Literatoak

Mendiguren Elizegi, Xabier

Xabier Mendiguren Elizegiren lehenbiziko ipuin-bilduma Sei ipuin amodiozko (1986) izan zen, eta izenburuak berak ondo laburbiltzen du zein den obraren edukia: sei ipuin daude, eta ipuinak uztartzen dituen haria amodioa da; alabaina, ipuinotako amodioa ez da espero litekeen "amodio arrunta", ñabardura makabro nabarmena baitauka. Aipatzekoa da narrazioetan zehar eta, batik bat amaiera aldean, egileak irakurlea harritzeko daukan trebezia, obra honetan ez ezik, hurrengoetan ere.

Handik sei urtera agertu zen ildo bereko hamalau ipuinez osatutako Hamalau (1992) bilduma simetrikoa. Egunerokotasunari loturik daude ipuinok, eta aurreko ipuin-bildumak ageri ziren ezaugarriak ageri dira bigarren ipuin-liburuan ere: ironia, egoera patetikoak, tentsioa, narrazio bizia, etab.

90eko hamarkadaren erdialdean beste bi ipuin-liburu kaleratu zituen Mendigurenek: Opor ezberdinak (1996) eta Ene dama maite hori (1996). Alabaina, bi lan horiek ez zuten lehenengoek besteko arrakastarik izan, eta zazpi urte igaro ziren hurrengo ipuin-bilduma kaleratu aurretik: 16 ipuin amodiozko (2002). Liburuak lau atal ditu, eta atalon izenburuak bata bestearen atzean jartzea nahiko da edukiaren berri izateko: "Sei ipuin amodiozko", "Beste sei perbertsio", "Pastitxe bat" eta "Eta hiru voyeur istorio". 16 ipuin amodiozko egilearen lehenbiziko ipuin-liburuaren bertsio zuzendu eta luzatua da, eta orduko zenbait joera eta molde errepikatzen dira, hala nola, ipuinen heterogeneotasuna gaiei heltzeko moduan edo irakurlea harritzeko asmoa. Liburuko ipuin gehienak 80ko eta 90eko hamarkadetan idatzi zituen beasaindarrak, eta atzealdean ipuin bakoitzaren jatorriari buruzko informazioa ematen du egileak.

Errautsen distira (2002) bestelako ipuin-liburua da. Lau testu luze biltzen ditu, eta guztiak lotzen dituen haria Euskal Herriko XX. mendeko historia da. Istorioen oinarria egiazkoa, entzunikoa, dela azaltzen du egileak, baina baita oinarri horiek itxuraldatu egin dituela ere egilearen beharrizan literarioen arabera.

2005ean maitasun-kontuak berreskuratu zituen Mendigurenek Bihotz gosetien kluba ipuin-bildumarekin. Bost narrazio luze-laburrek osatzen dute liburua, eta esan liteke bosten oinarrian elementu bera dagoela: euren bihotzak ase ezin dituzten pertsona bakartiak. Ase-ezintasun hori da bost istorioon eragilea. Handik urtebetera Arima enkoniatuak (2006) argitaratu zen: lau ipuinek osatzen dute obra, eta Bihotz gosetien kluba laneko oihartzunak atzeman daitezke, nahiz eta ezberdintasunak ere badiren: ipuinen amaiera, esaterako, irakurlearen esku geratzen zen aurreko liburuan, oso irekia baitzen; azken horretan, berriz, kontrakoa izan da egilearen jokabidea.

Azken urteotan argitaratuko ipuin-liburuak dira Bizitza homeopatikoak (Susa, 2008), Lurmentzean (Gero-Mensajero, 2009) eta Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010). Lehenengoak bi ipuin luze biltzen ditu: lehenengoak liburu-saltzaile euskaldun bat du protagonista, eta bigarrenak Bruselako parlamentuan itzultzaile-lanak egiten dituen emakumea. Vikingoen sorterrira, bestalde, Mendiguren Elizegiren ipuin-liburu lodiena da, 300 orrialde baititu. Sei ipuin luze ageri dira bertan, eta muturreko gertaera larrien inguruan daude eraikita.