Arkitektoak

Montero Basqueseaux, Joaquin

Arkitektoa. Donostia, 1944.

Joaquin Montero arkitekto gipuzkoarrak bere lan gehienak Gipuzkoan bertan burutu ditu, hain zuzen, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan. Bertan aukera izan du bere arkitektura arrazionala eta funtzionala erakusteko, hala ere beste eraikin askoren egilea da eta gainera tipologia desberdinetan eginak.

Joaquin Monteroren lanak arkitektura esparruan, oso ongi laburbiltzen ditu bere belaunaldiko arkitektoek izan dituzten kezkak. Horrela, Bartzelonako arkitektura Eskolan 1970ean titulua lortu ondoren, bere ibilbidearen hasiera postmodernitatearen eraginpean eta zaharberritze lanetan bereziki murgilduta garatu zuen, horietako asko hirigintzarekin lotura zuzena izanik. Laurogeigarren hamarkadaren amaieratik aurrera, lehenik eta behin klasizismoaren eragin zuzena gainetik kenduko du. Dena den, funtsean beti hor izango du, bere eraikinek beti eskema sendoak eta konposizio lan egituratuak eta simetrikoak izan baitute. Gero arrazionalismoa berreskuratuko du, bereziki material eta teknologia berriak garatuz, arkitektura minimalista esaten dioten fase edo estilo batean sartuz.

Egia esan, postmodernitateak gure artean ez zuen arrakasta handirik izan, eta horren ondorioz, belaunaldi horretako arkitekto euskaldun gehienak hasieran klasizismoan murgildurik bazeuden ere, handik gutxira, eta bereziki laurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, arrazionalismora pasatu ziren. Bilakaera hori, neurri batean guztiz logikoa izan zen, postmodernitatearen kritika arrazionalismoa eta funtzionalismoaren akats potoloen aurrean zentzuzkoa eta beharrezkoa izan baitzen eta ziur asko arkitekturaren onerako. Postmodernitatearen ordezko proposamenak ezin zuen etorkizun handirik izan, iraganeko forma, eskema eta materialetan oinarritutako eraikinek ezin zituztelako garai berri haietako beharrei aurre egin. Horregatik, eta zentzu onez batean gure eremuko arkitekto gehienak postmodernitatetik arrazionalismorako bidea hartu zuten baina jatorrian zegoen izpiritu kritikoa ahaztu gabe eta ondorioz arrazionalismo berri bat proposatu eta birsortu nahian.

Joaquin Monteroren ibilbidearen lehen fase horretako lanen artean bi nabarmendu behar ditugu: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren eraberritzea (1984) Donostian, eklektizismoa eta funtzionalismoa uztartuz, eta hiri berean Manteoko Institutu Politeknikoa (1988), klasizismoaren berrirakurketa bitxia eginez, egitura finko eta simetrikoak eta zutabeak erabiliz. Fase honetan nabarmendu beharreko hirugarren lana ez da eraikin izango, parkea baizik, baina parke benetan berezia eta bitxia, Kutz parkea alegia (1991). Zubimusu parkea ere esaten diote parke horri eta Donostian dago, Ondarreta auzoan. Parke horretan Monterok ingeles tradizioko parkeei omenaldia eskaintzen die, bai landareak aukeratu eta horiek parkean kokatzerako orduan, bai eta uraren erabilera eta eskultura figuratiboak finkatzerakoan. Monterok Francisco Lopez Hernandez eskultore madrildarraren eskultura bertan txertatzen du eta figura horretan bi haur elkarri muxua emateko zorian dauden unea jasotzen du.

Baina Monteroren ibilbidea hurrengo enkarguarekin aldatzen hasiko da, Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako kanpuserako Enpresa Zientzietako Fakultatea (1994) egitea eskatzen dionean. Eraikin horretan argi ikusten denez, Monterok klasizismoa baztertzeko asmoa bazuen ere, bere arkitektura arrazionalismoan murgilduz, inoiz ez zen funtzionalismo errepikakorra eta monotono batean erori. Horrela, jatorrian adreilua erabili zuen eraikin horretan. Egun adreilua kendu egin da arazoak sortzen zituelako, erori egiten baitzen. Euskal Herriko Unibertsitateko zuzendaritzak adreilua kentzea erabaki zuen eta horren ordez marmola ipini zuen, baina arkitektoaren iritzia aintzat hartu gabe. Fatxadaren egitura ere konposizio zorrotz batean sartu zuen. Monterok simetria hausten du ertzetako batean dorrea ezarriz. Gero, barruan arrazionalismora itzultzen da eta bereziki argia erabiltzen du, bi patio borobilen bitartez barnealde guztia argiz isuriz. Azken elementu hori, argiarena, hemendik aurrera Monteroren arkitekturan ezaugarri nagusia bihurtuko da. Lan horrekin batera, Donostiako Igara auzoan Guipuzcoano Banketxearen egoitza nagusia (1994) eraikiko du, arrazionalismo xume batean, fatxadan argia eta zuri kolorearen erabilera nabarmenduz eta oinplanoan eta barne espazioetan antolamendu zorrotza eta egituratua.

