Arkitektoak

Mangado, Francisco

1957an Lizarran (Nafarroa) sortua, Francisco Mangado Beloqui arkitekto garaikide esanguratsuenetakoa da estatu mailan.

1981ean arkitekturan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskolan (Iruñea). Bertan irakasle lanetan dihardu 1982az geroztik. Irakaskuntzaren arloan EEBBetako Texas Arlington Unibertsitatean (1995), Hardvard-eko Graduate School of Design-en (1996,1997, 2000) eta Yale-ko Unibertsitateko Arkitektura Eskolan irakasle gonbidatua izan da , hala nola Nancy-ko (Frantzia) Unibertsitateko Arkitektura Mintegi Internazionalean (1999), Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Diseinuen Graduondokoan (2000-2004), Bartzelonako Unibertsitate Internazionalean (2001-2004) eta Versailles-eko (Frantzia) Arkitektura Eskolan (2004) irakasle, besteren artean. Hainbat herrialdeko unibertsitate eta arkitektura zentroen hitzaldi ugaritan ere mintzatu da.

2008an "Fundación Arquitectura y Sociedad" irabazi-asmorik gabeko erakundea sortu zuen. Bertan arkitektoez gain beste materia askotako profesionalek elkarrekin lan egiten dute, ekonomistak, politikariak, artistak, soziologoak eta pentsalariak adibidez. Arkitekturaren eta sormena, pentsamendua eta ekonomia arloko beste diziplinen arteko interakzioaren alde lan egiten du, arkitektura gizartean bizitzeari derrigorrez lotutako esparru gisa sustatzeko.

Arlo akademikoari eta Fundazioaren lanari paralelo, Iruñean duen estudioan arkitekto lanetan dihardu. Bere lanak publikazio eta erakusketa ugaritan bildu izan dira, eta jaso dituen sariak ere asko dira: 1987an Lizarrako hirigune historikoaren Plan Bereziak Hirigintza Sari Nazionalaren Ohorezko Aipamena jaso zuen; 1990ean Oliteko Plazarako (Nafarroa) bere proiektuak Antonio Camuñas Fundazioaren saria jaso zuen; 1991an Oliteko Upeltegiagatik Vicenzako (Italia) Andrea Palladio Sariaren Aipamen Berezia jaso zuen; Arkitekturako Thiene saria, Architecti saria, CEOEarena eta FAD saria ere eskuratu ditu; Palentziako "Nueva Balastera" Futbol Estadioak Arkitekturako Enor Sari Nagusia lortu zuen 2007an; 2008ko Zaragozako Exporako Espainia Pabilioiak besteren artean Eraikuntzako Construmat Saria, Giancarlo Ius Urrezko Domina eta García Mercadal Saria eskuratu zituen 2009an; Gasteizko Arkeologia Museoak Arkitekturako Copper Saria, COAVNen Arkitekturako lehen saria eta International Architecture Awards sariak jaso zituen 2010ean; Avilako Erakusketa eta Kongresu Udal Aretoak ere International Architecture Awards saria eta Chicago Athenaeum saria jaso zituen 2011ean, besteak beste. 2012an RIBAk (Royal Institute of British Architects) International Fellowship (ohorezko kide internazional) izendatu du.

Mangadoren arkitekturaren ezaugarri nagusiena bere lanak ezinegon sozial eta politiko batekin uneoro mantentzen duen elkarrizketa estua da, testuingurua, teknika eta ekonomiarekiko erantzunkizun diziplinatua jarraitzera daramana. Bere arkitekturak gizartearekin konplitzea eta zerbitzu ematea helburu du, arkitektura indar artistiko eta sozialek inspiratutako zerbitzu bezala ulertuta beste ezer baina lehenago. Testuinguruaren inguruko gogoeta da arkitektura proiektuaren bereizgarria eta esentzia, etika arkitektonikoaren azken zentzua. Halaber, proiektu bat gauzatzeko aurrebaldintza gisa topografia ageri denean, eraikinaren diseinurako derrigorrezko abiapuntu arrazional gisa ulertzen du. Ezinegon honek bultzatu zuen hain zuzen aipatutako fundazioa sortzera. Berrikuntza arretatsua, hirigintza baketsua, tokiko pragmatismoa. Urteek aurrera egin ahala lan bolumena hazi eta mugak zabalduz joan diren arren, bere ibilbide profesionalean printzipio hauek era jarraiean gidatu izan dute, eta ez dago bere lana etapa desberdinetan modu argian bereizteko adinako alderik.

