Literatoak

Martínez de Lezea, Toti

Eleberri historikoak egin ditu, batik bat, Toti Martínez de Lezeak, 1998an La calle de la judería [=Judu kale] argitaratu zuenetik ia urtero argitaratu du lan berriren bat, eta gasteiztarraren lanek oso harrera ona izan ohi dute Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko irakurleen artean. Lanak gaztelaniaz idatzi ohi ditu, baina euskarara itzulita ere aurki daitezke hainbat eta hainbat; are gehiago, zenbait obraren euskal itzulpena argitaratu da gaztelaniazkoaren aurretik. Badira, halaber, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean argitaratutako lanak ere.

Ez da erraza, gainera, gasteiztarraren eleberrietako trama zehaztea; izan ere, elkarrekin gurutzatzen diren istorioekin osatu ohi ditu eleberriak, eta, hain zuzen ere, istorioen arteko gurutzatze horren bidez lortzen du hain gustuko dituen iraganeko bizimodu eta giroak eraikitzea. Deskribapen eta elkarrizketa biziak erabili ohi ditu eta, egia-antzekotasuna lortze aldera, handia da eleberri bakoitza idatzi aurretik egileak egiten duen dokumentazio-lana. Pertsonaiei dagokienez, ez ditu historiako egiazko pertsonaiak protagonistatzat hartzen; izan ere, sarri adierazi duenez, nahiago du herritar arruntak baliatzea giroak eta, azken batean, historiaren bestelako bertsioak asmatzeko. Eleberri historiko gehienak Erdi Aroan kokatu izan ditu gasteiztarrak, baina baditu XIX. mendean kokaturiko bi eta XX.aren hasieran kokaturiko beste bat ere.

Arestian esan den bezala, La calle de la judería (euskaraz 2008an argitaratu zen Judu-kale izenarekin) izan zen Martínez de Lezearen lehenengo eleberria, arrakasta eta oihartzun handia izan zuena. XV. mendeko Gasteizen dago kokaturik, eta bi familia dira kontakizuneko ardatz: familia kristau bat eta familia judutar bat, jatorri bera dutenak. Narrazioan David ben Sahadia mediku judutarraren bi semeak dira pertsonaia nagusiak, eta narrazioa aurrera joan ahala, Erdi Aroaren amaieran piztu eta indartutako erlijio-gatazken giroan murgiltzen da irakurlea. Protagonistak direla eta, semeetako bat kristautasunera bihurtzen da, eta besteak tinko eusten die gurasoengandik jasotako sinesteei.

Lehenengo lana argitaratu eta urtebetera kaleratu zuen Martínez de Lezeak bigarren eleberria: Las torres de Sancho (1999) (euskaraz 2009an argitaratu zen Antsoren dorreak izenburuarekin). Izenburuan aipatzen den gizona, Antso III.a, da protagonista. Hain zuzen ere, eleberria Antso errege izendatzen duten sasoian hasten da (1004. urtearen inguruan), eta apurka-apurka garaiko bizimoduaren berri ematen du egileak, izan garaiko gatazka handien berri, izan herritar xumeen kezken berri: Antso erregearen beraren maitasun-gorabeheren ondoan, garaiko elizaren nahiak azaltzen ditu, Santiago Bidea kontrolatzeko ahaleginak, monasterio eta ospitaleen eraikuntza, arte-eredu berriaren (erromanikoa) agertzea... Eta baita mendialdean bizi direnen gorabeherak ere.

La herbolera 2000. urtean kaleratu zen (euskaraz 2006an argitaratu zen Kattalin izenarekin). XV eta XVI. mendeetan sorgin-ehiza zabaldu zen Europako herrialde askotan, baita Euskal Herrian ere. Bada, Martínez de Lezeak gai horri heltzen dio hirugarren eleberri honetan. Durangaldean dago kokaturik; hain zuzen ere, Arrazolatik Durangora doa Katalina Goienakoa, ama eta amama sendagile izan zituen neska gaztea, emagin-ofizioa ikasteko. Behin Durangora iritsita, mundu berria ezagutzen du eta maitemindu egiten da. Jatorri paganoa edukita, ikuspegi eta pentsamolde berriak aurkitzen ditu Kattalinek, eta mundu berri horrek arazoak besterik ez dizkio ekartzen, behar ez den pertsonarekin maitemintzeaz gain, sorgintzat salatzen baitute.

