Pintoreak

Montes Iturrioz, Gaspar

Margolaria. Irunen jaio zen, 1901eko otsailaren 27an, eta 1998an hil.

Ikasketak Irunen hasi zituen, Julio Echeandia eskultorearekin eta Jose Salis Camino margolariarekin, eta, gero, Madrilera joan zen, Jose Maria Lopez Mezquita eta Fernando Alvarez de Sotomayor irakasleekin ikasten jarraitzeko. Azpimarratzekoa da Jose Salis Camino margolariak eskolak baino gehiago eman zizkiola. Izan ere, hark eta Nemesio Camio jaunak diru-laguntza eman zioten, Madrilera joan zedin, ikasketak jarraitzera.

1924an, Parisera joan zen, Artista Berrien Erakusketan lortutako sariaren diruarekin, eta Frantziar Errepublikaren hiriburuko Akademia askeetan ikasi zuen.

Mauricio Flores Kaperotxipi margolari eta idazleak idatzi zuen Montes Iturriozi margolari frantziskotarra deitzen ziotela, haren paisaiek transmititzen zuten gozotasunarengatik.

Arte Ederretako Erakusketetan parte hartu zuen 1927an eta 1930ean, eta erakusketa kolektiboak eta banakakoak egin zituen Madrilen, Donostian, Pauen, Baionan, etab. 1938an ikasle ugari izaten hasi zenez, margo-irakaskuntzan buru-belarri aritu behar izan zuen.

Hainbat lehen sari lortu zituen Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketan, 1919. urtetik aurrera. Halaber, Lehen Saria jaso zuen 1951ean, Donostiako Gabonetako Lehiaketan, eta Dario de Regoyos lehen saria ere bai, Gabonetako Lehiaketan, 1956an. Horrez gain, Donostiako Udalaren Bigarren Saria jaso zuen 1952an: bost mila pezeta.

1964an eta 67an, Donostian erakusketak egin zituen, eta 1970an, Arteta, Casas, eta beste margolari batzuekin batera, "Siete Maestros Españoles del Dibujo" erakusketan parte hartu zuen. Gipuzkoako, Valentziako eta Asturiasko elizetan horma-irudiak margotu zituen. Halaber, margo-apaingarriak egin zituen Valladolideko hegazkineria-eremuetan eta nafar eta aragoitar hoteletan, eta baita beirateak ere.

Hauek dira obrarik ezagunenak: Roncesvalles, El embarcadero, Paisaje de Irún, Fuente de Narciso eta Nieve en Irún. Azken hori Donostiako San Telmo Museoaren jabetzakoa da, eta bertan, Bilbon eta Mar de Platan (Argentina) aurki daitezke Montes Iturriozen obretako beste asko. Beste obra nabarmen batzuk: Camino de Behobia, Bidasoa, Otoño, Fuenterrabia, Aoiz eta hainbat paisaia elurtu.

Vicente Cobrerosek (Donostia, 1965), honela deskribatu zuen:

"Montes Iturriozek bere "txokoarekin", Bidasoako estuario zoragarriarekin, maiteminduta dagoenaren bizitasunarekin sentitzen ditu margoak, eta txoko horretan, eguzkiak Euskal Herrian beste inon ez bezalako argi distiratsua du. Montesek ez du bizi duen paisaia erretratatzen, baizik eta sotilagoa den beste zerbait: paisaiari bizitza ematen dion arima. Eta Bidasoako paisaiari argiak ematen dio bizitza, edo, hobe esanda, argiek. Izan ere, urtaroaren eta atmosfera-egoeraren arabera aldatzen dira, eta haize-arrosaren hogeita hamabi puntuetako batetik edo bestetik datorren haizeak ere eragiten die"(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

A.M. Campoy (Madril, 1970):

"Margo garaikidea da. Ez du axola estetika Vazquez Diazen ildotik postkubismora hurbiltzea, eta, aldi berean, Dario de Regoyosen bidetik egitea, zeinaren garaikidetasuna gero eta argiagoa den. Montes Iturriozek Salisekin, Sotomayorrekin eta Lopez Mezquitarekin margotzen ikasi zuen, baina ez du hasierako maisu horiekin inolako antzik. Regoyosekin, ordea, badu antzekotasuna; agian, biak izpiritu-kide izanagatik eta arrazarekin baino, jaioterriarekin lotutako gaiak aukeratzeagatik. Eta antzekotasun hori ez da soilik kokalekuen itxura identifikagarrian gauzatzen -gerora lekua pinturaren azala baino ez baita-, baizik eta gauzekiko jarrera apalean eta maiteminduan ere bai" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Juan Luis Seisdedos (Donostia, 1970):

"Baina Montes Iturrioz, ezerren gainetik, margolari aparta eta paisaia-pintore bikaina da. (...). Lehenbiziko aroan natura zuen kezka bakarra, eta inozotasunez islatzen zuen. Gero, eta orain duen estilo oso pertsonala aurkitu arte, Cezannen eta Vazquez Diazen eraginak jaso zituen. Lanbidea menderatu ostean, Bidasoako txoko eder eta unibertsal horretan behin betiko finkatu zen. (...) Goizak eta ilunabarrak nahiago ditu, Bidasoako argiak xarma handiagoa baitu une horietan"(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Jose Berruezo (Donostia, 1971):

"Argia harrapatzeko modu pertsonala du, eta berdeak erabat menderatzen ditu. Irudiak jasotzean, ez du argiak paisaian egiten dituen ñabarduren argazkia sortzen, kutsu oso pertsonala ematen baitie. (...) Eta amaiera emateko, Gaspar "Bidasoako frantziskotarrak" zeru, mendi eta zelai izango diren grisak, moreak eta berdeak jartzen ditu mihisean, unearen iheskortasuna eta gaiaren betikotasuna proportzio zehatzean konbinatuz, Cezannek paisaiei perfektu izateko eskatzen zien "harmonie paralléle à la nature" hori sortu arte"(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Javier Aramburu (Donostia, 1973):

"Montesen obraren berezko balioaz gain, koadroek balio dokumentala dute. Wilkinson-en, Finden-en eta Sidney Crooker-en grabatuetara edo Petit de Meurville-ren akuareletara jotzen duen historialariaren antzera, ia gaur arte iraun duen iragana ezagutu nahi duenak Gaspar Montes Iturriozen mihiseak ikusi beharko ditu, leku berezi eta idiliko horren testigantza baitira, eta bere burua jada hildako paisaia horrekin identifikatzen zuen arimaren dardara baitute" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).