Konposatzaileak

Luc, Maria Eugenia

Maria Eugenia Luc Argentinako Rosario hirian jaio zen 1958ko abenduaren 6an. Unibertsitateko musika ikasketak Rosarioko Unibertsitate Nazionalean (Universidad Nacional de Rosario) egin zituen 1976-1984 bitartean (harmonia, kontrapuntua, konposaketa eta instrumentazioa). Bere irakasleen artean Dante Grela eta Marta Varela nabarmendu behar dira. Bere prestakuntza osatzeko hainbat ikastaro egin zituen (horietarako beka lortu ostean) Uruguai, Brasil eta Espainian. Ikastaro horiei esker, konposaketa arloan prestigio handikoak ziren irakasleak ezagutu zituen, esate baterako, Dieter, Schnebel eta Luis de Pablo.

Ondoren, 1987-1989 bitartean, Buenos Aireseko Musika Ikerketa eta Ekoizpenerako Laborategian garatu zuen bere prestakuntza (berriro ere beka eskuratuta) eta beste irakasle batzuen artean, Francisco Kröpfl izan zuen maisu. Horrela, Bitarteko Elektroakustikoak erabiliz egindako Konposaketaren Hobekuntzarako Diploma erdietsi zuen. Kröpfl irakaslearen ondoan ikasitakoak eragin handia izan zuen Lucen ondorengo obran, bereiziki, musika-konposaketaren parametro ezberdinetako egitura eta formak kontrolatzeari dagokionez.

1983tik aurrera konposizioan murgildu zen irmoki. Urte horretan osatu zuen Continuo harizko laukotea, Rosarion estreinatu zena. Urte horietan obra hauek nabarmen daitezke: Brasilian estreinatutako klarinetez interpretatzeko Los personajes (1984); Standart obra elektronikoa (1988); eta Omega (1989) harizko orkestraz interpretatzeko, Buenos Aireseko Colón Antzokian estreinatu zena. Horrez gain, Lucek instituzio hauen saria jaso zuen: International Society of Contemporary Music (1988), Flauta bakarlariaz interpretatzeko Sombrías obrak Ohorezko Aipamena jaso zuen, eta Argentinako Ars Contemporanea (1989), pianorako Centauros bere obrak Lehen Saria jaso zuen.

1986-1990 bitartean, konposaketa eta ikasketak bere jarduera profesionalarekin batera landu zituen, izan ere, hainbat instituziotan irakaskuntza arloan aritu zen profesionalki: Buenos Aireseko Manuel de Falla Musikako Goi Kontserbatorioa, Collegium Musicum Musikako Goi Institutua, Argentinako Gizarte Museoko Unibertsitatea (Universidad del Museo Social Argentino), Salvador Unibertsitateko Musikoterapia Eskola eta Buenos Aireseko Unibertsitate Nazionaleko Filosofia eta Letretako Fakultateko Arte Departamentua. Halaber, urte horietan Argentinan Collegium Musicum, Buenos Aireseko Udaltasuneko Kultura Idazkaritzak eta Goi Kontserbatorio ugarik babestutako bost ikastaro emateko deitu zuten. Hala ere, bere egoera ekonomikoa nahiz lan-egoera nahikoa eskasak ziren. Horri, bere herrialdean garatzen zaila zen bere musikarako grina gehitu zitzaion. Horren ondorioz, kanpora jo zuen musika arloko ibilbidea urratzeko eta prestakuntza osatzeko.

Luc Franco Donatoniren lanak erakarri zuen eta beka bat lortu zuen Milanera joateko harekin ikastera. Konpositore horrek arrastoa utzi zuen Lucengan eta sormen-askatasuna piztu zion (dena den, ez zion muzin egin bere obren egitura zehaztasun osoz kontrolatzeari). 1990-1992 bitartean Civica Scuola Di Musica Contemporánea izan zen bere ikastegia. Era berean, 1990 eta 1991 urteetan Sienako Accademia Chigiana delakoan udako ikastaroetan parte hartzeko beka jaso zuen eta baita MUSIKINSTITUT DARMSTADT (Alemania) delakoan prestakuntza jasotzeko ere, 1992ko udan (1994ko udan bigarren aldiz joan zen hara). Berriro ere, prestakuntza jasotzeko irrika horri esker, konpositore eta irakasle oso adierazgarriak ezagutu zituen, esate baterako, Brian Ferneyhough, Jose Luis Campana edo Ennio Morricone.

