Kontzeptua

Medizina

Medizia

Pertsonaia hau Maskarada Beltzaren partaidea da, eta sarri ikusten da Kauter edo Buhameen taldekideen artean nahastuta. Medikua da eta bere eginkizunik garrantzitsuena Pitxu berpiztea da.

Medizina ez da Maskarada guztietan agertzen; ez dagoenean, haren funtzioa Kautera batek egiten du.

Haren lanbidearen jantzia darama, baina Maskarada batetik bestera janzteko era zeharo aldatu daiteke: mantal zuria (edo berdea, edo urdina), medikuen eskunarruak, eta, maleta batetan sartuta (edo karrotxo batetan), haren eginkizuna betetzeko beharko dituen tresna guztiak, neurrigabeko tamainakoak normalean.

Herellek, Medizinaz gain, beste pertsonaia aipatzen du: Apothikaria (botikaria), eta haren denboran medikuek erabilitako janzkera deskribatzen digu: lebita beltza, eta kapela luzea. Medizinak liburu handia darama, eta Apothikaria, xiringa mehatxagarria.

Maskaradan zehar ikusleen artean dabil, jende guztiari sendatzeko asmoz, eta parte hartze berezia dauka Kauteren funtzioan: honetan, Pitxu hiltzen denean, Kauterek Medizina deitzen dute, haren diagnostikoa egin dezan. Medizinak Pitxu aztertzen du, alde guztietatik, eta Pitxuren ebakuntzari ekiten dio, haren sabeletik gauza sinesgaitzak ateraz, Pitxu berpiztea lortzen duen arte.

Lehen, garrantzi gehiago omen zeukan. Maskaradetan Barberaren pertsonaia zegoenean, Medizinak, Txorrotxen funtzioan ere, bere betebeharra zuen. Honetan, Barberak deitzen zuten Txorrotxa nagusiasi bizarra mozteko. Lan hori egiterakoan, Barberak Txorrotxari lepoa mozten zion ; Medizina eta Apothikaria deituta, zaurituaz arduratzen ziren sendatu arte.