Urteroko joerari jarraikiz, La herbolera kaleratu eta urtebetera argitaratu zuen Martínez de Lezeak Señor de la guerra (2001) eleberria. Jakina da oinaztar eta ganboatarren arteko gudu eta borrokak latzak izan zirela, hainbat eta hainbat hildako eta suntsipen utzi zituztela eta gatazka horietako askoren oinarrian handinahia eta albokoak baino gehiago eduki nahi izatea egon ohi zela. Bada, garai hartan gertatzen dira Señor de la guerra laneko jazoerak, Gómez González Butroikoak Butroi, Muxika eta Aramaioko jaurerriak jasotzen dituenean. Une horretan, Juan Ruiz de Abendaño-ren, hots, Arratia eta Legutioko jaunaren, etsai bihurtzen da, eta hamahiru urtez gatazka odoltsuak eragiten dituzte batak nahiz besteak, harik eta Arrasate erretzen den arte. Martínez de Lezearen eleberrieko ohiturarekin bat, ordea, herri xumea eta haren bizimodua da nobelako egiazko protagonista; Osane eta Diego gizon-emakumeen bizimodua da ardatza, zehazki.

La abadesa [=Abadesa] 2002an kaleratu zen. María Esperanza da protagonista, Avilako monasterio bateko abadesa, egun batean Julio II.a aita santuaren idazkia jasotzen duena; Fernando Katolikoaren alaba ez-legitimoa izatea aitortzen zaiola esaten da gutunean. Une horretatik aurrera, goitik behera aldatzen da abadesaren bizimodua: Bilborako bidea hasten du nola iritsi jakin gabe, eta urteen joan-etorriarekin nola eta norengandik jaio zen jakitera heltzen da, monasterioan zergatik dagoen jakitera, alegia. Tartean, bere ahizpaorde Juana erregina ezagutzen du, neba baten berri ere badauka, eta bere buruari galdetzen dio ea zergatik ukatu zioten berari familiaren berotasuna edukitzeko eskubidea.

Los hijos de Ogaiz ere 2002an kaleratu zen (euskaraz 2007an kaleratu zen Ogaiztarrak izenburuarekin). 1328an hasten da istorioa, Frantzia eta Nafarroako errege Karlos I.a Buru-soilaren heriotzarekin. Karlosek ez dauka seme-alabarik, eta oinordeko-falta horretaz baliatuz, nafarrek errege propioa edukitzea aldarrikatzen dute. Hori ez da, dena dela, larritasun-iturri nagusia; izan ere, erlijio-gatazkak, Nafarroako Olgazena judu-auzo handienetarikoaren suntsipena, lehorte biziak, aurrekoek eragindako elikagai-faltak, gaixotasunek zuzenean eta bortizki eragiten diete herritar xumeei. Artean, familien arteko gorabeherek euren horretan jarraitzen dute; hala nola, ogaiztarren eta bertolindarren artekoek, hots, eleberriko familia protagonisten tentsio, ezin-ikusi, gorroto, norgehiagoka eta antzekoek.

2002an, era berean, Martínez de Lezeak Euskal Herriko leiendak / Leyendas de Euskal Herria kaleratu zuen. Erein argitaletxeak prestaturiko edizio aski zaindu horretan, irudiekin batera, euskal tradizioko hirurogeita bost kondaira bildu zituen gasteiztarrak.