Ikasketa horiek burutzen zituen bitartean, 1991-1993 bitartean, Luc Milango Ricordi argitaletxeko kolaboratzaile modura aritu zen lanean, eskuizkribuen orraztaile eta zuzentzaile lanetan; horrez gain "Guía a la Escucha Analítica" ikastaroa eman zuen, Giuseppe Verdi Milango Musika Goi Kontserbatorioak antolatutako Corsi Popolari Serali di Musica egitasmoaren barruan.

Sasoi horretan bere musika-sorkuntza garatzen jarraitu zuen. Horren adibide da, 1991n Accademia Chigianak antolatutako ikastaroaren barnean Sienako Palazzo Chiggi Saracini jauregian estreinatu zuen Caballeros de Medianoche obra. Urte horretan, Instituto ÍtaloLatino Americano di Roma delakoak lehen saria eman zion bere obra osoaren aitorpen modura. Nolanahi ere, Italian eman zituen urteetan Luc gehienbat ikaskuntzan murgildu zen eta horren emaitzak hurrengo aroan jaso zituen.

1993ko maiatzean Luc Bilbon finkatu zen behin betiko. Andrea Cazzaniga milandarrarekin ezkondu zen. Hark Bilboko Orkestra Sinfonikoan biolin plaza bat eskuratu zuen eta horri esker hartu zuen emazteak aipatu erabakia.

1995-1997 Bilboko Musika Goi Kontserbatorioan harmonia, kontrapuntu, konposaketa eta instrumentazio arloko Goi Irakasle titulua eskuratzeko azterketetara aurkeztu zen bere kabuz (izan ere, Italian atera zituen goi-ikasketak ez zizkioten baliozkotu). Aldi berean, Frantzian bere ikasketak sakontzen jarraitu zuen Jose Luis Campanarekin batera. Ikasketa horiek l' École Nationale de Musique d' Aulnay-sous- Bois delakoan burutu zituen eta 1998an instituzio horretako Konposaketa arloko Lehen Saria jaso zuen aho batez (sariketa d'Orsay Unibertsitatearekin batera antolatzen zen); horrez gain, SACEM saria ere jaso zuen (Frantziako Musika arloko egile, konpositore eta editoreen elkartea). Campanarekin batera burututako ikasketei dagokienez, eragin handia izan zuen Lucengan orkestrazioari eta konposizio-ideiaren garapenari buruzko arloak.

Bilbon, Luc, hasiera batean, H. Bedmar Erdi Mailako Kontserbatorio Pribatuan aritu zen lanean (1994-1998). Ondoren irakasle gisa aritu zen Algortako (Getxo) Soinu musika-eskola pribatuan; dena den, jarduera horretan etenaldi bat egin zuen 2001-2002 ikasturtean. Orduan Paris VIII Unibertsitateko musika departamentuko Composition Assistée par Ordinateur Masterra amaitu zuen, Horacio Vaggione irakaslearekin. Ikasketa horiekin lotuta, 1998-2002 bitartean, Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak ematen duen Sormen Artistikoaren beka jaso zuen, elektroakustika erabiliz obra sinfoniko bat konposatzeko: Enbat izeneko obra sortu zuen, txistuarekin, txalapartarekin, marinbarekin, orkestra sinfonikoarekin eta soinu elektroakustikoekin interpretatzeko. Bere hitzetan sormen landuenetakoa izan zen obra hori eta 2001ean estreinatu zen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eskutik.

2003-2004 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean hasi zen lan egiten, El hecho sonoro en el audiovisual ikasgaiko irakasle modura. 2004-2005 ikasturtean Musikenen aritu zen lanean (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) Formas Poético Musicales ikasgaiari dagozkion eskolak emateko (gerora, zentro horretan hainbat lanetan aritu da). 2008az geroztik EHUko Arte eta Ikuskizunen Zientzietako Masterreko irakasle ere bada. Organismo eta kongresu askotatik deitzen dute Luc eta espezializazio ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak ematen ditu. Horrez gain, 2002az geroztik Konposaketa Arloko Nazioarteko Lehiaketetako epaimahaikidea da Tarragona, Girona eta Sevillan, eta Film Laburretako epaimahaikide Leioan.

Musika sustatzen egindako lanagatik ere oso ezaguna da berak abiarazitako bi ekimenei esker: 1997an KURAIA sortu zuen (Bilboko Musika Garaikideko Taldea), 2000. urtera arte bertako presidente izan zelarik. Eta 2001ean KLEM sortu zuen (KURAIA Elektroakustika eta Multimediako laborategia). Lehen urtean presidente izan ostean, 2002az geroztik hartako Zuzendari Artistikoa da Luc. KLEM laborategian lan eskerga egiten du soinu-arteko korronte berrien ikerketa, prestakuntza eta dibulgazioan nahiz diziplina arteko sormen arloan.

