Argazkilariak

Marin Ruiz, Pascual

1893an Tuteran jaiotako argazkilari nafarra. 1959ko martxoaren 16an zendu zen Donostian.

Jarraitutasun eta grina handiz lan egin zuen 50 urtetan zehar; argazkigintzan, erreportariak gertaera guztietan egon behar duela ulertzen zuen, eta kamera erabiltzen zuen begi gisa. 1913an hasi zen idazlari grafiko gisa lanean Zaragozako La Crónica egunkarian. 1914an Donostiara joan zen, eta Novedades aldizkari grafikoan eta El Pueblo Vasco egunkarian lanean jarri; hiriko bizitzaren argazkiak ateratzen zituen kultura-, kirol- eta gizarte-gertaera guztietan. Lanbide horrez gainera, estudioko argazkigintzan ere jardun zen. Garai haietan, gaur egungo egoeratik urrun, ez zegoen argazki-makina askorik. Horrela, erretratuetan eta ezkontza-erreportajeetan, emaztegaiei eta jaioberriei egindakoetan batez ere, ikus daiteke zorroztasunez, diziplinaz, adorez eta jakintza teknikoz gauzatzen zuela lana.

1920an, Pascual Marinek Casa Marin sortu zuen Garibai kaleko 24. zenbakian. Maria Cristina erregina maiz joaten zen erretratu-zentro horretara herriko ele-meleak konta ziezazkion -diotenez-, eta Pascual Marin Miramar jauregira joan ohi zen errege-familiari argazkiak egitera. Ezagunak dira garai hartako pertsonaien erretratuak: idazleenak, kirolarienak, intelektualenak, artistenak, politikarienak, aristokratenak eta errege-erreginen familiakoenak.

Donostiako lehenengo erreportari eta notario grafikotzat jotzen da Marin, eta, haren lana aztertzeko, zenbait esparru hartu behar dira kontuan: dokumentazioaren esparrua, etnografiarena eta landa- eta hiri-paisaiaren esparrua. Marinek berak, Mayor Lizarbek 1957an egindako elkarrizketa batean, azpimarratu zuen jakin-nahia funtsezko tresna zela bere lana gauzatzeko: "kazetaritzaren zale amorratua naiz; aukera daukadan bakoitzean, mundu horitara irteten naiz gauza harrigarrienak eta bitxienak nire Leicarekin harrapatzeko" (itzulpen moldatua gazteleratik). Ezin dugu ahaztu unea harrapatzeko aukera ekarri zuela Leica kameren zabalkuntzak. Benetako iraultza izan zen, erreportajeen munduarentzat batez ere; kamera eramangarri txiki bat zen, 1925ean sortutakoa, eta gertaera berean argazki-segida bat ateratzeko aukera ematen zuen posatu beharrik gabe.

Pascual Marin hil ostean (1959), Donostia hiriak bere historiaren zati bat ikusteko aukera izan zuen arrakasta handiko bi erakusketetan: bata, hiriaren patroiaren bezperan egin zen, Diez años de vida donostiarra (1920-1930) izenburupean; bigarrena, San Sebastián años 20, Udal Aurrezki Kutxak egin zuen, 1974ko irailean Casa Marinen artxiboa erosi baitzuen. Bertako bizitzako pertsonaia eta gertaera garrantzitsuak bildu ziren 150 argazkitan, milaka donostiarren gozamenerako. Honako hauek aurki ditzakegu argazkietan: Pasealeku Berriko bateriak ohorezko salbak joz Elkanoren lehenengo itzuleraren IV. urteurrenean (1922); Ingelesen Hilerriko lanen inaugurazioa Urgull mendian; Novedades antzokiko sutea 1928an; Paulino Uzcuduni ongi-etorria Ameriketako kanpainaren ostean; Lasarte-Oriako lasterkariak haien bolidoetarantz korrika; Paulino-Journee borrokaren aurretiazkoak 1924ko maiatzaren 11n Atotxan; Kasino Handia odol-ospitale bihurtuta; Kroneko elefanteak Kontxan bainua hartzen 1928ko ekainean; infanteriako gorputz espedizionarioa kanpaina marokoarretik bueltan; eztabaida politikoa Romanones hondartzan; Perez Caballero eta Patxi Lafarga; Kursaaleko zubia eraikitzen. Bestalde, honako ikuskizun hauek ere agertzen ziren argazkietan: pilota, futbola, hockeya, tenisa, inauteri-festak, Aste Nagusiko zezenketak, zezenketa goieskoak, ongintzazko teak eta te aristokratikoak, aurreskuak, kalejirak, kaleen inaugurazioak, Aste Santuko prozesioak eta hegazkin-probak.

