Literatoak

Moguel Urquiza, Juan Antonio

Beste akok bezalaxe, Moguelek Aita Asteteren kristau-ikasbidea itzuli zuen, 1805ean Cristinauaren jaquinvidea izenburupean argitaratu zena. Genero horretan lan borobil eta bikaina da. Egileak berak egokitu egin zuen Cristiñau Doctriñia. "Confesio ta Comunioco Sacramentuen gañean Eracasteac" izenburupean Busturiako parrokian erabili ahal izateko.

1800. urtean editatu zen Iruñean eta huraxe izan zen bere lehen lana imprimatze hurrenkerari behatzen badiogu. Elkarrizketaz hornitutako hemezortzi ataletan konfesio eta komunio ona izateko baldintzak dira mintzagai. Gipuzkeraz idatzi zuen. Moguelek Kardaberazek izandako arazo berdinak izan zituen euskaraz argitaratzeari dagokionez; dakigunez, Carlos III erregearen ministro Arandako kondeak uko egin zion gaztelaniaz idazten ez ziren lanak argitaratzeari eta, kasu zehatz honetan Nafarroako errege-kontseiluari ohartarazi zion zuzenean Madrilera jakinarazteko eskatuz. Villasantek aipatzen duenez, Eracasteac lanean Moguelek hizkuntzari buruz zuen iritzia jasotzen zuen prospektu bat barneratzen zen. Honatx aipatzen duena: "Hizkuntzaren garbitasunari dagokionez ezin zaio eskatu Erlijioaren katekista bati hizkuntzan aditu izatea. Ulergarri izaten saiatu behar du... bereziki Erlijioa argitaratu duten hizkuntza guztietara helarazi diren ahots eliztar eta erlijiokoei dagokionez; Larramendik dioenez, haiek entzun eta ulertzera ohituta dagoen herria nahastuko duten berrikuntzarik gabe mantendu behar dira. Baina, era berean, onartezina da Elizan hizkuntza basati eta itsusia erabiltzea, gaztelaniatik jende xeheak ulertzen ez dituen hitz andana hartuaz" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos edo Demostración práctica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma Bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños y contra algunos bascongados, que sólo tienen una noticia superficial del idioma patrio, Tolosan editatua 1802an. Latineko egile onenen artean hautatutako harenga eta diskurtsu ugari barneratzen ditu gipuzkerara itzuliak, esate baterako, Alejandro Magnoren harengak, Catilina eta Germanicok soldaduei zuzendutakoak, Zizeronen bi katilinarioen aintzinsolasak eta Escipion, Denis eta Camiloren anekdotak. Moguelek izenburu luzean aipatzen duen escritor extraño (idazle bitxia) delakoa Humboldt baroia da, zeinarekin oso harreman estua izan baitzuen. Prusiako jakintsuak bigarren bidaia egin berri zuen herrialdera eta bidaia horretan hizkuntzaren jakitun batzuk izan zituen aholkulari, horien artean zen Moguel. Mogelek berak ezagutarazi zuen Canto de Lelo ezaguna, Markinako liburutegian Ibargüen-Cachopinen kronika argitaratugabean topatu zuen XVI. mendeko eskuizkribu apokrifoa. Harenga horiexek biztaikatarrez emanda argitaratu zituen Peru Abarca lan ezagunaren amaieran. Urte berean Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaínas y castellanas, para que puedan entender ambos dialectos agertu zen, Versiones Bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos argitaratu eta berehala.

Eracasteac gipuzkeraz idatzi ostean bizkaitarrek egindako kritiken ondorioz argitaratu zuen. Denbora batez opuskulu horren egiletza argi egon ez bazen ere, Humboldtek egindako aipamenari so zalantza oro uxatzen da. Humboldt: "gipuzkeratik eta bizkaieratik hartutako hitz bitxiz honitzen den bilduma arras osagabea da. Lehenengoak alfabetoaren hurrenkeran kokatzen dira, alboan bizkaierazko eta gaztelaniazko formekin. Egilea, Moguel apaiza, markinarra, hizkuntzen ikerketan Euskal Herriko gizon jakintsuenetako bat..." (Itzulpen moldatua gazteleratik). Horrez gain, Moguelek bizkaierazko, gipuzkerazko eta nafarrerazko hitzekin osatutako hiztegi bat eta nafar eta bizkaitarrek erabiltzeko gramatika bat taxutzeko asmoa zuen, baina hura egin gabe hil zen. Ondorioz, Añibarro arduratu zen bi proiektu haiek gauzatzeaz.

