Kontzeptua

Marquitos (1989ko bertsioa)

Zalduondon Inauterietako larunbat gauean gazteak ardandegian biltzen ziren eta buruzagia aukeratu ondoren Markitos panpina antolatzen zuten. Astelehen Inautez txekorra hil eta panpina prestatzen zuten. Zurezko hankabiko zutikakoa izaten zuen barrutik eta goialdean, zeha-makila batek eratzen zizkion besoak. Garoz beteriko prakak janzten zitzaizkion behetik gora, eta era berean beteriko alkandora janzten zioten, eta gainetik jaka, lapikoa burutzat eta kartoizko aurpegikoa gehitzen zitzaizkion.

Eskuetan arta-orriak nahiz kartoizko zerrendak ezartzen zitzaizkion. Oinetan artilezko galtzerdien gainetik larruzko abarkak garai batean, eta gerora botak ipintzen zitzaizkion. Astearte Inautez, goizean goiz gazteak menditik sasiak ekarri eta herriko plazan metatzen zituzten; gosaldu ondoren Markitos astoan ezarri eta soinua joz kaleetan barrena paseatzen zuten, eskean egiten zuten bitartean. Elizaren inguruan ematen zitzaion bukaera ibilaldiari, zazpi-zortzi metroko haga batean gizontxoa esekiz eta behealdetik lurrean egindako zuloan tinkatuz.

Garaia iristean idi-gurdia hartu eta giza irudia utzitako tokitik atera eta karroan ezartzen zuten. Ondoren hizlariak edo sermolariak bere trebezia erakusten zuen. Markitos, prediku zentzugabea entzun eta gero, epaiturik gelditzen zen. Erruduna gurditik eraitsi, sabelean dinamita sartu eta zuhaitz baten ondora eramaten zuten herrestan. Bertan, oinak lurrean zituela, bukaera ematen zioten Markitosi. Gaur egun Markitosen pantomima Kinkuagesima igandez egiten da.