Zinekoak

Lucía y el sexo

Julio Medemen bosgarren film luzea. Sogecine-k produzitu zuen, 2001ean. Bereizmen handiko kamera digitalaz egindako lehen filma da espainiar zinemaren historian. Zehazki, Sony HDW-F900 kamera erabili zuen Medemek.

Esperientzia benetan aberasgarria gertatu zen, teknika horrek eskaintzen dituen bideei esker Medemek aurreko lanetan baino hiru aldiz metro gehiago filmatu baitzituen. Gainera, era neutroan filmatu zuen, argi eta argazki efektu guztiak postprodukzioan gehitu baitziren. Filma 2001ean estreinatu zen. Los amantes del Círculo Polar (1998) filmaren erreplika gisa egin zuen zuzendariak, obra horretako amaiera tragikoaren lekuan argiranzko eta itxaropeneranzko bidea eskaini baitzuen bigarren lanean. Medemek edertasunez eta lirismoz betetako obra bat sortu zuen. Zinemagileak berak estreinaldian esan zuenez, sugestioan, liluran, sorginkerian eta obsesioan zentratutako obra. Hona istorioa: Lucíak (Paz Vega) ihes egiten du hiritik, haren senargaia, Lorenzo (Tristán Ulloa) izeneko idazle bat, desagertu denean. Bere larrian, Mediterraneoko uharte batean babesten da neska. Han, eguzkiaren argi distiratsuak sututako giro bero horretan, bere barrua arakatzen hasten da, bere buruaz duen pertzepzioa berregiteko. Medemek konstante batzuk darabiltza berriro: ustekabea, halabeharra, ametsaren eta errealitatearen arteko konbinazio liluragarria, eta tramako pertsonaien arteko harreman konplexuak. Guztia, gainera, eduki erotiko handi batekin ondua, zeina sentiberatasunez eta talentuz eraman baita pantailara.

Filmaren erabakitze teknikoa bikaina da. Nabarmentzekoa da Kiko de la Ricak argazkigintzaren zuzendaritzan egindako lana, eta nabarmentzekoak dira Paz Vega, Elena Anaya eta Najwa Nimri antzezleen interpretazioak. Los amantes del Círculo Polar-ekin, Medem hasia zen jadanik gutxiengoentzako zinemagilearen etiketatik urruntzen, eta Lucía y el sexo-rekin indartu egin zuen joera hori, film horixe izan baitzen Medemen karrerako arrakasta komertzialik handiena. 2001 amaieran, zehazki, gainditua zuen milioi bat ikusleko maila. Egia esan, aurreko lau filmekin batera baino diru gehiago bildu zuen horrekin. Sundance Jaialdian erakusteko hautatu zuten. Zinema independentearen hitzordu garrantzitsuena da hori. 1984tik da martxan, eta Robert Redford aktore iparramerikarrak bultzatzen du.

Gero, sariz jositako karrera bat eduki zuen. Honako hauek eskuratu zituen: bi Goya, 2001ean (Emakumezko Antzezle Agertu Berri Onenarena, Paz Vegarentzat, eta Musika Original Onenarena, Alberto Iglesiasen partitura inspiratuarentzat); Epaimahaiaren Film Onenaren Saria, Dijongo Zinema Latinoaren Jaialdian; Publikoaren Saria, El Mundok Euskal Zinemari ematen dizkion X. Sarietan; La Navaja de Buñuel Saria, 2001eko film onenarentzat, Versión Española telebistako saioaren ikusleek emanda, eta bi sari Seattleko Nazioarteko Zinemaldian: Publikoak Zuzendari Onenari ematen diona - Golden Space Needle delakoa-, eta Emerging Master saria, zeina lau zuzendari berri handiri ematen baitie zinemaldiak, beren originaltasunagatik eta eskarmentuagatik. Lucía y el sexo-ren Estatu Batuetako estreinaldia eskandaluak markatuta egon zen. Seattleko bi egunkarik uko egin zioten beren orrialdeetan filmaren iragarkiak ipintzeari, haren eduki erotiko handiagatik. Dena dela, eskandalu koskor horrek ez zuen obraren ibilaldia geldiarazi. Filmak milioi bat eurotik gora bereganatu zuen hilabetean, eta kritika espezializatu guztiaren konplizitatea.



  • Angulo, Jesús; Rebordinos, José Luís: Contra la certeza. El cine de Julio Medem, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Festival de Cine de Huesca, 2005, 322 or.
  • Medem, Julio: Lucia y el sexo: guión cinematográfico de Julio Medem, Madrid, Ocho y medio, 2001, 139 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.