Literatoak

Moguel Urquiza, Juan Antonio

1745ean Eibarren jaiotako euskal idazle eta apaiza. 1804an hil zen.

Aita medikua zuen, nafarra; ama, berriz, bizkaitarra zuen. Haurtzaroa Deba eta Markina bitartean eman zuen, izan ere, aitaren lanbidea zela-eta, sarritan aldatu behar izan zuten bizilekua. 1770ean apaiztu ostean Xemeinera (Markina) igorri zuten erretore gisa. Jardun horretan aritu zen hamasei urtez, 1804an hil zen arte. Euskal hizkuntza landu zuten beste bi idazleren osaba izan zen: Juan Jose eta Vicenta Antonia.

Dakigunez oso eskuzabala zen eta bere etxean ostatu eman zien Frantziako iraultzako errefuxiatuei eta apaiz euskaldunei. Bere eskuzabaltasunari buruzko azken lekukotza P. Añibarrok islatu zuen Gramática lanaren hitzaurrean:

"Katekista euskalduna, zeinaren heriotza arras sentitu izan zen Euskal Herri osoan, bizi zen artean Catecismo bascongado lanaren zati bat inprimatuta ikusteko kontsolamendua izan zuen eta baita gainerakoa ere beharrezko zuzenketak sartuta; eta haren heriotzean, zeina apaiz-erretore izanik, Jesusen Gudari onaren moduan hil baitzen, izurridunak artatzearen ondorioz kutsatuta. Halako heriotza zoriontsua izanik, Jaungoikoak haren bertutea saritu zuen, izan ere, Bizkaiko apaiz saiatu, langile, eskuzabal eta bidezkoenetako bat izan zen" (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Hala eta guztiz ere, bere azalpen biografikoa borobiltzeko Michelenak eskaintzen digun datua aipatu behar dugu. Datu horren arabera, liburu-zentsuratzailea izan zen eta Inkisizioko kide izateko izena ematen saiatu zen. Gogoan izan behar da Inskisizioa erlijiozko auzitegiaren modukoa zela, politikagintzako poliziaren parekoa.

Gainerakoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide izan zen eta bertako intelektual gorenak ezagutu zituen (Peñaflorida, Samaniego). Halaber, euskarazko beste idazle batzuk (Añibarro, Astarloa, J. B. Aguirre) eta atzerritar ilustratuak ere (esate baterako, Humboldt eta Vargas Ponce) ezagutu zituen. Bera ere, aldi berean, Inkisizioko prozesu batean nahasi zen, haren eliztar batek izandako Ama Birjinaren agerraldiekin zerikusia zuen auzi batean.

Hala bada, Moguel iraultzaren oldarraldiaren eta Frantziako Konbentzioaren aurkako gerraren ondorioz alferrik galdutako intelektual ilustratuko kide izan zela uste dugu; dena den, oraindik asko dago aztertzeke garai hartako Euskal Herriari buruz.