Irakasleak

Munarriz Velasco, Pedro Lino

Maisua eta historialaria. Larragan jaio zen 1839ko irailaren 23an eta Arguedasen hil zen 1919ko martxoaren 10ean.

Titulua Iruñean eskuratu zuen eta irakasle lanetan izan zuen ibilbidea gehienbat Arguedasen burutu zuen. Bertan, helduentzako eskola sortu zuen eta emakumezkoentzako igande eskola ere eratu zuen. Bere ibilbide profesionaleko azken urteak (1898-1906) Tuteran eman zituen.

Gasteizen 1888tik 1890ra bitartean Pedagogia Biltzarretan esku hartu zuen, baita 1894an Gasteizen bertan egin zen Pedagogia Batzarrean.

Heziketarako hainbat eskuliburu prestatu zituen: silabarioak eta irakurmena lantzeko metodoak. Hainbat aldizkari eta egunkaritan lan egin zuen: El Magisterio Navarro, El Eco de Navarra eta Euskal-Erria, batez ere historia arloan. Nafarroako historiaren inguruan ere ikerlanak burutu zituen, esaterako, Resumen de la Historia de Navarra.

Gainera, Nafarroako Monumentuen Batzordearen ordezkaria zen, eta bertako boletinean ere bere artikuluak aurki daitezke.