Nafarroa, eta bereziki Iruñea, izan da bere lan eremu nagusia, lehen urteetan (1986-2000) batez ere. Garai honetako lanak dira Oliteko plaza eta Kultur Etxea, Iratxeko upeltegiak, Iturramako osasun zentroa, Mendillorriko urbanizazioa, eta Lizarrako plaza, adibidez. Proiektu hauetan posmodernismo historizista baten oihartzun xumea igarri dezakegu, elementu tradizionalen berrinterpretazio garaikidea, baita horizontaltasun eskandinaviarraren eragina ere. Jarraitasun historikoa eta hiri-transformazioaren inguruko hausnarketarako Nafarroak eskaintzen duen potentzialaz jakitun, urtetan zehar landutako dotorezia eta testuinguru hiritar aldakorrari erantzun emateko modu zorrotza garatu ditu.

Iruñea izan da, hain zuzen, bere obra nagusienaren orube: Errenazimenduko zitadelaren alboan eraiki da Nafarroako Batzar-jauregia eta Auditorioa, Baluartea. Hemen ere kokaleku historiko batek eskaintzen dituen aukerak anitzak direla frogatu du, arkitektura garaikideko lanen materializazioan integratu beharrekoak. Eraikina, testuinguruarekin bateratzeari lehentasuna emanik, ez eskala edo presentzia aldetik, baizik eta hiriaren irakurketari dagokionez, zitadela instituzio publiko berriaren zokalo bihurtzen da. 2003an amaitua, Baluarteak 63,000 metro karratu ditu, eta beste ekipamendu publiko askoren artean 1568 pertsona hartzeko moduko areto sinfonikoa dauka. Hiriaren erdigunean, Iruñeako eremu komertzial eta dinamikoenean dago kokatua, Lehenengo Zabalgunean, eta zonaldea inguruko berdegune zabalekin kateatzen du Zitadela eta hirigune historikoaren arteko jarraitasuna uztartuaz. L formako oinak 10,000 metro karratuko espazio publikoa inguratzen du. Eraikinak kale nagusienekin kontaktuan dauden orubearen ertzak okupatzen ditu, eta aldi berean auditorioetarako sarbide plaza zabala eratzen. Barruko antolamendua soila da: areto nagusiak hegal oso bat hartzen du eta pasillo perimetralek inguratzen dute. Beste hegalean erakusketa eta batzar aretoak daude, eta bien artean 800 metro karratuko atondo nagusia aurkitzen da. Inguruko kaleetara hormigoizko itxiturak ditu, beirate zabalekin irekiaz barneko plazara. Eraikin osoaren estaldura Zimbawetik ekarritako kuartzitazko lauza beltzez egina dago, bolumenaren presentzia indartzen dutenak. 2006an plazan eraikitako kafetegi berriago baten eraikuntza amaitu zen, Mangadoren diseinua hau ere. Horizontaltasuna, testuinguruari keinu egiteko harriaren erabilera, plaza huts baten handitasuna erakusteko modua eta xehetasunenganako arreta arkitektoaren hiri-lengoaiaren erakusle dira. Baluartearen eraikuntzak Francisco Mangado estatu mailako funtsezko arkitekto garaikideen artean kokatu zuen. Harrezkero, arkitektura lehiaketetan irabazitako beste proiektu ugari ere eraikita ikusi ahal izan ditu.

Espazio publikoen arloan Bordeleko Pey Berland plazaren erreforma daukagu, Atelier d'Architecture King Kong Five estudioarekin elkarlanean proiektatu zuena. 2005ean gauzatua, 30,000 metro karratuko azalera hartzen du gutxi gora behera, eta Bordeleko Katedrala eta Udaletxea aurkitzen dira bertan. Proposamenak Katedrala garrantzi handiko pieza historiko gisa tratatzen du, baina aldi berean hiri-energiak sortzeko gai den elementu bezala. Garai batean plaza inguratzen zuten errepideak desbideratuta, distortsio elementuak desagertarazten dira, oinezkoei erabat eskainitako espazioa lortuaz pabimentu jarraien bidez. Pabimentuok Katedralari egindako kontrapunto eta erreferentziaz josita daude: granitozko zolarri karratuak zabaltzen dira plaza guztian zehar brontzezko plakekin eta luminariekin tartekatuta, puntu esanguratsuetan dentsitate handiagoaz pilatzen direnak garrantzia desberdineko espazioak azpimarratu eta bereizteko. Tranbia, garraiobide publiko garbi eta isila, plazatik pasarazten da garrantzia nabarmena hartuaz pabimenduen trataeran eta ematen zaion balore eszenografikoan. Proiektu hau Mangadok arkitekturan hogei urtez lan egin ondoren lortutako heldutasunaren eredu da.