Confesiño ona edo Ceimbat gauzac lagundu biar deutseen Confesinuari ondo eguiña izateco 1803an argitaratu zuen Gasteizen. Horixe izan zen bizirik zela argitaratu zuen azken lana. Erakasteak laneko zati baten bizkaierazko bertsioa baino ez da, konfesio egoki bat egiteko beharrezko jarraibideak barneratzen dituena. Gainera, komunioari buruzko liburu bat egiteko zin-egitea ere ematen zen, baina bigarren zati hori ezin izan zuen gauzatu. Tratatu hori, eta euskalari paregabearen beste bat, Azkueren hiztegian nabarmendu ziren.

Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Moguel sobre la lengua vascongada Alemanian argitaratu zituen lehen aldiz Berlingo Heine doktoreak (Leipzig, 1847). Gerora, Madrilen argitaratu ziren Memorial Histórico Español delakoaren VII. liburukian. Moguelen mintzaldi horietan Humboldtek Primitivos pobladores de España y lengua vasca lanean aipatzen zuen euskara eta iberoaren teoria islatzen da. Moguelen ustez euskara da penintsulako lehenengo biztanleen misterio historikoa argitzeko giltza. Aski ezagun da teoria hori mundu osoko hizkuntzalari eta etnologoen arteko eztabaida sutsuetako gai kutuna zela, eta halaxe da oraindik ere. Dena den, Markinako erretorea nahikoa zuhurtziaz ibili zen etimologien kontu arantzatsuan, eta ikerketa modernoek hark egindako asertzio batzuk baliogabetu badituzte ere, sekula ez zuen bere garaikideek egindako akatsik (sarritan barregarriak) egin. Liburu honetan bertan haren epistola-liburua barneratzen da, gaiari buruzko eta Astarloaren ibilerari buruzko Varga Ponceren gogoetekin batera.

Soraluce eta Mañaricuak (eta beste zenbaitek) Moguel ezartzen dute 1700eko Historia y Geografía ilustrada por el idioma bascuence laneko egiletzat. Izenburuan asma daitekeenez, euskal hotsa duten leku-izenen bidez penintsulako lehen mapa atontzeko saiakera izan zen hura. Lan horretan, besteak beste, Gibraltar (antzina Calpe), Cadiz edo Gadiz izenak toponimoak, euskaldunen balizko lehen erlijioak eta, inbasioaren aurreko Espainia zaharrarekin zituen balizko parekotasunak aztertzen dira. Lan hori zela-eta, Moguel Vargas Ponceri gutunak idazten hasi zen, eta hark Historiaren Akademian laga zituen orri horiek.

Moguelen lan nagusia. Idazlea hil eta laurogei urte beranduago argitaratu zen, arestian aipatutako lege aldetiko trabak zirela kausa. Peru Abarca lanaz ari gara (Durango, 1881). Izenburu osoa iradokitzailea da: El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Peru Abarca izan zen euskarazko eleberrigintzaren lehen ahalegina. Hitzaurrea eta hiru atalez osatzen da, nahiz eta Zarautzen argitaratutako edizio berantiarrago batean atal bakarra ematen den. Gaztelaniazko edizioa 1899an agertu zen Juan Carlos Cortazarren eskutik. Hitzaurrea. Liburuaren helburuei buruzko gaztelaniazko agerpidea eta euskara eta iberiaren inguruko bere teoriari buruzko berragerpena da. 40 orrialde ditu.