Hirugarren aro horretan garatzen da bete-betean konpositore gisa duen sormenerako gaitasuna. Aurrez aipatutako Enbat (2000) obraz gain, jarraian adierazten diren obrak nabarmendu behar dira Luc berak ezarritako irizpidearen araberako hurrenkeran: Red (2006) sol notan flautaz interpretatzeko, Donostiako Musika Hamabostaldiak enkargatua eta Donostiako Kursaal Jauregian Mario Caroliren eskutik estreinatu zena; Apocalipsis (2006) orkestra sinfonikoak interpretatzeko, Bilboko Orkestra Sinfonikoak enkargatu ziona eta Euskalduna Jauregian estreinatu zena; You septetoa (2008) INAEMek diruz lagundutakoa eta Guggenheim Museoko Auditorioan estreinatu zena Ensemble Kuraia taldearen eskutik; Zephirus (2008) klarinete baxuz, organoz eta elektroakustikaz interpretatzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagundua eta Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko Auditorioan estreinatu zena Dúo Levent taldearen eskutik; Dao I (2002) obra elektroakustikoa; Vuelos Migratorios (2003) biolin, saxofoi, elektroakustika, dantza eta bideorako, Donostiako Festival Plazak enkargatua eta Koldo Mitxelena Zentro Kulturalean estreinatu zena; Sua (1998) kinteto instrumental eta sintetizadorez interpretatzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagundua eta Pariseko Goethe Institut delakoan estreinatu zena Ensemble de l'Arcema taldearen eskutik; eta Rezongo Lerdo (1999) saxofoi, tenore eta perkusiorako, Claude Delangle saxofoi-jotzaileak enkargatua eta Strasbourgeko Musika Jaialdian estreinatu zena.

Sormen horrekin bat etorriz, jasotako sarien zerrenda are gehiago luzatzen da: Aipatutakoez gain, Nada es Mejor flauta, klarinete, biolontxelo eta pianoz interpretatzeko obrari esker, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ematen duen Musika Garaikidearen Sormenerako Saria jaso zuen (1999); Dao obrak SGAEren Musika Elektroakustika arloko II. saria eman zion (2003) eta elektroakustika, dantza eta bideorako sortu zuen La ciudad infinita obrari esker Bourgesko Musika Elektroakustikako nazioarteko lehiaketan Aipamen Berezia ukan zuen (2005). Orobat, jasotzen dituen enkargu eta diru-laguntza ugariek argi erakusten dute bere sormenak jendetzaren aitorpena duela.

Lucen obrak areto eta jaialdi askotan interpretatu izan dira, aipatutakoez landa: Reina Sofia Arte Zentroa (Madril); Kunitachi College of Music delakoaren Sonologiako Departamentuan Tokion; Théâtre du Port de la Lune - Salle Antoine-Vitez - (Bordele, Frantzia); Academia Internazionale della Musica (Milan, Italia); La Pedrera Eraikina - Gaudi Aretoa- (Bartzelona); MACBA Auditorioa (Bartzelona); Bilboko Arte Ederretako Museoa; XII Cicle de Música del segle XX (Bartzelona); Sevillako Jaialdia (Central Antzokia); Errenteriako Musikaste Jaialdia; Londreseko Royal Academy of Music; Erromako Goethe Institut; Perpignango Aujour d'hui Musique jaialdia, etab. Bere obrak solista, talde eta orkestra garrantzitsuk interpretatu dituzte, besteak beste, Mario Caroli, Jean Pierre Dupuy, Elena Gragera, Pierre Strauch, Caude Delangle, Jean Geoffroy, Maria Berta Fresco, Roberto Arosio, Iñigo Ibaibarriaga, B.O.S. (Bilboko Orkestra Sinfonikoa), Octeto Ibérico de violonchelos, Ensemble Proxima Centauri, Ensemble KURAIA, Ensemble Oiasso Novis, Grupo OCTANDRE, Ensemble de l'Arcema, Grupo LIM eta Grupo Encuentros de Música Contemporánea.

