldera lehoi igokari bat. 2. eta 3., etxe bat men-dian eta, gainean, bi gindax. (Montaliveten armak). Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: 1., gaztelu bat, bere oinetan otso ibiltari bat, zortzi hegalez hornitutako ertzaz inguratua. (Iturribal-zagaren armak); 2., banatua: 1., zuhaitz bat, enborraren oinetan otso bat dagoela, igaroz. 2., zuhaitz bat, alboan basurde bat duena zutik, zortzi hegalez hornitutako ertzaz inguratua. (Agui-rre-Baraicoaren armak); 3., lau karratutan banatuta: 1. eta 3., haritza, enborraren oinetan otso bat dagoela, igaroz.2. eta 4., gaztelu bat, zortzi hegalez hornitutako ertzaz inguratua. (Corosto-laren armak); 4., erdi banatu eta zatitua: 1., gaztelu bat, gainaldetik ezpataz armatutako beso bat irteten delarik. 2., ezpata batekin lotutako galburu-sorta. 3., erronboa eta marrak. (Sanchez-Rebataren armak); 5., banatua: 1., Gaztelua.2., herensuge-buruz hornitutako ertz-ingurua eta zortzi erbinudedun ertz-ingurua. (Luqueren armak); 6., ur-uhinen gainean marratuta paratutako hiru harkaitz, bakoitzetik zazpi hostoko asuna irteten delarik. (Fajardoren armak); 7., zatitua, 1., gaztelu bat, gainaldetik armatutako beso bat irteten delarik eta dorrearen eskuinera eguzkia, ezkerrera berriz, ilargia. Guztia, zortzi txirlaz hornitutako ertzaz inguratua. 2., elkarren aurrean, borrokan, dauden bi txakur. (Vazquez-Zurita).

Modu horretan daude marraztuta Juan Jose de Iturribalzagari (Ican -Peru- batailatua, 1702ko uztailaren 13an) dagokion arma-liburu batean. Gain-armarria izan ezik, izan ere, bertan artista harginak bi gindax zizelkatu zituen, berez hiru behar zirenean. Hark agindu zuen armarria eta etxea eraikitzea. San Jakueren Ordenako zalduna izan zen 1739an, Dragoneseko Koronela, Porco eta Larrecasako Korrejidorea Perun. Oñako Baroi izendatua, 1749ko ekainaren 30eko Errege Dekretuz (urte bereko abuztuaren 21eko Errege Agiria). Maiorazkoa sortu zuen, eta gain-armarri modura (armarrian lehenesten den elementua), odolez zegokion Montalivetdarren leinua paratu zuen, izan ere, berari geroratu zitzaion bere izebak lagata, baldintza honekin: "...Iturribalzaga abizena izatea, leinuari jarraituko dion inor geratu ez delako...".

  • Mutriku eta Gipuzkoa

Sabanika eta Barrenkale artean paratutako armarria, Zubiaga plazara beha. Sarrerako kofa-duraren ateburu gainean dago. Bertan "Bizartegia" hitza dago edo zegoen idatzia, bizargin lan-bidea adieraziz. Harri laukizuzen berean, goialdetik moldura bat duela, bi armarri daude zizelka-tuak, karratuari dagokionez bikote bikia osatuz. Nahiko hondatuta egon arren eta zenbait ele-mentu ezabatuta badaude ere, hurrengo armak antzeman daitezke: Gipuzkoako probintziako armarri aipatua (erregea, kanoiak eta hiru haginekin) eskuineko karratuan, eta Mutrikuko he-rribilduko armak ezkerrekoan: itsasoko uhinen artean balea bat eta, gainean, txalupa bat ira-doki daiteke (izan ere, dagoeneko desagertu da), marinel batek nabigatzen duena, beste mari-nela baleari arpoia jaurtitzeko prest dagoen bitartean.

  • Zabiel

Erdiko kalean, Zabiel izenez ezagutzen den jauretxean (egun eraberritua eta udalerriko kul-tur etxe dena), dago armarri hau. Fatxada nagusian paratzen da, portada errenazentista baten markoan, erdiratua eta bigarren solairuaren altueran. Frontoi batez inguratua, armarria kasko batekin tinbraturik dago. Kaskoa eskuinera beha dago zeharka, lumaduna da eta lanbrekinekin apaindua dago. Bi lehoi ditu babes modura, alde banatan bat, karratua irekiz. Haren gain-gainean, ur-uhinak, eremua zatituta: 1., itsas hegazti iraulia eta, gainean, puntak eremuaren barnerantz dituen ilargi bat eta; 2., itsas hegaztia eta, gainean, zortzi puntako izarra.

Zaibel

Jauregi hori, hasiera batean, Jacobe de Ibaseta eta bere emazte Maria de Arriolaren ekime-nez proiektatu zen 1577an. Orduan adostu baitzuten harrien hornidura Domingo de Azpezzo eta Domingo de Oarekin. Lehen fasean seiehun besoko hornidura iritsi behar zen San Migel egunerako, eta gainerakoa 1578ko martxorako. Lanak eten egin ziren. Beranduago, 1599an berriro abiatu ziren lanak Clara de Ibaseta y Arriolaren (aurrez aipaturiko Jacobe eta Mariaren alaba) senarrak, Juan de Ibarrak, aginduta. Azaroaren 30erako lanak amaituta zeuden Manuel Martínez de Urquiagaren eskutik. Lana Arteagan zegoen Gatikako elizateko Juan Ortiz de Olaetak eta Tolosako Francisco Landak aitortu eta aztertu zuten egindako obra. Ebaluazio horretan, besteak beste, armarria zizelkatu zela egiaztatu zuten, fatxada nagusian gaineratu ziren apain-garriekin batera.

Lehen jabeen ondorengoa zen Isabel de Lobiano e Ibaseta Pedro de Idiaquez y Aramburure-kin ezkondu ostean, jauregia Granada de Egako Dukeek zuten ondare zabalaren parte izatera pasa zen.

1Bigarren karratuan lau zatitan banatutako zirkulu bat agertzen da, Iturribalzagaren armekin bat datorrena. Zati horietan lirio-lore bat agertzen da lau katebegiren erdian, Juan Carlos GUERRAREN esanetan (Diccionario herál-dico, 100. or) eta, era berean, Itsas Museoak editatutako Antonio de Gaztañeta 1656-1728 (42. or) liburuan (Gipuz-koako Doru Aldundia, Donostia, 1992) islatzen den nobletasun-agirian. Halaber, Juan Carlos GUERRAK, lan eta orrialde berean, Meceta leinua aipatzean (zizel-lan heraldikoan laugarren karratuan irudikatua) bandera oihal zuri bat dela dio.