1- Peru Abarca eta Maisu Juanen arteko elkarrizketak: etengabe agertzen diren bi protagonisten arteko elkarrizketak dira, dena den, tartean beste solaskide batzuk ere sartzen dira, esate baterako, bentaria, neskamea, frantziarra, gipuzkoarra, apaiza eta aguazila. Peru eta Maisu Juanek ostatu batean ezagutzen dute elkar; lehenengoa baserritar baten irudi topikoa da, eskuzabaltasunaren eta herri-jakituriaren eredu; bigarrena, bizargin ibiltaria da, jatorra, bizizalea eta azeri samarra. Moguelek bi pentsaeren arteko talka ezaguna aurkezten digu, Lojendiok esan zuen moduan Rousseauren "basati onaren" irudia nabarmendu nahirik, arketipo hori islatzen baitu Peruk. Elkarrizketa horietan hizkuntzarekiko kezka hautematen da argi eta garbi, izan ere, Peruk bizarginari, azkenean, euskararen bikaintasuna ikusarazten dio. Hala dio: "euskarak ez du beste ezer behar edozer gauza agertzeko; euskarak orotarako gaitasuna du". Erderismoen auziari buruz honakoa aipatzen du: "on da Elizak hizkuntza guztietan hedatu dituen ahotsak zabaltzea; baina, gainerako hitz bitxiak alboratu egin behar dira, euskarazko hitz garbiak, onartutak eta erabiliak badirenez... Utzita eta alboratutako dauden euskarazko ahotsak berreskuratu eta antzina, beste hizkuntza bat erabiltzen duen jendearekin harremanik ez zegoenean, zuten garbitasuna eman behar zaie". Ikus dezakegunez, oso tesi isolazionista da eta oso eztabaidagarria. Foruzaleei dagokienez, Peru kexu ageri da; "Asko urkamendira igotzeko prest leudeke foruen zatirik txikiena ere galdu aurretik. Aitzitik, oso antzinatik datorren euskara garai onean galtzea. Gehiegi da!" (Itzulpen moldatuak gazteleratik). Hizkuntzari buruzko iritzi horiez gain, Peruk garai hartako irudi ederra atontzen du, bere ohitura eta teknikaz hornitua; horien artean burdinola batera egiten den bisitaldia eta haren funtzionamendu zehatzaren deskribapena nabarmentzen dira.

2- Pedro fraidearen eta Juan fraidearen arteko elkarrizketa: Villasantek adierazten duen moduan, oso litekeena da solaskideak egilea bera eta bere lagun handia, Pedro Añibarro euskaralogoa izatea. Biak literaturan bizkaieraren erabilpena sustatzen aitzindari izan ziren, eta haien lankidetza (hainbat auzitan ezadostasuna agertzen bazuten ere) izan zuten laguntasuna bezain estua izan bide zen. Elkarrizketa horiek aurreko elkarrizketen nolabaiteko gehigarri kulturaduna ziren.

3-Hainbat harengen bertsio euskalduna: arestian deskribatutako latindar klasikoen itzulpenen bizkaeirazko bertsioa da. Peruk euskara edozer agertzeko gaitasuna zuen tresna bat zela zioen, eta harenga horiek hori berresten dute. Amaieran, eranskin modura, askok baztertu egin zituzten antzinako ahots arrunt ugariren nomenklatura eransten da, 1792an idatzia eta Bilbon argitaratua, hitz eta esamoldeen zerrenda, alfabetoaren hurrenkeran emana eta alboan gaztelaniazko baliokideak dituena.

Bestalde, Traggiak DRAH delakoan idatzitako -Apología de la Lengua Vascuence- artikuluari emandako erantzuna, 1891n soilik argitaratu zen "Euskal Erria" aldizkarian.

Euskarazko sermoi bati egindako ikerketa filologikoa, 1792an idatzia, Bilbon argitaratu zen 1895ean.

1899an "Pascalen Gogamenak" argitaratu zuen, Pensamientos de Pascal delakoaren itzulpena.

Azkenik, Soralucen arabera Moguelek idatzi zuen 1816an Bilbon argitaratutako "Diálogos vascongados" delakoa.

Moguelen "Christinaubaren ikasbidea" argitaragabea 1987an agertu zen.

Alegiei dagokienez ikus: J. Kortazar: ¿Fábulas inéditas de Juan Antonio Moguel? FLVSD, 1980, 35- 36, 253-257. or.