Urte batzuk beranduago eraiki zen Ávilako Erakusketa eta Kongresu Udal Aretoa. Hiriko harresi historikoen ipar-ekialdean kokatua, bolumenek eraikinaz gain paisaia ere eratzen dute, eta hirira begiratzeko plataforma bihurtzen da. Plano tolestuak eta bolumenen sartuirtenak Mangadoren sena hiritarraren ispilu leiala dira: harresiaren garrantzia bisuala errespetatzea, eta eraikina, hiria eta paisaiaren arteko elkarrizketa dira proiektuaren oinarrizko irizpideak. Lurrean ainguratutako arroka baten metafora erabiltzen du, granito argizko bolumen trinkokoa eta topografiari erabat egokitua definitzeko. 22,000 metro karratu hartzen ditu kanpo espazioak kontatu gabe; Mangadok Baluarteaz geroztik hau bezalako programa oparoko eraikuntzak egin ahal izan ditu. Bi eraikinok 2006an New York-eko Arte Modernoaren Museoan (MoMA) espainiar arkitekturaren inguruan egindako erakusketarako hautatuak izan ziren.

2008an Zaragozako Nazioarteko Erakusketarako Mangadoren Espainia Pabilioia eraiki zen. Berriro ere metaforaz baliatuz, oraingoan ur gaineko zuhaizti bat iradokitzen da zeramikazko zutabe lerden eta errepikatuen bidez, bertikaltasunak eta argi-itzalen eta sakoneren jokoak lehen mailako garrantzia hartzen duten espazio bat eraikiz. Erabilitako materialak xumeak dira, batzuk birziklatuak, eta diseinuan erabilitako logika energetikoak eraikinaren ingurugiroarekiko konpromezua erakusten du; funtsezko puntua hau ere, eta Mangadoren arkitekturak duen borondate etikoaren erakusgai.

Aipagarriak dira baita ere beranduago eraikitako Palmako Batzar Aretoa, Asturiaseko Arte Ederren Museoa eta Ultzamako bailaran eraikitako zentro hipikoa. Mangadoren obraren inguruko erakusketa monografikoa, "Francisco Mangado. Arquitecto", Madrilen estreinatu zen 2011eko otsailean, eta Teluada, Iruñea eta Berlinen ere ikusgai izan da.

  • AV Monografías. Francisco Mangado. 2008-10-09, 133.zenb. Madril: Arquitectura Viva SL, 1985-.
  • BALUARTE, Palacio de Congresos y Auditorio de Navarra. Baluarte ezagutu. [Kontsulta data: 2012ko maiatza].
  • CANTALAPIEDRA, Chus. "Patxi Mangado. Miembro Honorífico del Royal Institute of British Architects (RIBA)." Servicio de Publicaciones de la Universidad de Navarra. Iruñea, 2012ko martxoa, 74-77 orrialdeak.
  • El Poder de la Palabra. Francisco Mangado. [Kontsulta data: 2012ko maiatza].
  • FERNÁNDEZ GALIANO, Luis; JIMÉNEZ, Carlos. Francisco Mangado: Obras y proyectos. Bartzelona: Editorial Gustavo Gili, S.L., 2005.
  • Fundación Arquitectura y Sociedad. [Kontsulta data: 2012ko maiatza].
  • NEVES, José Manuel Das. Francisco Mangado 2+2 arquitecto. Editorial Caleidoscopio, 2007.
  • Proyectar Navarra. Baluarte, 85.zenb. 2004ko urtarrila.
  • RODRIGUEZ, Juan. Mangado: Francisco Mangado. Ultzama (Centro Hípico de Ultzama). Labirinto de Paixons, 2010.
  • STUDIO BANANA. Studio Banana Tv; Architecture; Patxi Mangado. [Kontsulta data: 2012ko maiatza].
  • TC Cuadernos. Francisco Mangado: Arquitectura 1998-2006. 2006, 71-73.zenb. Valentzia: General de Ediciones de Arquitectura, S.L.
  • Webgune ofiziala. [Kontsulta data: 2012ko maiatza].