Irakasleak

Munitxa, Josune

Irakaslea. Abadiñon jaio zen 1947ko urtarrilaren 13an. 2002ko urtarrilaren 28an hil zen.

Abadiñoko herri eskolan oinarrizko ikasketak bukatu ondoren Bilbora joan zen jostun ikasketak egitera. Bilboko joan-etorrietan ezagutu zuen Jesus Atxa euskalzaleari eta ekintzaileari esker hasi zen 1967an Elorrioko ikastolan andereño bezala lanean.

Elorrioko ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an ireki zituen ateak, Josune Munitxa eta Maritxu donostiarra irakasle zirela. Ikastolaren lau urteko joan-etorrien ostean, 1972an Marianisten egoitza izandako Txintxirri jauregia eskuratu zuen ikastolak eta behar ziren abal eta diruak jarrita, gaur eguneko egoitza erostea lortu zuen kooperatibak. Aro berri baten ateetan zeuden.

1972ko uztailaren 26an Angel Gaztelu-Urrutiarekin ezkondu zen. Ezkondu ondoren hasi zen Magisteritzako ikasketekin Eskoriatzako magisteritzako gau-eskolan eta 1982an eskuratu zuen irakasle-titulua.

Euskal kulturarekin konpromezu zuzena zuen emakumea, Ikastolan bertan ekintza osagarriak abian jartzen hasi zen, horrela 1983an bertsolaritza tallerrak antolatzen hasi zen Jon Lopategirekin batera. Durangaldeko ikastetxeen artean egiten den bertso-zirkuituaren sustatzaileetako bat izan zela esan daiteke.

Ikastolako langintzan irakaskuntza hezitzailearen alde egin zuen beti, ideia berrien aurrean jarrera zabala eta ausarta azaltzen zuen. 1988an ikastolako zuzendaritza hartu zuen bi urterako. Garai hartan BBB ikasketak eskaintzen hasi zen Ikastola, erronka malkartsua izan zen hura baina ondo bideratu zuten ekimena.

1993-1995 urteak eta ondorengoak urteak ez ziren hain politak izan. Hego Euskal Herrian zenbait ikastola publifikatu ziren urte horietan. Elorrion ere haustura egon zen. Txintxirri ikastolako proiektua kolokan egon zen arren, Josune Munitxa sorrerako andereñoa proiektua eustea erabaki zuen beste behin.

  • GAZTELU-URRUTIA, Beñat. Josune Munitxa. Donostia-San Sebastián: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2006. (Bilduma: Bidegileak)