Harizko orkestra

  • Omega (1989);

Ganbera orkestra

  • Caballeros de Media Noche 2. bertsioa (1994);

Orkestra sinfonikoa

  • Vieja guardia (1995);
  • Enbat (1999-2000) txistu, txalaparta, marinba, orkestra sinfoniko eta soinu elektroakustikoz interpretatzeko;
  • Apocalipsis (2006)

Bi instrumentu

  • Rezongo Lerdo (1999) saxofoi, tenore eta perkusiorako,

Hiru instrumentu

  • Tanatos (1985) biolin, biola eta biolontxelorako;
  • Armonia delle Sfere (1985) klarinete, biolontxelo eta pianorako;
  • En la sala blanca y el espejo (1986) flauta, oboe eta klarineterako;

Lau instrumentu

  • Continuo (1983) harizko laukoterako;
  • Nada es mejor (1999) flauta, klarinete, biolontxelo eta pianorako;

Bost instrumentu

  • Assai (1990) flauta (sol notako flautaz interpretatzeko ere bai), klarinete (klarinete baxua ere bai), tronpa, bibafrono eta biolontxelorako;
  • Depart (1996) flauta (piccolo eta sol notako flautaz interpretatzeko ere bai), klarinete (klarinete baxua ere bai), biolin, biolontxelo eta pianorako;

Zazpi instrumentu

  • You (2008) piccolo, klarinete baxu, perkusio, piano, biolin, biola eta biolontxelorako;

Eraketa anitz

  • Caballeros de media noche, lehen bertsioa (1991) flauta (piccolo eta sol notako flautaz interpretatzeko ere bai), klarinete (klarinete baxua ere bai), bi perkusionista, zelesta, klabe, bi biolin, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua;
  • Nire aitaren etxea (2008) mezzo-soprano eta biolontxeloen zortzikotea.

Klarineterako

  • Los Personajes (1984);

Saxofoierako

  • Casi Orfeo (2008) -saxofoi baritonoa-;

Flautarako

  • Sombrías (1986),
  • Red (2006) -sol notako flautaz-;

Biolontxelorako

  • Lur (1997),

Pianorako

  • Centauros (1987),

Perkusiorako

  • Pendant (1997) Tutu formako kanpaiak, Zintzilikatutako platerak, Gong, Tam-tam eta bibrafonoa.

Elektroakustikoa

  • Studio (1987);
  • Standart (1988);
  • Dao I (2002),
  • Sama (2003);

Instrumentu solista eta elektroakustika

  • Shango (1998) saxofoi tenorerako zuzeneko tratamendu elektroakustikoz;
  • Centauros II (2001) piano eta elektroakustikarako;

Duo eta elektroakustika

  • Zephirus (2008) klarinete baxu, organo eta elektroakustikarako;

Trio eta elektroakustika

  • Tan Fugaz (2001) saxofoi, akordeoi, perkusio eta elektroakustikarako;

Sesteto mistoa

  • Sua (1998) flauta (piccolo eta sol notako flautaz interpretatzeko ere bai), klarinete (klarinete baxua ere bai), biolin, biolontxelo, piano eta sintetizadorea.

Elektroakustika eta multimedia

  • Dao II (2002) elektroakustika eta bideoa;
  • Underground, el canto de los oprimidos (2002) elektroakustika, dantza eta bideoa;
  • Tránsito (2003) ikus-entzunezko instalazio interaktiboa;
  • On the pravepvine (2003) elektroakustka eta bideo-instalazioa;
  • Vuelos migratorios II (2003) elektroakustika eta bideoa;
  • Metropolifonia I- La ciudad infinita (2004) elektroakustika, dantza eta bideoa;
  • Metropolifonia III-Leioa (2004) elektroakustika eta bideoa;
  • Subida al Pagasarri (2007) elektroakustika eta bideoa;

Instrumentu-multzoa, elektroakustika eta multimedia

  • Lamiak (2002) biolin, saxofoi, txalaparta, elektroakustika, dantza eta bideorako;
  • Vuelos migratorios (2003) biolin, saxofoi, txalaparta, elektroakustika, dantza eta bideorako;
  • Gaia (2004) flauta, saxofoi, perkusio, piano, elektroakustika eta bideorako.
  • Nire aitaren etxea, Elena Gragera eta Amsterdameko Cello Octet taldearen eskutik, Bas Wiegersek zuzendua (Entre cantabile y sonabilde, Verso, 2009);
  • Dao, elektroakustika hutsa (Musika Elektroakustikoko II SGAE Saria, SGAE, 2003);
  • Sua, Ensemble de l'Arcema (Euskal Herriko Musikagileak, 2000) eta Ensemble Kuraia taldeen eskutik, Juanjo Menak zuzendua (Kuraia, 1998);
  • Lur, Pierre Strauch biolontxelo-jotzailearen eskutik (Kuraia, 1997).