Etnografoak

Murga, Felix

Arkeologoa eta etnografoa. Zuhatzan (Araba) jaio zen 1929ko uztailaren 7an. 2001eko urriaren 12an hil zen.

Gordexola, Bergara eta Gasteizko Seminarioetan ikasi zuen. 1954az geroztik Artziniegan, Erretes Tudelan, Okondon eta Amurrion (San Anton eta Larrinben) apaiz izan zen. Murgaren alderdi ugarien artean arkeologo-lana -berak esan ohi zuen moduan, Arkeologiako etengabeko prospektore-, paleontologo zaletu eta etnografo lana nabarmendu ziren, batik bat, Arabako Aiara eskualdean eta Burgoseko Mena Haranean oinarritutakoa. 1953an trikuharriak topatu zituen ustekabean eta orduz geroztik, jakin-minak bultzatuta, arkeologia-aztarnategi ugari aztertzen eta ezagutarazten jarraitu zuen eta berehala eman zion horien berri zegokion erakunde arkeologikoari.

Arkeologiaz gain, etnografiak ere leku aipagarria izan zuen bere bizitzan. Gizakiaren eta lanbideen bilakaeraren adierazpenak aztertzen zituen, horien artean artzaintza nabarmenduta. Amurrioko Aztarna Etnografia Elkarteko lehendakari eta sustatzaile izan zen. Elkarteko hainbat kideren laguntzarekin, ibilaldi ugari zuzendu zituen eta Amurrioko eta inguruetako ia baserri guztiak igaro zituen. Lan horren emaitza izan da pieza etnografikoen bilduma, etorkizuneko Felix Murga Museo Etnografikoan jarriko dena eta horren zeramikazko atala Amurrioko zentroan instalatu zen behin betiko. Oro har, Amurrioko jaiekin bat eginda, hainbat erakusketetan azaldu nahi izaten zuen garai bateko argazki-bilduma zoragarria osatzera iritsi zen. "Etniker Euskalerria" taldearekin lan egin zuen eta hainbat materialen ekarpena egin zuen Atlas Etnográfico de Vasconia lanean.

Bai Artziniegan, bai Okondon, eremuko garai bateko kultur ondarea bilatzeko saioak antolatu zituen. Okondoko "erreskate taldearekin" eta Amurriokoarekin gero, hainbat sari nazional eskuratu zituzten eta ohorezko aipamenak nazio mailako "Erreskate-misioetako" hainbat kanpainetan. Okondon jarduera ugari berrezarri, bultzatu eta sortu zituen, besteak beste: Kultur Etxea, zinea, jaialdiak, Ecos del Valle egunkaria, kanpaldiak eta abar. Amurrion, berriz, Scout taldean eta langile-munduan zentratu zen gehiago: HOAC (Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea) eta JOC (Gazte Langile Kristauak). Hitzaldi eta konferentzia ugaritan hartu zuen parte. Hainbat artikulu argitaratu zituen tokiko aldizkarietan, Aztarna eta Zaraobe aldizkarietan, kasu. Gorobel, Arkamo eta Gibijo mendikateetako otso-zuloak edo otsoentzako tranpak katalogatzen eta horien azterketa sakona egiten lehenengoetarikoa izan zen eta horren emaitza gisa, Kobie aldizkarian argitaratutako "La caza del lobo en Álava; la lobera de Barrón y Ordenanza de corridas de lobos en Archua" (1998) artikulua idatzi zuen.