Museoak

Museo Oiasso

Oiasso Museo Erromatarra, udal titulartasuna duena, 2006ko uztailean inauguratu zen Irunen (iturri klasikoetako Oiasso zaharra, Estrabon, Plinio, Ptolomeo eta Ravenako anonimoak aipatua) topatu ziren garai erromatarreko aztarnak ezagutarazteko xedez.

Indusketa arkeologikoak XX. mendeko 60ko hamarkadan hasi ziren. Hiri-finkapen bati dagozkio, non aurkikuntza adierazgarrienen artean, moila, ontzitegi eta biltegiz hornitutako portu bat, bainu publiko edo termen multzo bat, errementaritza-tailerrak, bizitegi-eremuak eta nekropoli-zonaldea aitortu baitira. Guztiak Irungo herrigune historikoan lekutzen dira. Ingurune hurbilean hamarnaka meatzaritza-unitate katalogatu dira, eta horiez gain, bizitegi-okupazioak, portu erabilerarako eremuak eta, are, zurezko zubi bat Bidasoa gainean.

Museoa hiru aretoan banatzen da (Inpaktu Aretoa, Oiasso Aretoa eta Portu Aretoa), eta horiei erakusketetarako beste zenbait espazio (esate baterako, harrera) eta sarbide-arrapalak batu behar zaizkie. Inpaktu Aretoan zonaldeko populazio baskoien eta erromatarren arteko lehen harremanak jasotzen dira, aro aldaketarekin gertatu zirenak bertan. Ikus-entzunezko baliabide ugari barneratzen dira, Burdin Aroko errealitate indigena aurkezteko baliagarriak. Aretoa 3D erako proiekzio interaktibo batekin osatzen da. Proiekzio horren bidez familia bat Oiassora itsasontzian nola iristen den ikus daiteke.

Portu Aretoan Oiassoko zubi erromatarraren egitura zenbait erakusten dira, indusketetan topatutako bilduma arkeologikoekin batera. Portu-jarduera merkataritzako ikuspegitik nahiz itsasoari dagokion ikuspegitik aurkezten da. Merkataritzari dagokion unitate tematikoen artean inportatutako zeramikak, salgaiak garraiatzeko edukiontziak, monetak eta pisuak ikus daitezke, eta zurezko eta sokazko objektuen bilduma apartari protagonismoa ematen zaio. Arrantza-jardunekin lotutako bildumetan sareak, pisuak, lastak eta amuak egiteko lanabesak aurkezten dira. Gainera, modu nabarmenean tratatu dira ura ateratzeko erabilitako Ctesibio bonba baten lekukotzak. Diskurtso monografiko batekin batera 15 minutuko ikus-entzunezko bat gaineratzen da "Egun bat Oiassoko Portuan" izenekoa. Ikus-entzunezko horretan finkapen erromatar bateko egunerokotasuna nolakoa izan zitekeen erakusten da. Hamabi metroko pantaila batean proiektatzen da.

Azkenik, Oiasso Aretoan, hiri-eremuko bizimoduari dagozkion eguneroko alderdiak aurkezten dira, esate baterako, elikadura, janzkera, bitxigintza, idazketa, erlijioa edo hileten mundua. Areto horretan mundu erromatarrean ohikoak ziren errepertorio arkeologikoak irudikatzen dira: zeramika arrunta, luxuzko zeramika (Terra Sigillata eta horma finak), anforak, monetak, beirazko ontziak, bolanderak, ehuntzeko pisuak, begiztak, acus crinalis edo bilorako orratzak, fauna aztarnak, moluskuak, eraikuntzako materialak, altzarigintza, iltzeak, tatxetak, etab. Museoko bildumako balio azpimarragarrienetako bat material organikoena da, portuaren baldintza estratigrafiko apartei esker mantendu direnak. Horien artean aipa daitezke haziak (Penintsula Iberikoko mertxikaren arrasto zaharrenak daude hemen), larruzko oinetakoak, zurezko ontzi eta orraziak, etab.

Museoak, era berean, Santa Elena ermitarako bisita kudeatzen du. Erdi aroko ermita horren barnean nekropoli erromatarra kokatzen da, errausketa bidezko ehorzketekin eta hiletetarako bi eraikinekin hornitua, 1971. eta 1972. urteetan induskatuak. Gainera, bisita Tren Berdean egiten den ibilbide arkeologiko batean zehar egin daiteke. Tren horretatik Oiassoko antzinako topografia ikus daiteke, hiriaren erdialdetik ermitaraino iristen den ibilbidean barna.

Museoa, era berean, Antzinako Historia eta Arkeologiako kultur eta hezkuntza jardueren garapenerako espazioa da. Tailer ezagunenak "Alea jacta est" eta "Zinema eta Erroma" dira, bata joko erromatarrei buruzkoa da eta bestean Antzinako Historiari buruzko gidoidun animazio-filma proiektatzen da. Halaber, museoan talde jakin batzuen gizarteratzea lantzeko programak barneratzen dira.

Jarduerak izaera zientifikokoak eta dibulgaziozkoak dira. Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin, museoak udako ikastaroak eta Kultur Museo eta Ondareei buruzko kongresuak antolatzen ditu. Orobat, urtero prestakuntza-programa bat jarraitzen da, arkeologiarekin lotutako hitzaldi eta ikastaroetan oinarritua. Aldi baterako erakusketetan mundu erromatarrari edo tokiko historiari buruzko gaiak lantzen dira.

Esperientzia didaktikoenen artean, eta aisiarekin lotuta, bidaia espezializatuak eta txango arkeologikoak, Bidasoako Zine Arkeologikoaren Nazioarteko Zinemaldia eta Feriae Oiassonis izeneko berreraikuntza historikoko jardunaldiak aipatu behar dira.

Bidasoako Zine Arkeologikoaren Nazioarteko Zinemaldiak (BZANZ) 2001. urtean hasi zuen bere ibilbidea, hain zuzen, herritarren artean arkeologiarako eta ondoren etorriko zen museoaren sorrerarekiko interesa sustatze aldera. Lehen hiru edizioak erakustaldiak izan ziren, eta 2004an lehiaketarako zinemaldi izaera hartu zuen. Beranduago, 2007an, Fedarcine sarean (Europako zinemaldi arkeologikoen nazioarteko sarea) sartu zen. Jarduera paralelo modura, "Historia eta Arkeologia ikus-entzunezko komunikazioan" izeneko seminario bat dago, arkeologiaren alorreko profesionalen nahiz ikus-entzunezko bitartekoen eta publikoaren arteko solasaldia sustatzeko.

Feriae Oiassonis jardunaldiei dagokienez (hiriak hartzen zuen itsas testuinguru erromatarrean oinarritutako berreraikuntza historikoko jardunaldiak), 2010eko uztailean egin zen lehen edizioa. Programa horretan itsasgorak sartzeko hiri-bideetatik barnako antzinako nabigazioari buruzko jarduerak, antzezlanak eta antzinako musikaren dibulgaziorako jarduerak aurkeztu ziren, gastronomia, zeramika-ekoizpen eta erlijioarekin batera. Jardunaldiak Isis patroiaren (nabigazioaren patroia) omenezkoak izan ziren eta museoaren jardueren urteko programan txertatu dira.

Oiasso museo erromatarraren helburua, finean, finkapen erromatarrarekin eta antzinako nabigazioarekin (Mare Externum edo Ozeano Atlantikoaren testuinguruan) zerikusia duten ikerketa arkeologikoetako datu eta informazio esanguratsuenak gizarteratzea da.