II. Errepublika aldarrikatu (1931ko apirila) eta urtebete beranduago argitaratu zen Pascual Marinen liburua, eta argazkigintza modernoaren hasieratzat jotzen da une hori. Argazkilari bidaiarien xede bihurtu zen Espainia 1840tik aurrera, eta Marinek bidaia sakonago bat egin zuen, ez exotismoa bilatuz, baizik eta bihotzez maite zuen lurra sakonkiago ezagutzeko grinaz. Gertaerez gainera, honako gai hauek ere interesgarri ziren Marinentzat: artea, monumentuak, paisaia eta folklorea.

Paisaiak eta panoramikak islatzean errepikapen sistematiko bat ikus daiteke. Marinen paisaia-argazki askotan errepikatzen dira zuhaitzekin (zentralak edo albokoak, ebakitakoak edo osoak) egindako enkoadraketak. Gerora, argazkigintzan eragin handia izango zuten zinemako irudiek, telebistakoek eta publizitatekoek, eta guztioi ezagun egingo zaigun irudiz betetako mundu bat eratu zuten. Marinek, aldiz, beste irudi batzuetatik eskuratutako erro bisualak ere bazituen, hala nola, beste argazkilari batzuengandik, margolaritzatik eta Espainian denbora luzez landutako piktorialismo deritzonetik eskuratutakoak, hain zuzen ere.

Liburu horretako argazkiak ongi aztertuz gero, berehala ikus dezakegu denboraren joanak ezinbestean aldatzen dituela espazio geografikoak, basoen osaera, etxeak eta baserriak, eta, horixe da, hain zuzen ere, bilakaera. Joan den guztiak dakarren nostalgia ere ikus dezakegu argazki horietan, melankoliaren kontzeptuarekin lotu daitekeena. Argazkiek sentipenak ere helarazten dituzte, eta, argazki hauei dagokienez, paradoxa bada ere, isiltasuna sentiarazten dute, isiltasun handia. Badirudi argazki hauek loaldi luze batetik iratzartzen direla; hain zuzen ere, horietako asko neguan egindakoak dira.

Erromantizismoak utzitako oinarriak hautematen dira berehala, eta gerora gure artean ere jarraituko duten eran, eragina izan zuten, baita ere, Pascual Marinen bizitzan eta argazki-konposizioetan. Erdi-aroko gauzekiko, folklorearekiko, tradizioarekiko eta emozioekiko zaletasuna eta kultua azpimarratzen zituen erromantizismo horrek. Pascual Marinek islatzen duen natura ez da muturrekoa, ez eta lapurtua ere, erromantizismoak proposatzen zuen eran; natura harmonikoa da, baketsua, Bahía de San Sebastián de noche argazkian sumatzen denaren antzekoa; Nautikotik ateratako argazki eder batean, kale-argien izpiak itsaso bare eta lasai batean luzatzen dira.

Itzalak, argi-kontrasteak, jokoak uretan, islapenak eta efektu plastikoak, Ruinas del castillo Sta. Isabel edo La Bahia argazkietan (Pasai Donibanekoak biak) ikus daitezkeenen antzekoak. Irudi piktorikoak, Puente de Lizartza argazkia bezalakoak. Herrien ikuskeren zorroztasuna, dotoretasuna eta soiltasuna, Gabiria lanean ikus daitekeen eran; argazki bereziak, konposaketari dagokionez errepikatuak, gainak aukeratzen zituelako, hala nola, Getariako Alto de Meagas; ipar-ekialdeko haizeak bihurritutako zuhaitzak, irudika dezakegun itsaso baten parean, mugarik eta formarik gabeko masa zuri izugarri bat delako.