2003. urtean hiru eleberri kaleratu zituen Martínez de Lezeak: La cadena rota (Hautsi da katea euskaraz, 2004an argitaratua), La voz de Lug [=Lug-en ahotsa] eta La comunera [=Komuneroa]. Frantziako Iraultzaren ondorioz, Lapurdiko Biltzar Nagusia deuseztatu egin zen, eta Ipar Euskal Herria Biarnoarekin lotu zuten, indarrez lotu ere: herri askotako biztanleak herrietatik irtenarazi eta erbestera bidali zituzten, Hego Euskal Herriko bizilagunekin harreman estuak zituztela eta. Bada, egoera gorabeheratsu horretan bizi da Joantto Ithurbide, bere sustraien bila eta bere arbasoei egindakoen mendeku bila dabilena. La voz de Lug, aitzitik, Euskal Herritik kanpo dago kokaturik: Asturiasen. Eleberrian erromatarrek Asturias inbaditu zuten garaiaren berri ematen da, Asturiasko bizilagunen ikuspegitik, betiere. La comunera lana ere, 2003an argitaratutako hirugarren eleberria, Euskal Herritik kanpo dago kokaturik, Gaztelan hain zuzen ere, eta María Pacheco iraultzailearen ikuspegitik komuna-mugimenduaren berri ematen du. María Pacheco Juan Padilla izeneko gizonaren emaztea da, hau da, Villalar-en Karlos I.a erregearen aurka altxatzeagatik hildako gizonaren emaztea. Izatez, bortxaturik ezkondu zen María Pacheco Juan Padillarekin (hamabost urte besterik ez zeuzkan neskato ikasia zen), baina denborak aurrera egin ahala senarrarekin maitemintzera heltzen da. Elkarrekin bizi dira eta elkarrekin doaz Toledora senar-emazteak. Senarrari lepoa mozten dioten unean, María Pacheco bihurtzen da Toledoko agintari, eta aintzat hartu behar da artean Toledo dela Karlos erregearen aginteari men egin ez dion hiri bakarra. Alabaina, protagonistaren amaiera ez da hain loriatsua.

A la sombra del templo [=Tenploaren itzalpean] 2005ean kaleratu zen, eta 1522ko Gasteizen dago kokaturik. Hain zuzen ere, hiri horretan daude erresumako hiru erregeorde (Utretch-eko Adriano kardinala, Enríquez almirantea ta Velasco kondestablea) frantziarren aurkako gerra zuzentzeko, eta eurekin batera era guztietako jendea batu da: jauntxoak, damak, morroiak, abadeak, enbaxadoreak, soldaduak, medikuak, musikariak, etab. Jende gehiegi, beharbada, Gasteizek daukan tamainarako. Gainera, hilketa batek giroa iluntzen du: eraikuntzako Burrunda izeneko langilea hilda agertzen da, eta haren aldamenean aurkitzen dute kalean bizi den gaztea (Hernando de Dios), odolez zikinduta. Lehenengo unetik bertatik, hiltzailetzat jotzen dute gaztea, eta inork ez harrapatzeko, Santa Maria elizara jotzen du babes bila. Beste alde batetik, hiriko ostatu batean erresumaren etorkizuna aldaraz dezakeen plana prestatzen ari dira: kondestablearen hilketa. Hirugarrenik, Gasteizen dagoen artean, Adriano kardinala aita santu izendatzen dute Erroman, eta horrek aldaketa nabarmenak dakartza Gasteizen bertan.

Halaber, 2005ekoa da El verdugo de Dios. Un inquisidor en el camino de Santiago [=Jainkoaren borreroa. Inkisidore bat Donejakue bidean] eleberria. Frantziako iparraldeko Vertus inguruan hasten da, Champagne-ko konde Teobaldo I.a Nafarroakoa errege zen garaian. 183 gizon-emakume kataro erre zituzten garai hartan, heresia egotzirik. Robert Lapetit izeneko Inkisizioko fraidea da erreketen erantzule, eta bere odol-goseari jarraikiz eginiko gehiegikeriak direla eta, epaitu eta dominikoen ordenatik kanporatzeaz gain, kartzelara bidaltzen dute. Alabaina, bertatik ihes egitea lortu eta Konpostelako Santiagorako bidea hartzen du. Hain zuzen ere, Nafarroatik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia da eleberriko kokagune nagusia: bertatik igarotzen da Lapetit, eta bertan bizi direnekin ditu hartu-emanak: baztertutako agoteekin, gerretatik ihes egindakoekin, herritar arruntekin, eta abar. Hain zuzen ere, horien bizimoduak hezurmamitzen du eleberria.