Hurrengo urtea, 1995 urtea, erabakigarria izango da Monteroren ibilbidean Donostiako Miramon auzoan sortu berri zen Parke Teknologikoan hainbat eraikin burutzen hasiko baita, nabarmenenak honako hauek izanik: urte horretan bertan Miramon Parke Teknologikoaren Egoitza Nagusia eta Elkargi eta Adegi erakundeen egoitzak; 1998an Inasmet enpresaren eraikina, 2000an Apex enpresarena, 2001ean Fatronik enpresaren egoitza nagusia, eta 2010an Inbiomed enpresaren egoitza berria. Eraikin horiez gain Miramon Parke Teknologikoan ere Monterok beste eraikin asko gauzatu ditu ez enpresa batentzat bereziki zuzenduta, baizik eta hainbat enpresa eraikin berean bilduz -B-8 eraikina, C eraikina, A-1.1 eta A.1-2 eraikinak, adibidez-, eta tipologia bera erabiliz, 2009an Eibarren Tekniker enpresaren egoitza berria gauzatu zuen. Baina Miramonen bertan ere Monterok beste eraikin bat egin zuen, Eureka! Zientzia Museoa (1998). Eraikin guzti horietan Monterok estilo bera erabiliko du, arrazionalista eta funtzionala, baina gure testuingurura egokituta. Horrela, bereziki eraikinetan argiaren eragina bilatuko du, erabiltzaileak euriaren eraginagatik babesten saiatuko da, eta azkenik, material berrien erabilera eta fatxadetako kolore zuria bere estiloaren zigilu bihurtuko dira.

Lan guzti horiez gain, azken hamarkada horretan Monterok beste lan asko burutu ditu, Guipuzcoano Banketxearen hainbat egoitzetan adibidez, Askatasuna Etorbidekoan (1996) eraberritze lanak eta Igarako eraikinean (2003) handitze lanak. Donostiako Egia auzoan dagoen Quiron Klinikan (1997) ere handitze lanak burutu zituen. Azkenik, 1997 eta 2000. urteen artean bere ibilbideko lanik esanguratsuena eta ezagunena gauzatu zuen, hau da, Hernanin dagoen Chillida-Leku Museoa. Alde batetik Zabalaga baserria zaharberritu eta egokitu zuen, bertan Chillidaren lan txikienak biltzeko. Bestetik inguruko lorategia ere diseinatu zuen arte lan handiak bertan jartzeko. Gainera zerbitzuetako eraikinak diseinatu zituen bestelako funtzioak bideratzearren, hots, sarrera, denda, erabilera anitzetako espazioa. Azken lan multzo horrekin Monterok lortu duen ospea merezitakoa da, Zabalaga baserriaren zaharberritze eta egokitzapen lanak ikusgarriak baitira. Deigarria da baserriaren barrualdean sortzen duen espazioa, hutsunea, Chillidaren lanak modu egokian bertan biltzeko. Zerbitzuetarako eraikinak ere bikainak dira, ziurrenik bere diseinu ausartena.

Gipuzkoatik kanpo ez baditu ere lan asko egin, batzuk burutu ditu eta aipagarrienen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: Barakaldon bi plaza, Herriko plaza (1999) eta Bionera plaza (2001), eta Bilbon Miribilla tren geltokia (2004). Hiru lan horietan arkitekto arrazionalistena aurkitzen badugu ere, zenbait xehetasunetan antzematen da postmodernitatetik arrazionalismora egin duen ibilbideak bere azken lanetan eragina handia izan duela. Monterok ez ditu eraikinak planteatzen besteetatik isolatuta egongo balira bezala -kristalezko kaxa bat bezala mendi tontor baten gainean-. Aitzitik, bere proiektuek beti testuingurua kontutan hartzen dute, hau da, eraikinak zein funtzio bete behar dituen eta non kokatu behar den.