Ikuspegi erromantikoak, hala nola, Camino de Urbia eta Hondarribiko Patio del Castillo de Carlos V; argazki horietan naturak gain hartzen dio antzinako aurriak gogorarazten dizkigun eta elementu gotikoz apainduta dagoen inguru arkitektonikoari. Edo Casa del general Muñoz, Hondarribian baita ere. Erromantizismoa eta piktorialismoa hautematen dira, baita ere, Segurako ikuspegian eta Anguleros de Aguinaga argazkian; azken horrek, Pescador en Donostia argazkiarekin batera, Ortiz Echagueren argazkiak ekartzen dizkigu gogora. Zuhaitzek jarritako markoa duela, Marinek Caserio de Usurbil argazkia aurkezten digu; igokari hostotsu itxi artean agertzen da baserria argazkian. Ikuspegi horrek malenkonia eragiten digu, gaur egun belar-meta bukoliko gutxi daudelako dagoeneko.

Arkitekturak presentzia handia du Marinen argazkietan. Badaki etxaurreak aukeratzen, bai jauregienak, bai eta elizenak ere, ildaska biziak dituzten zutabeak hautatzen ditu, bai eta Frederick Henry Evansen (1853-1945) argazkiak gogorarazten dizkigun harmailadi-lerroak ere. Azken hori jauregien eta elizen argazkietan espezializatu zen. Marinek oso gustuko ditu jokoak, arkibolten lerroak, horiek jaurtitzen dituzten itzalak eta argiak, egitura arkitektonikoak, San Telmoko klaustroan eguzkiak arkupeetatik sartu eta lurra nola argiztatzen duen (Claustro de San Telmo), edo eguzkiaren argi-efektuak Itziarko Elizako beirateetatik zehar (Iglesia de Itziar), bobedetako nerbioen lerroak...

Jauregi eta jauretxe ederren argazkiak egin zituen, hala nola, Bergarako Palacio del Duque del Infantado, Zumarragako Santuario de la Virgen de la Antigua, zenbait udaletxe eta plaza, Usurbilgo Casa Soroa (elizateko zutabeek osatzen dute lehenengo planoa), Beasaingo Sta. Maria de Loinaz eliza neoklasikoa, Zestoako Palacio de Lili eta Bergarako Casa Jaureguiko esgrafiatuak.

Azkenik, Marinen liburuan ikus dezakegu ez zuela bere argazkietan pertsonak erretratatzeko asmorik, bere eguneroko estudio-lanetik urrundu baitzen lan hori egiteko. Nahiago izan zuen txoko jakin batzuk aukeratzea, panoramikak egitea; batzuetan agertzen dira pertsona batzuk, baina inoiz ere ez dira bat-batean harrapatutako pertsonak, aitzitik, kamerari begiratzen diote arreta handiz. Garai horietan pertsonak erretratatzea berria zela ikus daiteke.

30eko hamarkadako Gipuzkoako herriak, paisaiak eta ohiturak biltzen zituen argazki-bilduma horren aleetan, idazle ezagunen testuak bildu ziren 236 orrialdeetan zehar. Horren azalean, foru-aldundiaren armarria agertzen da, eta amaieran, berriz, propaganda-aipamenetan ageri dira Oarsoaldeako paper-fabrika, Oreretako A.E., Legazpiko Patricio Echeverria edo Pasaiako Portua. Argitalpen horrek zeharo txunditu zuen Luis Santos, eta tetralogia bat sortzeko asmoa piztu zion; Lo admirable de Vizcaya, Alava y Navarra argitaratu nahi zituen bolumen banatan. Alabaina, gerra zela eta, Bizkaiari zegokiona soilik argitaratu zen 1936an.

  • MARÍN RUIZ, Pascual. Gipuzkoa begiragarria = Lo admirable de Gipuzkoa. Bilbo: Foto y Huecograbado Arte - Luis Santos y Cía., 1932.
  • MARÍN RUIZ, Pascual. Bizkaia begiragarria = Lo admirable de Vizcaya. Bilbo: 1934.
  • ARANZASTI, María José; ELIZEGI, Antton. Pascual Marín. Gipuzkoa begiragarria = Lo admirable de Gipuzkoa. Ed. faks. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundua. Ekonomia Saila, 2002.