2006an argitaratu ziren gasteiztarraren liburu berriaren gaztelaniazko (Brujas) eta euskarazko (Sorginak) bertsioak. Eleberri historikoa baino, sorginen eta sorginkerien bilakabidea azaltzen duen dibulgazio-lana da. Ezagunak dira XVI eta XVII. mendeetan sorginen inguruko gertakizun latz eta ilunak, Inkisizioak bultzaturiko epaiketa eta erreketa masiboak; baina, sorginen historia aurretik zetorren, eta epaiketa horien ondotik ere jarraitu egin zuen. Bada, 2006ko obran sorginen historiari buruzko azalpenak emateaz gain (Ama Jainkosatik hasi eta XVI. eta XVII. mendeetara artekoak, batik bat), sorginei buruzko hainbat eta hainbat material bildu ditu egileak, baita irakurleei eskaini ere: hizkuntzan bertan utzitako esanahi eta hitzei buruzko azalpen-gogoetak, ohiturak, elezaharrak, sinesteak eta bestelakoak biltzen dira Sorginak lanean, irakurleak emakume haiek nor ziren ezagutze aldera. Sorginak liburuan, gainera, testua ez da guztia, Juan Luis Landa marrazkilari ezagunaren irudiak ere baitaude (aurretik ere elkarrekin aritutakoak ziren Martínez de Lezea eta Landa). Edizio aski zainduak prestatu zituen Erein argitaletxeak, eta orotara berrogeita hamabi irudi ageri dira liburuan.

2006an kaleratu zen, era berean, La brecha [=Bretxa] eleberria. 1813ko Donostian dago kokaturik, José Bonapartek gerra galdu eta Frantziako armadak atzera egiten zuen sasoian. Donostia da garai hartan frantziarren menpe dagoen azken hiria, eta Gipuzkoar hiriburuko biztanleak kezkaturik bizi dira ez baitakite zer erabakiko duten frantziar agintariek: edo Espainiarrei aurre egin, edo amore eman. Artean, Maritxu Altuna txokolategileak bere negozioa defendatzea hautatzen du, jakin gabe aliatuek hiria erreko dutela eta hainbat eta hainbat donostiar hilko dituztela, frantsesturik daudela argudiatuz.

Brujas / Sorginak lanarekin egin zuen bezalaxe, 2008ko La flor de la argoma / Otalorea ere aldi berean kaleratu zuen Martínez de Lezeak gaztelaniaz eta euskaraz. Lan horretan, Urrondo anaia umezurtzen istorioa kontatu zuen egileak: Loiolako josulagunekin egon dira ikasle, harik eta Isabel II.a erreginaren aginduz, josulagunak Espainiatik kanporatu dituzten arte. Une horretan, baserrira itzultzea erabakitzen dute anaiek, baina ez dute batere zori ona; izan ere, karlisten eta liberalen arteko borrokek bete-betean harrapatzen dituzte. Hirugarren karlistaldia pizten denean, bada, elkarren aurka aritzen dira, izan baserriaren jabetzagatik, izan Julia izeneko emakumea bereganatzeagatik.

2010ean, alde batetik, El jardín de la oca [=Antzararen lorategia] kaleratu zuen gasteiztarrak: XIII. mendearen bigarren erdialdean dago kokaturik, Errioxaren eta Galiziaren arteko Donejakue Bidean. Nolabait esatearren, El verdugo de Dios. Un inquisidor en el camino de Santiago lanaren jarraipena da. Robert Lepetit da protagonista berriz ere, pertsonaiak uste du erlijio katolikoaren amaiera iristear dela eta bigarren Mesiasaren etorreraren lekuko izatea da bere helburua. Beste alde batetik, 2010ean bertan Perlas para un collar ipuin-bilduma argitaratu zuen Martínez de Lezeak Ángeles de Irisarri-rekin elkarlanean, laneko protagonistak hainbat garai, leku eta gizartetako emakumeak dira.

Martínez de Lezeak argitaratutako azken eleberria La universal [=Unibertsala] da. Lana XX. mende hasierako Espainian dago kokaturik, eta abiapuntua Antonio Ozaetaren eskutik dator: krisi-garaia da, jendea lanik gabe dago eta lana zeukatenek galtzear daukate edo galdu berri dute. Bada, egoerari aurre egiteko, Ozaetari zirku-konpainia eratzea bururatzen zaio, eta hala egiten du.