Aktoreak

Mourer, Maryse

Martine Carol

Antzerki eta zineko aktoresa lapurtarra, lehen bere Maryse Arley ezizenez antzerkian ezaguna eta, batez ere geroago, zinean Martine Carol izengoitiz. Biarritzen 1922ko maiatzaren 16an jaioa. Montecarlon 1967ko azaroaren 11an zendu zen.

Euskal jatorridun industria gizon baten alaba, bere lehen haurtzaroa Paun igaro zuen. Bederatzi urte zituela Parisera eraman zuten Neuilly-sur-Seineko dominikarren komentuan barneko ikasle gisa jarduteko, bertan sei urtetan zehar goi ikasketak eginez.

Zientziei lepoa emanez, beregan artearen arlo guztienganako zaletasun garbia sortuz joan zen. Bere margotzeko nahiak 1940an Arte Ederretako Eskolan sartzera eraman zuen. Andrés Luguet aktorearen Rosine Luguet alabaren laguna, Andréren aholkuz René Simonekin deklamazioa ikasiz hasi zen. Hilabete batzuk geroago frantziar antzerkiaren beste aktore ospetsu batek, Roland Manuel, aktoresa gazte baten bila zebilen Gastón Batyri aurkeztu zion. Behin Marguerite Jamoisek egin zion froga baten ondoren berehala kontratatu zuten eta Marise Arley izengoiti artistikoz hasi zuen Gastón Batyrekin batera lurraldeetatiko bere lehen bira Phedre, Les Caprices de Marianne eta La Megere apprivoisée bezalako lanak eramanez.

II Mundu Gerran lan horiek eta bere jarduera guztia ere eten egin zituen Briven errefuxiatu beharra izanik. Bertan konpainia txiki baten sartu zen. Guda bukatu ondoren Parisera itzuli zen asmo guztia bere artista lanean jarriaz. Horretarako Roland Manuelek zuzendutako ikastaro batzuetan berriz ere izena eman zuen. Garai horretan Henri Georges Clouzot zuzendari frantziar ospetsuak ezagutu zuen, pelikula bat egitea proposatuz, baina egitasmo hori ez zen gauzatu. Baina beste zuzendari batek, Richard Pottier, behin hautaketa zorrotza egin ondoren, La Ferme aux Loups (1943) filmean emakumezkoaren lehen papera interpretatzeko kontratatu zuen Françoise Perierekin batera eta bere Martine Carol ezizen artistikoa erabiliz. 1944an Perierekin batera 1940an Maurice Camek hasi eta gudan zehar etenda egon zen Bifur III zintan dihardu. Hurrengo urtean Gilles Grangieren Trente et quarante filmean, Georges Guetaryrekin eta Henry Calefen L'extravagante Missionean ere, Henry Guisolekin batera dihardu. 1946an Belgikan Coco Aslanekin batera Jacques Husseinen En etes-vous bien sur?, filmatzen du; eta Parisen Jean Gabinekin Raymond Lamyren Miroir, eta Maurice Baquetekin batera Pierre Preverten Voyage surprise ere.

Bere zine lana antzerkiarekin txandakatzen zuen eta arlo horretan 1947an frantziar hiriburuan Erskine Caldwellen Tobacco Road antzezlanean Pearl pertsonaia antzeztean azaldutako sentsualitate eta freskotasunak eman zion bere lehen arrakasta ospetsua. Aldi berean Marcelekin lan egin zuen amaitu ez zen La Fleur de l?Age filmean; eta Andre Berthomieuren Carré de Valets-en, Joan Desaillyrekin ere. Peper horiek eta Les Souvenirs ne sont pas a vendre (1948), Les Amants de Verona (1949) eta Une Nuit de Noces (1950) filmetan izan zituen agerpenak ere ez ziren garrantzitsuak izan. Jada André Hunneblelleren Mefiez-vous des Blondesen, paper garrantzitsuagoa izan zuen, baina bere errebelazio arrakastatsua Richard Pottierren Carolin Cherie (1951) izenekoan izan zuen, lan horren bigarren zatia 1953an Jean Claude Pascalekin batera Jean Drevilleren Un Caprice de Caroline Cherie izanik. Tartean El Deseo y el Amor (1951), Adorables Criaturas (1952) eta René Clairen Mujeres soñadas ospetsuan agertuko da.

Ordutik aurrera bere filmetan erabateko protagonista eta nazioarteko zinean preziatutako aktoresa bihurtzen da. Zine italiarrean Lucrezia Borgia (1953), Nemica della Guerra (Lysistrata), Il Letto della Pompadour (1954), La Spiaggia (1954) eta Difendo il mio Amore (1956) filmatzen ditu, azken hori Vincent Sherman iparramerikarrak egindakoa. Beste amerikar ospetsu batek, Preston Sturges, Jack Buchananekin batera Le Carnet du Major Thompson filmean zuzendu zuen eta amerikarren zinean bere parte hartzea, gainera, Cantinflas eta David Nivenekin batera Michael Andersonen Around the World in 80 Days eta Van Johnsonekin batera Terence Youngen Action of the Tiger filmean gauzatu zen. Ralph Habiben La Passager clandestin (1957) filmean bere laguntzailea Karl-Heinz Boelm alemaniarra izan zen eta zine alemanaren zuzendari alemanik ospetsu eta dotoreetariko bat zen Max Ophulsek zuzendu zuen 1955ean bukatu eta beharbada Carolek egindako filmik hoberena den Lola Montes filmean, Anton Walbrook ingelesaren eta Peter Ustinov errusiarrarekin batera. Urte batzuetan Christian-Jaque frantziar zuzendariarekin ezkonduta, Destinos de Mujer (1953), Madame Dubarry (1954), Naná (1955) bezalako film askotan Carolen zuzendari ere izan zen. Nozze veneziane (1958), Austerlitz, La française et l'Amour y Natalia Agente Secreto (1960), Vanina Vanini (1961) eta Don Giavanni della Costa Azzurra (1962) bezalako geroztiko filmak 50etik gora zenbatu daitezke.

Zinean bost urtez jarduerarik gabe izanez, -agian Euskadin jaioetatik entzutetsuena-, bere 45 urtez etorkizun ikaragarria zeukan aktoresa garrantzitsu hau gaixotasunak jota 1967an Montecarlon zendu zen.

LFL