Pintoreak

Maeztu Whitney, Gustavo de

Pintore eta marrazkilari arabarra, Ramiro eta Mariaren anaia, Gasteizen jaio zen 1887ko otsailaren 11n. Lizarran hil zen 1947ko otsailaren 9an.

Batxiler ikasketak Urduñan (Bizkaia) egin ondoren, Antonio Lekuonaren tailerrean arte plastikoen lehen urratsak eman zituen, 1901etik aurrera Manuel Losadarekin ikasiz. 1904an Parisera joan zen lehen aldiz. Bilbora itzultzean, lau urte beranduago, beste artista eta intelektual batzuekin El Coitao aldizkari satirikoa sortu zuen, Don Tejón Vélez de Duero ezizenaz bere literatura zaletasuna garatuz. 1911n Bizkaiako hiriburuan El Imperio del Gato azul argitaratuko du.

1916. urtean Espainian zehar bidaia luzea egin zuen oinez. Ibilaldi horretan sortuuko dira ohar-koaderno batzuk, gero Bartzelonako Galerias Layetanasen eta Madrileko La Tribunan azalduko dituenak.

Penintsulan zehar bidaiatu zuen eta Espainiako hiriburuan, Bartzelonan, Zaragozan eta beste toki batzuetan erakusketak egin zituen etengabe, Parisen eta Londresen izan zituen egonaldi luzeekin batera. 1936an, Ramiro anaiaren fusilamenduaren ondoren, Lizarran (Nafarroa) zuen etxera etorri zen. Egaren hirian bertako semetzat hartu zuten eta bere lanaren zati handia bertako Maeztu Museoan dago.

Arte Ederren Nazio mailako 1912, 1915, 1924, 1926 eta 1936ko Erakusketetan parte hartu zuen. Era berean, 1928an San Fernando Akademiaren Erakusketan esku hartu zuen, baita 1921eko eta 1923ko Bilboko Euskal Artisten Erakusketan ere. 1919tik 1921era bitartean, Ingalaterrako hiriburuko Grafton Galleries, Malpin Art Gallery eta Walker Galleries-en erakusketak antolatu zituen; 1922an, Pariseko Devanber Galerian eskaini zuen bere lana eta Bartzelonan, Zaragozan, Bilbon, Donostian, Granadan eta beste toki batzuetan ere erakusketak egin zituen. 1927an, La Tierra Ibérica y Ofrenda de Levante a la Tierra Española triptikoak, Nazio Erakusketako hirugarren domina lortu zuen.

Garaiko joerekin bat zetorren eta hala adierazi zuen artea eremu askotan, besteak beste, Euskal Herria, Gaztela edo Andaluziako folklore kostunbrismo erakusten zuten lanak. Horrekin batera, paisaiei dagokienez, pintore gardena eta ausarta zela esan daiteke, ñabardura xumeak azaltzen zituen, kolorez josia. Aipagarriak dira honako hauek: El Ciego de Calatañazor, La Maja del Mantón, San Marcial, El Astorgano, La Copla Andaluza, Don Juan Tenorio, Jota navarra, Los novios de Vozmediano, Lírica y Religión triptikoa, Rincón del Ebro, Costa Vasca, Gallarta, Duranguesado, Roncal, Crepúsculo en Estella, Los Arrieros, Llanura en Castrojeriz, edo Anochecer en San Vicente de La Barquera.

Joera modernistarekin bat eginez, oso estilo ikusgarria eta apingagarria dauka, monumentaltasuna eta epopeietako irudiak gogoko ditu. Plano handiko bolumenak lantzen zituen, irudi atletikoak eta eskultura kutsukoak (Mujeres del Mar, El Orden y la Fuerza, 1920).

Muralismoa lantzen du (Bilboko Postako Eraikina, 1933; Nafarroako Foru Aldundia) eta arrakastaz heltzen dio metodo enkaustikori, hau da, porlana, uralita eta harri artifizialezko plantxak erabiltzen dituen prozedura apaingarriaria. Metodo horrekin egindako lana Arkitektoen Elkarte Nagusiari aurkeztu zion 1928an.

Erretratugile bezala Tomas Meabe, Raquel Meller, Ramiro, Angela eta Maria de Maeztu, Lagartijo, Pepe Hillo, Frascuelo, Chiclanero, Zumalakarregi eta Poza lizentziaduna bezalako pertsonaien koadroak burutu zituen. Kolorista ausarta eta sakona zen, sentsuala. Konbinazio ikusgarriak lortzen ditu. Bere paleta landuz, berdea, urdina eta gorrien erabileran nabarmentzen da. Litografia ere jorratu zuen (Apunte Marinero, Cacería vasca en los alrededores del castillo de Butrón).

Maeztu une modernistaren estiloko artista izan zen; kostunbrista eta monumentalista, indartsua eta erromantikoa aldi berean. Gizon polifazetikoa, idazlea izan zen, komediantea eta nolabait toreroa, zinearen munduan apaintzaile gisa jarduna eta Benito Perojoren zine batzuetan interpretaria ere.

Lizarrako Museoan zaindutako lan batzuk, besteak beste, honako hauek dira: Intimidad, Eva, Idilio, Dos chinos, Las Presidentas, Café de La Paix, La vuelta del requeté, Magdalena, Tarde de Tertulia, Flora, Beethoven y el poeta, edo La Gitana. Bere beste lan batzuk bilduma pribatu eta publiko batzuetan aurkitzen dira, adibide bezala hauek: Arabako Arte Ederren Museoan, Vitoria-Gasteiz; Bilboko Arte Ederren Museoa; Donostiako San Telmo Museoa; Sofia Erregina Etxeko Nazio Museoa, Madril; eta MNBA-Arte Ederren Nazio Museoa, Buenos Aires.