Arkitektura

Luis Briñas ikastetxea. Bilbo

Luis Briñas ikastetxea Bilbo hiriko Santutxu auzoan dagoen eraikina da eta 1933an inauguratu zen urteaz geroztik beti ikastetxea izan da. Gaur egun, 1996an eginiko eraberritze sakon baten ondorioz, ikastetxe publikoa izaten jarraitzen du. Eraikinaren egilea Pedro Ispizua da (Bermeo, 1895-Bilbo, -), ikastetxea eraiki zuten garai hartan Bilbo hiriko udal arkitektoa baitzen. Horren ondorioz, eraikina gauzatzeko eskaintza bere lanbidetik etorri zitzaion. Baina garai hartan eraikina ez zen ospetsua eta esanguratsua izan bete zuen funtzioarengatik bakarrik, Espainiako II. Errepublikako ezkerreko gobernuaren hezkuntza sistema berritzailearen eredutzat hartu baitezakegu. Aitzitik, eraikina garaiko abangoardiako arkitekturaren eredu izan zen, hau da, modernitatea edota arrazionalismoa esan dioten mugimendua. Horregatik, Luis Briñas ikastetxea zalantzarik gabe, Euskal Herriko arkitekturaren historian, XX. mendeko eraikin garrantzitsuenen artean dago.



Pedro Ispizua (Bermeo, 1895-Bilbo, 1876) arkitekto bizkaitarra eta ikastetxearen egilea, XX. mendeko arkitekto garaikide interesgarrienetakoa dugu Bilbo inguruko lanetan. Bere ibilbidea, garai hartako beste arkitekto askorekin gertatu zen bezala -Calixto Emiliano Amann edo Manuel Ignacio Galindez, adibidez-, eklektizismoan hasi bazuen ere, hain zuzen neoeuskalduna izeneko estiloa landuz, -Ollerias eta Garcia Rivero ikastetxetan eta Artxandan dagoen Lorategi Hirian ikusten den bezala-, handik gutxira modernismoaren eragina jaso zuen, Erriberako merkatuan antzematen den bezala (1929). Ondoren, 1930etik aurrera, modernitatearen eta arrazionalismoaren aldeko apustua egin zuen Luis Briñas ikastetxean. Euskal Herriko eraikin arrazionalista garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa burutu zuen. Gerra ostean, bere belaunaldiko beste hainbat arkitektok bezala, Frankismoak proposatzen zuen estetikarekin bat egin bazuen ere -Espainiako Errenazimendu inperiala aldarrikatzen baitzen, eta El Escorial eraikina eredu gisa hartuz-, urteak aurrera egin ahala arrazionalismoa berreskuratu zuen Bilbon bertan burutu zituen hainbat etxaditan. Horietan modernitatearen irakurketa xumea egin zuen. Horrela, Luis Briñas ikastetxea bere bigarren fasearen hasieran kokatu beharko genuke, ezaugarri eklektikoak baztertzen dituenean eta modernitatearen eta arrazionalismoaren berri izanik -hogeita hamargarren hamarkadan AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) aldizkariaren harpideduna izan zen, GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteak argitaraturako aldizkaria eta bertan arkitektura garaikidea aldarrikatzen zen, baina Pedro Ispizua GATEPAC taldeko kidea ez zen izan- bere ibilbidea beste fase batean txertatzen da.

Egitura aldetik eta erabiltzen dituen formei dagokienean, Luis Briñas ikastetxea eraikin arrazionalista bada ere, nahiko eraikin berezia da. Lau solairutan antolatuta dago eta bost sarrera desberdin dauzka. Eraikinak oinplano berezia du eta, angeluzuzena bada ere, forma arrazionalak eta erregularrak ditu. Eraikinaren funtzio eta betebehar diferenteak bloke bakar batean jaso beharrean -garai hartan estilo honetan nahiko ohikoa zen bezala-, Pedro Ispizuak nahiago izan zuen fatxada nagusian, sarrerak kokatzen diren alboan, forma desberdinak diseinatzea eta konbinatzea, erdiko dorrea nabarmenduz, adierazkortasunez eta bertikaltasunez. Bestalde, atzealdeko fatxadan gela multzo handiena dago. Hor bloke bakarra diseinatu zuen, protagonismoa leihoei eta horizontaltasunari eskainiz. Erabaki hori arrazoi funtzionaletan oinarritu bazitekeen ere, gehienbat arrazoi estetikoengatik eta sinbolokoengatik egin zuen, eraikin esanguratsua erdietsi nahi zuelako, adierazkorra.

Era berean, azken erabaki hori ulertzeko ez dugu ahaztu behar hezkuntza II. Errepublikako ezkerreko gobernuaren helburu eta arlo garrantzitsuenetakoa izan zela. Beraien ustetan garai hartan, hogeita hamargarren hamarkadan alegia, Espainiak zituen gabezia gehienen errudun nagusia hezkuntza falta zen. Horregatik garaiko ezkerreko gobernuak sekulako inbertsioak egin zituzten eraikin berriak gauzatuz eta beharrezkoak ziren irakasleak heziz. Luis Briñas ikastetxea asmo guzti horien eredu izan zen, ikastetxeak ez zituelako soilik ikasgelak eskaintzen. Hezkuntza fisikoa egiteko guneak, igerilekua -sotoan kokatuta- eta museoa ere hantxe zeuden, hezkuntza, ariketa fisikoa eta kultura uztartuz. Horregatik, eraikinaren izaera adierazkorra da nahiz eta forma guztiak arrazionalak izan eta apaingarrien aipamenik ez egon. Horren ondorioz, bereziki dorrearen presentzia eraikinaren bitartez transmititu nahi den mezuarekin lotu behar dugu.

1996an ikastetxea guztiz zaharberritu zen lanaren arduradunak Eduardo Eskauriaza eta Rafael Olabarri arkitekto bizkaitarrak izanik. Lan hauetan jatorrizko zenbait funtzio, espazio eta formak aldatu behar izan bazituzten ere behar berriei erantzun eta egokitzeko asmotan, orokorrean eraikinaren elementu gehienak Pedro Ispizuaren asmoak jasotzen jarraitzen dute eta arkitekto bizkaitarrak zenbait detailetan galduta zeuden hainbat elementu berreskuratzen ere saiatu dira, eraikinean jatorrizko izaera berreskuratzeko asmotan.